Hunkituta eta bueltatzeko gogoz
Lagunak, lekuak, oroitzapenak, esperientziak... pilatu dituzte hiru astez Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartu duten gazteek. Hunkituta eta eskertuta agurtu dira, eta bueltatzeko gogoz daudela azpimarratu dute.
Ateak, leiho berriak, besoak eta bihotzak zabaldu ditu Gaztemunduri Ateak Ireki programak. Eskualdeak eta bertoko herritarrek besoak zabalik hartu dituzte diasporako gazteak, eta hunkituta agurtu dira.
Batzen Kultur Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz bultzatutako Ateak Ireki ekimenak eta Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak bat eginda, euskal diasporako gazteekin “lotura eta harremanak zabaltzeko eta sendotzeko” helburua eduki du Gaztemunduri Ateak Ireki egitasmoak. Aurten, lehen aldiz, Busturialdea harrera-lurralde izan da, Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik. 18 eta 25 urte bitarteko Argentinako 23 gazte, Uruguaiko bi eta Australiako hiru egon dira eskualdean hiru astez. Goierrin, berriz, 22 gazte kanadar eta estatubatuarrez osatutako taldea egon da.
Hiru asteko egonaldia amaitu dute, eta gazte eta familiak zapatuan [uztailak 18] Mendatan elkartu ziren. Poteoak, herri bazkariak eta erromeriak osatu zuten agur jaiaren egitaraua, eta maitasun mezuz jositako ikurrinak eroan zituzten gazteek. Poztasuna, tristura, nostalgia… Emozioz betetako eguna izan zen, eta agur jai alai bezain hunkigarria. Lagunak, lekuak, oroitzapenak, esperientziak… maletak nahiz bihotzak bete-beteta dituztela bueltatu dira euren herrialdeetara.
“Harreman oso politak sortu dira, eta testigantzak hunkigarriak dira”
Martina Larraza programaren koordinatzaileak balorazio oso positiboa egin du, eta sortutako harremanak ipini ditu erdigunean: “Denak oso-oso pozik daudela ikusi dugu, eta familiek esan digute esperientzia oso aberasgarria dela. Gazte batzuek esan dute euren ametsa izan dela hau. Testigantzak benetan hunkigarriak dira. Harreman oso politak sortu dira, eta uste dugu etorkizunean mantenduko direla. Denok hunkituta gaude”. Berak esan modura, diasporako gazteek Euskal Herria “deskubritu” dute, “hobeto ezagutu” dute, baita euskal kultura ere: “Baina, batez ere, sortu diren harremanak dira programaren zatirik garrantzitsuena”.
Talde “oso polita” sortu dute, eta Larrazarentzat “erronka handia” izan da. Eurekin eskuz esku ibili da, eta berak ere hunkituta amaitu du. Bere hitzetan, gazte denek “errespetu handia erakutsi” dute: “Nahiz eta ordutegia eta programa intentsitatez beteak izan, egunero etengabe jarduerak eta ekintzak egiten egon garelako, beti pozik egon dira eta interesa erakutsi dute. Gainera, australiarren kasuan, kultura eta hizkuntza aldetik aldea egon arren, oso integratuta egon dira”.

Argentinako La Pampa probintziako Toay hiritik heldu zen Ona Sansinanea, eta taldeko gazteenetakoa da bera, 18 urte baititu. Programak asko eman dio, eta errepikatzeko prest dago: “Esperientzia zoragarria izan da. Bizi ez duenak ez du ulertuko. Hiru aste oso azkar pasatu dira, eta gehienok hemen geratu nahi dugu, ez dugu nahi bueltatu. Aparteko esperientzia da, eta beste mila bider biziko nuke. Beti etorri nahi izan dut, eta iaz zentroko lagun bat etorri zen. Dantza taldekoei esan zigun beka bat zegoela, eta hasieran beldur apur bat sentitu nuen, baina galtzeko ezer ez neukala ikusita animatu, eta izena eman nuen. Guztiz gomendatzen dut”. Foruan egin du egonaldia, etxeko sentiarazi dute, eta bertoko hamaika txoko ezagutzeko aukera eduki du: “Familia zoragarriarekin egon naiz, eta elkarrekin denbora asko konpartitu dugu; Ogoñon eskalatzen aritu ginen, Lagan egon ginen, baita herriko jai batzuetan ere, Omako Basoa bisitatu genuen… Gainera, hiru familia elkartu gara momentu askotan; izan ere, gure etxeko amaren ahizparen etxean egon da beste argentinar bat eta euren lagunenean beste bat”.
