
Elantxobeko portuko Tinglaupean ikusgai dago ‘De Bizkaia de toda la vida’ erakusketa. Jon Uriarte eta Tomas Ondarraren izenburu bereko liburua du oinarri erakusketa ibiltariak, baina Elantxobera doitutako panelak ere baditu. Interesdunek domeka bitarteko epea dute doan bisitatzeko. Ondare erakusketak, gainera, audiodun atala eta herriko interesguneak biltzen dituen ibilbidea ere baditu.

Euskal Prospekzio Taldeak piztuko du Astrako sirena, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurreneko ekimenen baitan, Lobak taldeak gonbidatuta. Lobek euren lana aitortu gura diete prospekzio taldekoei, eta Eneko Madariaga Euskal Prospekzio Taldeko kideak proposamena «pozarren» hartu dutela dio.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreko langileak manifestazioan batu dira gaur Bermeon, patronalak lan hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" duela salatzeko.

Gernika-Lumoko Udalak Inma Ruiz atleta gernika-lumotarra omendu du. Europako, Espainiako eta Bizkaiko Pista Estaliko Txapelketetan lortutako garaipen, ohorezko postu eta markak gogoan izan dituzte, tartean, 800 metroko munduko errekorra eta 400eko Espainiakoa.

ELA eta LAB sindikatuak deituta mobilizatu dira gaur langileak, eta bi orduko lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte.

Palestinak "amets egiteko duen eskubidea" aldarrikatuko dute zapatuan Donostian, Gernika-Palestinak deituta. Herri ekimenak salatu du "palestinarren aurkako bortizkeriak ez duela etenik". AEBen eta Israelen "inpunitatea" gaitzetsiko dute, eta nazioarteko justiziak bere bidea egin behar duela aldarrikatu.

Busturiko Udalak Ur-Zelaiko jokalarien "ahalegina, konstantzia eta konpromisoa" aitortu ditu.

Maiatzaren 4an Muxikan lehiatuko dute eskolarteko txapelketaren hirugarren kanporaketa.