Gaztemunduri Ateak Ireki programarako harrera-familien bila ari dira
Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 28 gaztek bisitatuko dute Busturialdea. Hamar harrera-familia behar dituztela adierazi dute Gaztemunduri Ateak Ireki programaren arduradunek.
Gaztemunduri Ateak Ireki proiektuan lehenengo aldiz parte hartuko du Busturialdeak. Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 28 gaztek (Argentinako 23 gazte, Uruguaiko 2 gaztek eta Australiako 3 gaztek) egonaldia egingo dute eskualdean, euskara ikasiz eta euskal kulturan murgilduz: “18-25 urte bitarteko gazteak dira, euskal arbasodunak, eta gehienak euskal etxeetan aritzen dira”.
Gazteak hartzeko hainbat familiak izena eman dute, baina 10 familia falta dira etorriko diren gazte guztiak hartzeko. Edozein motako familia izan daitekeela gogoratu dute: bikoteak, seme-alabak dituztenak zein ez dituztenak edo pertsona bakarrak: “Besteren artean, Bermeo, Gernika-Lumo, Muxika, Busturia, Lekeitio, Markina-Xemein eta Getxoko familiak ditugu. Garrantzitsuena harreman berriak egiteko eta uda ondo pasatzeko gogoak izatea da”.
www.ateakireki.eus webgunean eta ateakireki@ateakireki.eus helbide elektronikora idatzita izena eman daiteke, eta informazio gehiagorako zein zalantzak argitzeko, 688 55 58 08 telefono zenbakira deitu daiteke.
Arduradunek azpimarratu bezala, “diasporako gazteekin sareak egiteko eta betirako harremanak sortzeko aukera paregabea da”. Azaldu dutenez, aurreko ekitaldietako Goierriko harrera-familietako gazteek Ameriketako Estatu Batuetan antolatutako udalekuetan monitore moduan parte hartzeko aukera izango dute aurten, eta asmo dute horrelako zubiak ere Argentinan zabaltzea Busturialdeko gazteentzat.
Busturialdeko egonaldiaz gain, 22 gazte kanadar eta estatu batuar Goierri eskualdean egongo dira: “Munduko euskal komunitateetako gazteei Euskal Herrira etorri eta euskal kulturan murgiltzeko aukera ematen dien ekimena da Gaztemunduri Ateak Ireki. Orain dela lau urte sortu zen Ateak Ireki proiektua eta orain arte Goierrin egin da Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako gazteekin. Horren arrakasta ikusita, aurten Busturialdea-Urdaibaira zabaldu dugu proiektua”. Batzen Kultur Elkarteak antolatutako proiektua da, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernuak, Goieki Garapen Agentziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak basbestuta.
Hiru asteko egonaldian askotariko jarduerak egingo dituzte, eta harrera-familietako gazteekjarduera horietan parte hartu ahalko dute: herri kirolak, bertsolaritza, dantza eta sukaldaritza tailerrak, irteerak, txangoak, itsasoko kirolak… Halaber, Zornotzako Barnetegian euskara eskolak jasoko dituzte, eta asteburuetan, aldiz, harrera-familiekin egongo dira.
Ekainaren 27an Busturiko Madariaga Dorretxean egingo dute harrera ekitaldia, 18:30etik aurrera. Egonaldian zehar, besteren artean, Gernika-Lumoko azoka eta Batzarretxea, Gaztelugatxeko Doniene eta Mundakan ipiniko duten Euskal Australiar Elkartearen erakusketa bisitatuko dituzte, eta itsasadarretik kanoetan eta Bermeo eta Elantxobe artean itsasontzian irteerak egingo dituzte. Gainera, eskualdetik kanpo ere bisitak eta irteerak egingo dituzte. Uztailaren 18an, berriz, Mendatan elkartuko dira, agur jaialdian.