Abiaduran oinarritutako ibilbide oso bati omenaldia
Gernika-Lumoko Udalak Inma Ruiz atleta gernika-lumotarra omendu du. Europako, Espainiako eta Bizkaiko Pista Estaliko Txapelketetan lortutako garaipen, ohorezko postu eta markak gogoan izan dituzte, tartean, 800 metroko munduko errekorra eta 400eko Espainiakoa.
Bere kirol ibilbidean hamaikatxo lorpen eta helmuga harrapatutako Inma Ruizek merezitako omenaldia jaso du gaur [apirilak 23], Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Udal ordezkariek, Jose Mari Gorroño alkatea buru, atleta gernika-lumotarraren azken kirol balentriak gogoratu ditu, eta bereziki eskertu dio bizitza osoan “bertoko kirolaren eta herriaren alde” eginiko ekarpena.
Agerraldian parte hartu dute Euskadiko Atletismo Federazioko lehendakari Mikel Tejedorrek eta European Masters Athletics (EMA) erakundeko kide Jaume Ferretek; Ruizen senide zein adiskideek ere ez dute hitzordu hunkigarria galdu gura izan. Gaurko eta biharko atleten topagunea izan da kultur etxea: Judith Otazua, ibilbide oparoa lortzen ari den eta are oparoagoa aurretik duen atleta gernika-lumotarra, omenaldian egon da.
Ruizek ibilbide luzea du marka zein errekorrak gainditzen, baina lortu dituen azken kirol emaitzak oso aipagarriak dira, eta horixek omendu nahi izan dizkiote gaurkoan. Hain zuzen ere, Torunen (Polonia) lehiatutako Pista Estaliko Europako Txapelketan zilarrezko domina bi eskuratu zituen, 800 eta 1.500 metroko lasterketetan. Kontraktura batek bere parte hartzea mugatuagatik ere, gernika-lumotarra onenen pare azaldu zen, eta Karin Wahlstedt suediarra baino ez zuen izan aurretik. Aurretiaz, urtarrilean, 800 metroko distantzian pista estaliko munduko errekor berria ezarri zuen, Donostiak hartu zituen Pista Estaliko Gipuzkoako eta Bizkaiko Txapelketetan; 2.40,34an biribildu zituen lanak Ruizek.

Ez hori bakarrik: martxoan, Pista Estaliko Espainiako Txapelketan, 65 eta 69 urte bitartekoentzako F65 mailan debuta egin zuen gernika-lumotarrak. Debuta ez ezik, hitzordu hartan urrezko hiru domina irabazi zituen; 400, 800 eta 1.500 metroko lasterketetan parte hartu zuen, eta, hurrenez hurren, 01.18,99, 02.53,47 eta 05.54,81eko markak ezarri zituen. Hura gutxi ez, eta 400 metroko lehian Espainiako errekor berria ezartzea lortu zuen.
Inma Ruiz: “Nire egunerokoaren oinarria lasterka egitea da, baina, batzuetan, gelditzea eta lortutako guztia baloratzeko tarte bat hartzea ezinbestekoa da”
Omenaldia momentu “berezia” izan dela azpimarratu du atletak: “Emaitzak lortuta ere, kirolaria inoiz ez da guztiz ohitzen tankerako omenaldietara, duela bi urte beste ba jaso izan arren. Senideekin, lagunekin eta nire entrenatzailearekin une hau dastatzea oso polita da niretzat, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dit. Nire egunerokoaren oinarria lasterka egitea da, baina, batzuetan, gelditzea eta lortutako guztia baloratzeko tarte bat hartzea ezinbestekoa da; alde horretatik, erabat eskertuta nago”.