Bi orduko lanuzteak egin dituzte udal langileek
ELA eta LAB sindikatuak deituta mobilizatu dira gaur langileak, eta bi orduko lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte.
ELA eta LAB sindikatuek deituta, greba dinamika hasi zuten aurreko astean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal langileen sektorean, eta gaur [apirilak 23] lanuzteak egin dituzte 11:00etatik 13:00etara bitartean. Tarte horretan elkarretaratzeak egin dituzte udaletxe aurreetan.
Lanuzteetan udaletako zein udal erakunde publikoetako langileek parte hartu dute, eta 75 udal baino gehiagotan mobilizatu direla jakinarazi dute sindikatuek. Lanuztea egin eta mobilizazioetan parte hartu duten guztiak zoriondu dituzte sindikatuen ordezkariek.
EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteari eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijitzen diete Udalhitzeko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea, eta horretarako, “hemen eta orain” negoziatzea nahi dute: “Mobilizatzen ari garen langileok tokiko administrazioei, hauek gobernatzen dituzten alderdi politikoei zein EUDELi exijitzen diegu mahai-negoziatzaileetara edukiak orain ekartzeko, soldata eta enpleguari dagozkion gaiak hemen negoziatu behar direla aldarrikatzearekin batera”. Hain zuzen ere, EUDELek Udalhitzeko mahai-negoziatzailea deituta dauka biharko: “Gaurko lanuzteak eta langileek erakutsitako indarrak alderdi politikoak mugiarazi dituen edo ez ikuskizun dago, biharko mahai negoziatzaileko edukiek argituko digute hori”.

Argazkia: ELA / LAB
Salatu dute udal esparruan urte asko daramatzatela lan baldintzak hobetuko dituen “akordio integralik gabe”. eta mahai gehienak ez daudela martxan. Gogoratu duten legez, Udalhitzeko negoziazio mahaia iaz martxan jarri zen, eta 16 urtez berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago: “Baina Udalhitzen negoziazioan urte eta erdi pasa den arren, EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean, eta orokorrean, konkreziorik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan berdina gertatzen ari da”.
Greba egunak. Langileon aldarrikapenak mahai gainera ekarri bitartean, langileek argi daukate abiatu duten “borrokarekin jarraitu” behar dutela, eta horregatik, maiatzaren 14 eta ekainaren 4rako egindako egun osoko greba deialdiei eusten diete.
Gero eta gehiago direla aldarrikatu, eta lanean segitzearen beharra azpimarratu dute, hori delako Udalhitzen zein udaletako negoziazioetan edukiak “orain eskuratzeko modu bakarra”. Langileei dagokiena eskuratu arte alderdi politikoak presionatzen jarraitu behar dutela adierazi dute.
Gernika-Lumo. Gernika-Lumoko udal langileak hilabeteak daramatzate mobilizatzen, eta gaur udaletxearen, udal kiroldegiaren eta Correos aurrean elkartu dira langileak, eta udalak berak daukan erantzukizuna eta bereak diren eskumenak ere badaudela gogoratu dituzte. Negoziazio mahaia aktibatzea eskatzen dute, eta besteren artean, lanpostuen zerrenda eguneratua adostea, lanpostuak betetzea, lanpostuen balorazioa egitea, barne-sustapena, lan eskaintza publikoak, erretiroak edota zerbitzuen antolaketa daude eskarien artean, baita langileekiko errespetuzko tratua izatea ere.