Batzen kultur elkartearen eta Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkarteren eskutik, Ateak Ireki programaren baitan Euskal Herritik kanpoko gazteei aukera ematen zaie hiru asteko egonaldi bat familietan egiteko, hizkuntzaz, ohiturez eta kulturaz busti eta etorkizunean euskal komunitatearen aktibo izan daitezen.
Hala, hainbat urtez Goierri (Gipuzkoa) izan da zentroa, eta bertara estatubatuar eta kanadar gazteak eroan izan dituzte. Aurten, ostera, Busturialdea-Urdaibain zabalduko dizkiete ateak australiar, argentinar eta uruguaildarrei. Ekainaren 27tik uztailaren 19ra egingo dute egonaldia gazteek, eta HITZAtik jarraipen berezia egingo diogu programari; atal berezi honetan aurkituko dituzue albiste, argazki, bideo nahiz bestelako eduki guztiak.



