Eskualdera iritsi dira Gaztemunduari Ateak Ireki programako partaideak
Gaztemunduari Ateak Ireki programako parte hartzaileak Busturialdean daude jadanik. Iragan zapatuan [ekainak 27] egin zieten harrera ekitaldia, Madariaga Dorretxeko Ekoetxea Urdaibain, uztailaren 19ra bitartean Busturialdean egongo diren Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 28 gazteei. Ondoetorria jasotzeaz gain, eskualdearen luze-zabaleko etxeetan hartuko dituzten familiekin batu ziren zapatuan.
Euskal jatorriko gazteek osasuta dago espedizioa, eta euskaraz ikastea nahiz euskal kulturari buruzkoak ezagutzea izango dute helburu egunotan. 18 eta 25 urte bitarteko adina duten Argentinako 23 lagunek, Uruguaiko bik eta Australiako hiruk osatzen dute taldea, eta gehientsuenak euskal etxeetan ibiltzen dira.
Hunkituta eta bertoko bizimoduan murgiltzeko “prest” agertu ziren bidaideak; hurrengo hiru asteetan bidaide izango dituzten senideak, ostera, “pozarren eta onena emateko”asmoz. Ohorezko aurreskuagaz egin zieten ongietorria. Ondoren, Ziortza Olano Astigarraga mundakarrak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, aurrez aurre duten aukera “ahal bezainbeste probesteko” eskaera egin zieten parte hartzaileei: “Aurtengoa apustu urtea da Eusko Jaurlaritzarentzat, Gaztemundu eta Ateak Ireki programek bat egiten dutelako; diaspora desberdinetako 50 lagun batu ditugu Busturialdean eta Goierrin. Apustu itzela da, atzean behar handia daukana”.
Euskara eta euskal kultura epizentro, “denetarikoez gozatzeko” abagunea edukiko dutela azaldu zuen Olanok: “Ondo pasatu, eta jendeagaz bat egin; jende berria ezagutzeak lokarri berriak jaiotzea dakar, eta hori altxor erraldoia da”. Horregaz batera, konpromisoz eta prestutasunez jokatzeko eskakizun egin zien partaideei: “Proiektuarekiko eta haren alde beharrean ari direnekiko konpromisoz joka ezazue, beren lan eskerga aintzatesteko”.

Besteak beste, egonaldiak Gernika-Lumoko merkatura nahiz Batzarretxera bisitaldiak barnebilduko ditu, baita Gaztelugatxeko Donienera zein Euskal Australiar Elkarteak Mundakan ipiniko duen erakusketara ere. Ez hori bakarrik: Okaren ibaiadarrean barrena kanoa ibilbideak egitea aurreikusten dute, eta Bermeo nahiz Elantxobe artean, berriz, itsasontziak irteerak; eskualdetik kanpora ere irtengo dira. Egonaldiak iraun bitartean, ez dute asperdurarako betarik izango: herri kirolak, bertsolaritza, dantza edota sukaldaritza tailerrak jasoko dituzte, eta Zornotzako Barnetegian euskara eskolak hartuko. Uztailaren 18an biribilduko dute esperientzia, Mendatan egingo duten agur jaialdian.

Busturialdeko tropelaz gain, Goierrin 22 gazte kanadar eta estatubatuarrez osatutakoa ere badago. Hain zuzen ere, programa sortu zenetik egun arteko lau urteetan Ateak Ireki egitasmoa Gipuzkoako eskualde horretan egin izan da; Busturialdeko garroa, horrenbestez, autengo berrikuntza nagusia da. Proiektua Batzen Kultur Elkarteak antolatuta dago, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernuak, Goieki Garapen Agentziak eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak babestuta.