Esperientzia ahaztezinean murgilduta
Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen ari diren gazteak hamaika jarduera egin, eta hamaika txoko ezagutzen ari dira. Besteak beste, Batzarretxea bisitatu dute gaur.
Maletetan ilusioz eta istorioz beteta heldu ziren ekainaren 27an Busturialdera, Gaztemunduri Ateak Ireki programari esker. Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 28 gazte eskualdeko txokoak eta bertoko herritarrak ezagutzen ari dira. Askok harreman berezia daukate Euskal Herriagaz, hamaika istorio entzun dituzte, eta orain, esperientzia ahaztezinari esker, euren istorioak sortzen ari dira.
“Oso eskertuta eta oso pozik” daude, eta, era berean, nekatuta. Izan ere, astelehenetik barikura bitartean, egunero hainbat jarduera egiten dituzte, eta asteburuetan, berriz, harrera-familiekin egoten dira. “Intentsoa da, jarduera asko egiten ditugu; batetik bestera joaten gara, eta denbora gutxi daukagu atseden hartzeko”, azaldu du Martina Larraza Gaztemunduri Ateak Irekiko kideak. Larraza Busturialdeko taldearekin egoten da egunero, eta haren berbetan, sentipen eta emozioz betetako bidaia da honakoa: “Etorri diren gazteek euskal kulturarekiko, haien sustraiekiko eta haien arbasoekiko sentimendu handia dute. Euskara oso gutxi dakite, baina daukaten sentimendua hunkigarria da. Esperientzia oso polita izaten ari dela esan digute”.
Harrera-familien eta gazteen artean harreman bereziak sortu dira, eta hori ere bada esperientzia horrek daukan xarmetako bat: “Familiak oso jatorrak dira, eta gazteak eurekin oso pozik daude. Familiekin pasatzen duten denbora ere oso ederra da, eta eurekin beste esperientzia bat bizi dute. Hemengo benetako bizimodua bizitzen ari dira”. Adibidez, 24 urteko Ana Calvaroso Buenos Airestik etorri da Busturialdera, eta Bermeon dauzka arbasoak. Hiru asteko egonaldi honetan, Bermeo du aterpe; bera eta beste neska argentinar bat daude etxe berean. Umetan ezagutu zuen Bermeo, eta, orain, oroitzapen askok bete dute: “Orain dela bi aste zendu zen aitona, eta bere ama bermeotarra zen. Emozio asko pilatu zaizkit. Bermeon egotea izugarria da. Hemengo familia bisitatu dut, eta esan didate ume nintzeneko oroitzapen asko dauzkatela”.
Iaz Gaztemundu programan parte hartu zuen bere ahizpak, eta haren bidetik jotzea erabaki du aurten berak. Azaldu duenez, programa hori formakuntzara bideratuta zegoen, esaterako, dantza edo musika ikasketetan sakontzeko: “Nire ahizpa musikaria da, eta hona etorri zen txistua jotzen duelako, eta gehiago ikasi nahi zuelako. Esperientzia asko gustatu zitzaion”.

Ana Calvaroso argentinarra gaur eguerdian, Batzarretxean.
Calvarosok urtarrilean eduki zuen Gaztemunduri Ateak Ireki programaren berri, eta euren euskal etxetik parte hartzera animatu zituzten. Hain zuzen ere, hamar gaztek izena eman zuten, eta horietatik hiru daude eskualdean: “Esperientzia oso ondo dago. Proposamen desberdina da, eta asko gustatzen zait. Agian sekula egingo ez genituzkeen gauzak egiten ari gara. Adibidez, atzo herri kiroletan ibili ginen; niri sekula ez zitzaidan okurrituko harri jasotzen aritzea…” Egin dituzten irteeretan asko gozatu du, eta euskara eskolak jasotzea gustuko duela nabarmendu du: “Etorri aurretik, euskara saio batzuetan parte hartu nuen. Alde linguistikoa asko interesatzen zait, eta programak euskaran sakontzea begi onez ikusten dut”.
