"Egunero elkarrekin gaude, eta talde polita osatu dugu"
Ana Calvaroso argentinarra gaur, Batzarretxean Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen ari den gazteetako bat da Ana Calvaroso. Buenos Airestik etorri da Busturialdera, eta Bermeon dauzka arbasoak. Hiru asteko egonaldi honetan, Bermeo du aterpe; bera eta beste neska argentinar bat daude etxe berean. Umetan ezagutu zuen Bermeo, eta, orain, oroitzapen askok bete dute: “Orain dela bi aste zendu zen aitona, eta bere ama bermeotarra zen. Emozio asko pilatu zaizkit. Bermeon egotea izugarria da. Hemengo familia bisitatu dut, eta esan didate ume nintzeneko oroitzapen asko dauzkatela”.
Iaz Gaztemundu programan parte hartu zuen bere ahizpak, eta haren bidetik jotzea erabaki du aurten berak. Azaldu duenez, programa hori formakuntzara bideratuta zegoen, esaterako, dantza edo musika ikasketetan sakontzeko: “Nire ahizpa musikaria da, eta hona etorri zen txistua jotzen duelako, eta gehiago ikasi nahi zuelako. Esperientzia asko gustatu zitzaion”.
Calvarosok urtarrilean eduki zuen Gaztemunduri Ateak Ireki programaren berri, eta euren euskal etxetik parte hartzera animatu zituzten. Hain zuzen ere, hamar gaztek izena eman zuten, eta horietatik hiru daude eskualdean: “Esperientzia oso ondo dago. Proposamen desberdina da, eta asko gustatzen zait. Agian sekula egingo ez genituzkeen gauzak egiten ari gara. Adibidez, herri kiroletan ibili gara; niri sekula ez zitzaidan okurrituko harri jasotzen aritzea…” Egin dituzten irteeretan asko gozatu du, eta euskara eskolak jasotzea gustuko duela nabarmendu du: “Etorri aurretik, euskara saio batzuetan parte hartu nuen. Alde linguistikoa asko interesatzen zait, eta programak euskaran sakontzea begi onez ikusten dut”.
Laurak Bat euskal etxeko kidea da, eta dozena bat urte daramatza euskal dantzak dantzatzen. Datorren urtean 150 urte beteko ditu zentroak, eta urteurren berezi hori prestatzen hasi dira dagoeneko: “Gaur egun martxan daudenen artean, munduko zentro zaharrena da. Batik bat ekitaldi kulturalak egiten ditugu, eta muslari asko ere badaude. Gure taldean 25 dantzari gara, 18-35 urte bitartekoak. Euskara eskolak ere ematen dira, eta frontoia ere badaukagu. Euskal etxera familien eskutik heltzen gara; umetatik istorioak entzuten dituzu, eta geratu egiten zara. Eta uste dut aurrerantzean ere hori gertatuko dela”. Urtean zehar jai jakin batzuk ospatzen dituztela kontatu du: Aberri Eguna, San Inazio Eguna eta San Migel Eguna. Horrez gain, Gernika-Lumorekin harreman estua dauka Laurak Bat-ek; izan ere, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean zentroan elkartzen dira, eta Gernikako Arbolaren oinordekoa daukate euskal etxean: “Aurten 120 urte bete ditu gure arbolak”.
Azpimarratu duenez, programa “ederra” da, eta parte hartzen ari diren gazte denak “oso pozik” daude: “Urdaibain gauden guztiok harreman oso ona daukagu; egunero elkarrekin gaude, eta talde polita osatu dugu”.