Genero arrakalarekin amaituko duen lan hitzarmen duina aldarrikatu dute
LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreko langileak manifestazioan batu dira gaur Bermeon, patronalak lan hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" duela salatzeko.
Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreak lan-hitzarmen duina aldarrikatzen jarraitzen du. Negoziazio mahaia 14 aldiz batzartu bada ere, negoziazioan intersindikala osatzen duten LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek “patronalaren blokeoa” salatu dute; horregatik, “presio areagotu” eta gatazka kaleetara zabaldu asmoz, mobilizazio egutegia antolatu dute. Gaur [apirilak 23] eman diote hasiera mobilizazio zikloari Bermeon, arrain-kontserba enpresetako langileen manifestazioagaz. Salatu dutenez, “patrolanak ez dauka benetako borondaterik” langileen aldarrikapenei behar besteko erantzuna emateko.
Sindikatuek salatu dutenez enpresarien azken proposamena “ez da nahikoa”, ez diolako sektoreak bizi duen prekarietateari konponbiderik jartzen. Intersindikalak gogorarazi du, gainera, hitzarmenaren negoziazioak ezin diola bizkarra eman sektorearen “egiturazko arazoari”, alegia, genero arrakalari: “Oso feminizatua den sektore baten aurrean gaude, eta bertan urteetan zehar soldata baxuak, aitortza profesional eskasa eta funtsean, emakumeek egindako lanen gutxiespen historikoa finkatu dira”. Horregatik, lan hitzarmenaren berritzeak “desberdintasunak zuzentzeko” balio behar duela aldarrikatu dute, “eta ez betikotzen jarraitzeko”.
Hamalau bilera egin ostean, intersindikalak “onartezintzat” jo du patronalak sektoreko langileen lan eta soldata baldintzak “benetan duintzea” ahalbidetuko luketen proposamenak egin ez izana: “Negoziazio mahaiko desadostasuna ez da desadostasun tekniko hutsa; blokeo egoeran gaude, prekarietateari eta arazo zehatzei erantzuna ematea eragozten baitute”.
Negoziazio mahaiak aurrera darrai, eta patronala bihar [apirilak 24] batzartuko da berriz intersindikalagaz. Akordioa iritsi bitartean baina, arrain-kontserba eta gazitunen sektoreko langileek “eguneroko esfortsuarekin sektorea sostengatzen” jarraitu ezin dutela salatu dute: “Egoera horri eusteak prekarietatea kronifikatzea eta genero ikuspegitik joera argia duen lan eredu bati eusten jarraitzea dakar”.
Patronalaren jarrera “modu esanguratsuan” aldatu ezean datozen asteetan “gatazka handituz” joango dela aurreikusten dute sindikatuek, sektoreko langileek hitzarmen duina, soldata hobekuntzak eta genero arrakalari aurre egingo dien neurriak jasotzen dituen hitzarmena merezi dutelako: “Bizkaiko kontserba sektoreko lan baldintzak prekarizatzen jarraitzen duen genero arrakalari aurre egiteko benetako neurriak merezi dituzte”.
Mobilizaziorako deia. Bermeon hasi duten mobilizazio egutegiak Ondarroan izango du jarraipena: apirilaren 30ean [eguena] manifestazioan batuko dira, 12:30ean, eta maiatzaren 16an [zapatua], Antxoa Egunean, elkarretaratzean. Maiatzaren 21a [eguena], berriz, greba eguna izango da Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektorean. Gaur gaurkoz aurreikusitako azken mobilizazioa maiatzaren 23an [zapatua] egingo dute, Bermeo Arrain Azokan.
CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deialdietan aktiboki parte hartu eta lantokietan antolatzeko deia egin die sektoreko langileei: “Esperientziak erakusten du negoziazioan edozein aurrerapauso langileen mobilizaziotik eta presio kolektibotik etorriko dela”.