Datorren astean hasiko dute Bizkaiko eskolarteko txapelketa
Maiatzaren 4an Muxikan lehiatuko dute eskolarteko txapelketaren hirugarren kanporaketa.
Datorren astean hasiko dute Bizkaiko eskolarteko txapelketa Bilbon. Lau kanporaketa jokatu ostean, Aulestin jokatuko dute finala, maiatzaren 30ean.
Astelehenean [apirilak 27] Bilbon lehenengo kanporaketa jokatu ostean, eguaztenean Durangon ariko dira. Maitzaren 4an Muxikan lehiatuko dute hirugarren saioa, eta maitzaren 6an, berriz, Igorren ariko dira bertsolari gaztetxoak.
Iaz hasitako bidetik, aurten ere idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 29an izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta biharamunean nagusiagoena. Bat-bateko finala ere maiatzaren 30ean izango da.
Gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera emateko helburuarekin, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dituzte eskolarteko txapelketak, eta azpimarratu duten bezala, “harremanak egiteko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen hasteko ere izaten da eskolartekoa”.
Martxotik ekainera bitartean, herrialde guztietan jokatuko dituzte eskolartekoak, eta herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute ekainaren 13an, Arantzan (Nafarroa).
Nafarroan martxoaren 13an jokatu zituzten kanporaketak Donezteben eta Iruñean, eta finala Leitzan jokatu zuten barikuan. Gipuzkoako eskolartekoa ere martxan da, eta bariku honetan Azpeitian erabakiko da. Araban, ostera, maiatzaren 14an Legution hasiko dute txapelketa, eta Aramaiok hartuko du finala, maiatzaren 23an. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazteek, berriz, maiatzaren 23an izango dute sailkatze saioa, Lartzabelan eta finala, berriz, ekainaren 7an jokatuko dute Itsasun.