Euskal Herriaren historian sakontzeko ere aukera eskaintzen die programak, eta gaur [uztailak 7], Gernikako Batzarretxea bisitatu dute Busturialdean zein Goierrin dauden taldeek. Besteren artean, Bizkaiko Foruen historia, Bizkaiko Batzar Nagusien funtzioa eta Gernikako Arbolaren esanahia ezagutu dituzte; “bizkaitarrak izan direna eta gaur egun direna” ezagutu dute. Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak eman die ondo etorria, eta hark lagunduta ibili dira egoitzaren txoko guztietan barrena, eta Iñaki Goirizelaia Ordorika Batzen/Ateak Irekiko zuzendaria ere bertan egon da. Arratsaldean, berriz, Euskal Australiar Alkartearen erakusketa bisitatu dute Mundakan, eta Gaztelugatxeraino ere joan dira.

Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen ari diren gazteak arratsaldean, Mundakan.Euskal Australiar Elkartea
Irteerak.
Hain zuzen ere, askotariko jarduerak eskaintzen dizkie Gaztemunduri Ateak Ireki programak. Besteak beste, Urdaibaiko itsasadarrean kanoetan zeharkaldia egin dute eta Bilbo Donostia eta Iruñea bisitatu dituzte. Eta, Donostiako San Telmo Museoan eta Bilboko Euskal Museoan egon dira egunotan, baita Mundakako eta Agarreko jaietan ere. Izan ere, Euskal Herriko leku ederrak ezagutzeagatik eskertuta daude, baina, batik bat hemengo “ohiturez, kulturaz eta euskaraz bustitzea” da programaren helburua eta blai eginda amaitu nahi dute: “Bertoko jaiak ezagutzen ere ari dira; esaterako, Agarreko jaietako tortilla txapelketan parte hartu zuen gazte batek aurreko asteburuan, eta Busturiko San Kristobal auzoko jaietako danborradan aterako dira beste batzuk zapatu honetan”.
“Egunero elkarrekin gaude, eta talde polita osatu dugu”
Gazte asko dantzariak dira, eta Beasainen dantza ikastaroa jaso zuten egun batean Goierrin dagoen taldearekin batera: “Argentinar eta estatubatuar — Goierrin daude— asko dantzariak dira. Adibidez, Donostian, Neomak taldekoekin egon ginen, eta saio oso polita izan zen. Hizketaldi musikatua egin zuten, eta momentu batean, mutil estatubatuar batek txirula jo zuen eta argentinar batzuk dantzan aritu ziren eurekin”.
Programan parte hartzen ari den dantzarietako bat da Calvaroso. Laurak Bat euskal etxeko kidea da, eta dozena bat urte daramatza euskal dantzak dantzatzen. Datorren urtean 150 urte beteko ditu zentroak, eta urteurren berezi hori prestatzen hasi dira dagoeneko: “Gaur egun martxan daudenen artean, munduko zentro zaharrena da. Batik bat ekitaldi kulturalak egiten ditugu, eta muslari asko ere badaude. Gure taldean 25 dantzari gara, 18-35 urte bitartekoak. Euskara eskolak ere ematen dira, eta frontoia ere badaukagu. Euskal etxera familien eskutik heltzen gara; umetatik istorioak entzuten dituzu, eta geratu egiten zara. Eta uste dut aurrerantzean ere hori gertatuko dela”. Urtean zehar jai jakin batzuk ospatzen dituztela kontatu du: Aberri Eguna, San Inazio Eguna eta San Migel Eguna. Horrez gain, Gernika-Lumorekin harreman estua dauka Laurak Bat-ek; izan ere, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenean zentroan elkartzen dira, eta Gernikako Arbolaren oinordekoa daukate euskal etxean: “Aurten 120 urte bete ditu gure arbolak”.
Azpimarratu duenez, programa “ederra” da, eta parte hartzen ari diren gazte denak oso pozik daude: “Urdaibain gauden guztiok harreman oso ona daukagu; egunero elkarrekin gaude, eta talde polita osatu dugu”.