Herri guztiek jaiotzeko, amets egiteko eta bizirik irauteko eskubidea dutela aldarrikatuko dute
Palestinak "amets egiteko duen eskubidea" aldarrikatuko dute zapatuan Donostian, Gernika-Palestinak deituta. Herri ekimenak salatu du "palestinarren aurkako bortizkeriak ez duela etenik". AEBen eta Israelen "inpunitatea" gaitzetsiko dute, eta nazioarteko justiziak bere bidea egin behar duela aldarrikatu.
Donostiko zapatuko mobilizaziorako deia.Gernika-Palestina Badira bi urte eta erdi bonba hotsek ez dutela etenik Palestinan. Eta bi urte baino gehiago dira Euskal Herritik Palestinarekiko elkartasuna adierazten ari direnetik: “Badakigu zer den gerra eta zer den suntsipena. Gernikak bizi izan zuen, eta horregatik ezin dugu isilik geratu”. Hala, Gernika-Palestina Herri Ekimenak deituta, Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan aterako dira herritarrak kalera, gerrari eta genozidioari “ez” esateko.
Zapatuan (apirilak 25), Donostian egingo dute hori, mobilizazioa 17:30ean aterako baita Bulebarretik, eta ibilbidearen amaierara ailegatzerakoan “genozidioaren eraginez hildako haurren omenezko eszenifikazio bat” eta ekitaldia egingo dute; dagoeneko, mobilizazioaren aldeko 250 atxikimendu baino gehiago bildu dituzte denetara. “Gernikatik, memoriaren eta jasandako basakeriaren herritik, bonbardaketaren 89. urteurrenaren bezperan, gerrei ez, genozidioei ez esateko elkartuko gara, ozen, tinko, herri guztiek jaiotzeko, amets egiteko eta bizirik irauteko duten eskubidea aldarrikatzeko”.
Herritarrak Palestinarren herria jasaten ari den erasoaldia salatzeko eta genozidioaren aurpegirik nabarmenena, “Netanyahu”, nazioarteko epaileen aurrera eramateko mobilizatuko dira. “Nazioarteko legedia beteko zela amets egiten genuen eta gerra kriminalak epaituak izatea ere bai. Nazioarteko erakundeek gatazkak konpontzeko ahalmena erakutsiko zutela eta gerra berriei ateak itxiki zitzaizkiela pentsatzen genuen”, diote. Baina palestinarren aurkako “bortizkeriak ez duela etenik” izan salatu dute: “Eraso ilegalak, laguntza humanitarioaren ukazioa eta herri oso baten eskubideak sistematikoki urratuak izan dira. Bortizkeria areagotu da eta genozidioa eta gatazka beste lurraldeetara hedatu da”. Ezin dela hori guztia onartu eta ezin dela egoera hori normaltzat gehitu dute: “Euskal Herriak ezin du besoak gurutzatuta geratu”.

Donostiko zapatuko mobilizaziorako deia.Gernika-Palestina
Israelek 2023ko urriaren 7an ekin zion Gazaren aurkako sarraskiari, eta behin-behineko su eten bat dago abian iazko urriaren 10etik. Bonba hotsak apaldu diren arren, Israelek aldian-aldian eraso egiten jarraitzen du, eta azken hilabeteotan palestinarren aurkako zenbait neurri hartu ditu; adibidez, Israelgo Parlamentuak delitu jakin batzuengatik espetxeratutako palestinarrei heriotza zigorra ezartzeako lege bat onartu zuen martxoaren 30ean.
Hala ere, Palestina ez dela “inoiz hilko” nabarmendu dute: “Hil, inoiz ez da hilko Palestina, egun munduan gertatzen ari diren basakerien muinean Palestinak jasaten duen sufrimendua dagoen arren. Bertako genozidioa ez gelditzearren egoera jasanezina da mundu osoan: Gerrak, biolentzia, blokeoak, goseteak, desplazamenduak eta etengabeko mehatxuak. Inpunitatea nagusi”.
Ondorioz, nazioarteko legedia “sistematikoki urratzen” ari dela diote, “indarraren logika nagusituz”: “Israel eta AEB gelditzen ez baditugu, inpunitate osoz jardungo dute. Ezin dute inpunitaterik izan, ezta Iran, Libanon, Kuban, Venezuelan edota Sudanen nahi duten erara jarduteko beren interes geoestrategiko eta ekonomikoengatik”.
Herriek dagoeneko epaitu dituztela diote, baina nazioarteko justiziak ere bere bidea egin behar duela azpimarratu dute, eta hori aldarrikatzera aterako dira kalera zapatuan: “Harreman ekonomiko, komertziak eta politikoek ezin dute normaltasunez jarraitu, ezta kultura edo kirol arlokoak ere”.