Busturia Ur-Zelai Futbol Kluba, bigarren mailara
Busturiko Udalak Ur-Zelaiko jokalarien "ahalegina, konstantzia eta konpromisoa" aitortu ditu.
Bigarren mailara igoera lortu du Busturia Ur-Zelai Futbol KlubakBusturiko Udala Busturia Ur-Zelai Futbol Kluba erregional kategoriako bigarren mailako taldea da. Hirugarren mailan beraien onena emanda, maila igoera lortu dute busturiarrek eta zaleen berotasunean ospatu zuten zapatuan [apirilak 18], Itxas-Adarren. Busturiko Udalak bat egin zuen ospakizunekin, eta publikoki aitortu gura izan ditu udalerriko futbol taldearen lorpenak, kirolaren benetako balioak emaitzak gainditen dituela erakutsi dutelako: “Udalak publikoki aitortu nahi du taldea, bere dedikazioagtik eta gure herriaren balioak harrotasunez ordezkatzeagatik”.
Gune nagusiak kirol eliteetan zentratzen diren testuinguru batean, Aitor Aretxaga Busturiko alkateak Ur-Zelaiko jokalarien “ahalegina, konstantzia eta konpromisoa aitortu” nahi izan ditu, baita zuzendaritzaren kudeaketa eta “dedikazio lan bikaina” ere: “Zuen lana harro egoteko modukoa da udalerri osoarentzat, kirol arrakastagatik eta laguntasuna, mugak gainditzea eta herrian sustraitzea sustatzen dituelako, eta aldi berean, gure gizarte eta eta kirol ehuna indartzen dituelako”.

Herritarrekin ospatu zuten igoera zapatuanBermeoko Udala
Futbolarekiko pasioa ikasketekin, lanagaz eta bestelako erantzukizunekin uztartzen duten jokalariek osatzen dute “baliabide mugatuak” dituen Busturia Ur-Zelai Futbol Kluba; edonola ere, “berezko zailtasunei aurre” egiteko gai izan direla nabarmendu du Busturiko Udalak: “Taldearen ibilbidea etengabeko ahaleginaren, diziplinaren eta ilusioaren isla garbia da”.
Berdegunean lortutako emaitzez haratago, futbol taldeak Busturiako “lotura sozialak indartu” ditu, Itxas-Adar herritarren topagune bihurtu baita. Partida bakoitza kolektiboki partekatzeko, laguntzeko eta ospatzeko aukera gisa bizi izan dute: “Busturiaren ezaugarri diren kidetasun eta kohesio soziala indartu dira”.