"Bertoko ekoizleen historiak ezagutzea oso polita izan da"
Lucas Gabriel Alzuri uruguaitarra eta Cipriano Unzueta argentinarra Gernika-Lumon daude Gaztemunduri Ateak Ireki programaren hiru asteko egonaldian, eta gustura ibili dira gaur [uztailak 13] udalerriko merkatu plazan.
Kontatu dutenez, programan daukaten helburu nagusietako bat da euskara ikastea, eta baserritarrekin euskaraz egiteko aukera aprobetxatu dute: “Zornotzako Barnetegian ari gara euskara eskolak hartzen, eta hizkuntza oso interesgarria iruditzen zaigu. Gainera, bertoko ekoizleen historiak ezagutzea oso polita izan da; batzuek kontatu digute belaunaldiz belaunaldi postua mantendu dutela. Esaterako, neska gazte batek saldu dizkigu Gernikako Piperrak, eta esan digu normalean amona egoten dela hemen, baina oporretan dagoenez, bera etorri dela gaur”. Besteak beste, komunitate sentimenduak txunditu duela kontatu du Unzuetak.
Irakaspen asko jaso dituzte egunotan, eta horiek baliagarriak izango zaizkie. Besteak beste, diasporaren etorkizunerako proiektuak edukiko dituzte hizpide eguaztenean, eta Imanol Pradales Lehendakariarekin bildu eta berari aurkeztuko dizkiote: “Hemengo errealitatea ezagutzea, bertoko familiekin bizitzea, eta hemengo kultura barrutik ikustea izugarria da. Horri esker, agian sekula okurrituko ez litzaizkigukeen proiektuak edukiko ditugu bueltatzen garenean”. Euren arbasoen jatorriagatik “oso harro” daude; esaterako, Unzuetaren birraitona Aramaioko Ibarra elizatekoak ziren. Haren arreba bi Madrilen bizi dira, eta horiek bisitatzeko asmoa dauka.
Bestalde, Alzuriren arbasoak Nafarroakoak eta Iparraldekoak ziren, eta harrera-familiarekin, Baztanen, Arantza udalerrian egon zen atzo: “Oso ederra izan zen, eta nire ama oso emozionatuta egon zen; Uruguain Alzuri familia ez da hain handia, eta eskualde hartan horrenbeste Alzuri daudela ikustea harrigarria izan zen. Bestalde, Iparraldeko hainbat abizen dauzkat. Alzuritar bat sentitzen naiz, eta hemendik aurrera, baita euskaldun ere”.
Argentinarraren ametsa da ikasketak amaitu ostean, bertora bueltatzea: “Seguruenik, ikasketak amaitzen ditudanean, hona etorriko naiz bizitzera”. Harrera-familiagaz oso gustura dago, eta horiek euren esperientziak eta bizipenak berarekin konpartitu izanak ere esangura berezia dauka beretzat. Horien Belendizko baserrira ere joan da egunotan, eta euskal gastronomian murgiltzeaz gain, bertoko joko eta jolasak ere bertatik bertara ezaugutu ditu: “Txapel jaurtiketan ibili ginen, eta eurek umetan neba-arrebekin frontoian jolasten egoten zirela kontatu zidaten. Gainera, asteburuan nik gure gastronomiaren zati bat ere erakutsi nien, argentinar-errekia prestatuz, eta etxeko txakolina ere probatu genuen”. Sukaldaritza gustuko duela aitortu du, eta “bere saltsan” dabil Euskal Herrian: “Sukaldaritza ikastaroak egin ditut, eta Euskal Herriko gastronomia oso kuriosoa eta interesgarria iruditzen zait. Tokiko produktuekin lan egiten da, eta produktuak asko zaintzen dira “. Besteak beste, egunotan Basque Culinary Center bisitatu dute, eta bertan asko ikasi dute: “Hemengo ekoizle txikiek erakusten duten errespetua eta komunitate sentimendua islatuta ikusi ditugu gaur hemengo merkatuan”.
Euskal Herriko jendartearekin “maiteminduta” geratu dira argentinarra eta uruguaitarra, eta Gaztemunduri Ateak Ireki programari oso eskertuta daude gazte biak. Era berean, Euskal Herriari eta euskal herritarrei ere eskerrak eman dizkiete.
Hemen egindako lagunekin harremana mantenduko dutela nabarmendu dute. “Urrian Euskal Aste Nazionalean elkartuko gara Argentinan. Aurten, Villa Marian egingo dugu; ni bertakoa naiz, eta prestaketetan ari gara”, azaldu du Unzuetak. Hain zuzen ere, aste horretarako ideia eta proposamenez beteta bueltatuko da: “Hemen bizitakoari esker, batzordera hainbat ekarpen egiten ari naiz; aurtengoa apartekoa izango da”. Alzurik ere ildo beretik hitz egin du, eta nabarmendu du euskal kultura “errespetuz bizi” dutela. Hemen jasotakoa euren herrialdera eramateko gogoz daude, eta horietan “hemengo berri” emago dutela hitz eman dute: “Guk ere konpartitzeko gauzak ekarri genituen. Kulturarteko trukea da programaren benetako esentzia”.