Zelaiko Euskal Etxeko kidea da Sansinanea; 4 bat urterekin hasi zen bertako dantza taldean: “Barikuro bi orduko entsegua egiten dugu, eta taldeko neskekin momentu oso politak pasatzen ditut”. Esperientziak eta dantzak batu ditu Sansinanea eta Lourdes Aguirre. Biak ala biak dantzariak dira, eta harreman estua sortu da euren artean. Buenos Aires probintziako Cañuelas hirikoa da Aguirre, eta bertako Denak Bat Euskal Etxean Euskal Arima dantza taldeko arduraduna da.

Lourdes Aguirre eta Ona Sansinanea
Hain zuzen ere, dantzari esker ezagutu zuen Euskal Herria. Euskal dantzak irakasten ibiltzen da, eta irakaspen ederrekin egin du etxerako bidea: “Musika askorekin noa, baita dantza berri askorekin ere”. Besteak beste, barikuan Ustaritzen egon ziren eta bertan ere dantza ikastaroa jaso zuten. Euskarak ere maiteminduta dauka, eta programak euskara ikasteko aukera eskaini dielako eskertuta dago. Hori izan da beretzat bidaiaren pizgarrietako bat: “Argentinan helduek euskararekiko interesa daukate, baina nerabe eta gazteen artean interes hori falta da. Barnetegira joateak ikuspegi berri bat ireki digu, hemengo kulturarako euskara zein garrantzitsua den ikusteko”.
Azpimarratu du “esperientzia oso ederra” izan dela: “Herri honetara bueltatzeko gogoz noa. 13 urterekin txunditu ninduen, eta 24 urterekin etorri ahal izan dut, eta txundituta nago. Gaztemundu programa egiten zenean, haren bitartez etortzen saiatu nintzen, baina ezinezkoa izan zen. Oraingoan, epemuga amaitzear zela izena eman nuen; etortzeko ilusioa neukan, eta hona etortzearen ametsa bete dudalako oso pozik nago”. Bermeoko harrera-familia batekin egon da, “hiru astez bermeotarra” izan da, eta udalerriaren eta bertako bizilagunen xarma berezia nabarmendu du: “Bermeo asko gustatu zait, baita Ibarrangeluko hondartzak ere”.
Harreman estu eta bereziak sortu ditu Gaztemunduri Ateak Irekik, eta Ainhoa Oar Urremendi Landa Garapen Elkarteko Gazteria saileko teknikariak adierazi legez, Euskal Herria ez ezik, Busturialdea ezagutzera emateko ere oso baliagarria izan da: “Hemengoa erakusteko, eskualdean eurentzako ekintzak prestatzea ohorea izan da. Guretzat gozamena izan da. Zer egin hautatu egin behar izan dugu; izan ere, programazio estu bezain zabala eduki dute, eta horra moldatuta, aukeraketa egin behar izan dugu. Uste dugu eskualdearen ikuspegi orokorra daramatela. Eskualdean lehenengoz egin da, eta dena oso ondo atera da”. Gazteentzat eurentzat zein familientzat esperientzia “oso ona” izan dela nabarmendu du.
“Eskualdearen ikuspegi orokorra daramate”
Oar izan da eskualdeko harrera-familietako bat. Bi gazte argentinar egon dira berarekin etxean, eta oro har gazteek eduki duten jarrera txalotu eta goraipatu du: “Programari oso eskertuta daude, baita familiei ere. Gure kulturarekiko daukaten interesa eta jakin-mina nabarmenduko nuke. Interes izugarria erakutsi dute”.
Gehienek euskal kultura eta euskara jaso dituzte euren euskal etxeetan eta familietan, eta Euskal Herrian egonda, jendea gazteleraz entzuteak harritu ditu: “Bertan euskal kultura zabaltzen dutela-eta, hemen zergatik ez den euskaraz horrenbeste egiten galdetu digute. Kalean jendea gazteleraz hitz egiten entzuteak atentzioa eman die, eta horrekin batera, jendeak euskal dantzak ez ikasteak harritu ditu. Euskal etxeetan dena da folklorea; eurek euskal kulturarekin guztiz lotzen dituzte hemengo dantzak, eta harrigarria egin zaie hemen denok ez jakitea”. Urremendiko teknikari zein harrera-familia modura, Oarrentzat esperientzia “oso-oso ona” izan da, eta oso eskertuta dago bera ere.
Larrazaren hitzetan, lehenengo pausoa eman du Busturialdeak, baina goizegi da datorren urteari buruz berba egiteko: “Oraindik ez dakigu datorren urtean hemen errepikatuko den edo ez; balorazioa egin behar dugu. Lehenengo urratsa eman dugu, eta beraz, hurrengo urtera begira, agian ,errazagoa izango da, baina oraindik ez dago erabakita”. Datorrena datorrela, Busturialdeak goxo hartu ditu diasporako gazteak eta horiek euren arrastoa utzi dute bertoko hamaika txokotan.