Gaztemunduri Ateak Ireki programakoak, herri kirol saioan
Sustabiz Fundazioko kideen eskutik, herri kirol saioan parte hartu dute Gaztemunduri Ateak Ireki programaren partaideek.
Esperientziak eta irakaspenak pilatzen ari dira Gaztemunduri Ateak Ireki programan parte hartzen ari diren gazteak. Ikasteko gogoa ez zaie falta, eta euskara eta euskal kultura ez ezik, bertoko kirolak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eduki dute egunotan.
Ekainaren 27an ailegatu ziren Busturialdera Argentinako, Uruguaiko eta Australiako 28 gazte. Bertoko harrera-familietan hiru asteko egonaldia egiteko gogotsu etorri ziren, ilusioz betetako maletekin, eta esperientzia aberasgarri bezain ahaztezina izaten ari da eurentzat.
Askotariko jarduerez betetako programazioa daukate, eta esate baterako, atzo arratsaldean [uztailak 6], Sustabiz Fundazioko kideen eskutik, herri kiroletan trebatu ziren, Gernika-Lumon. Trontza, aizkora, harri-jasotze, txokor-batze, txinga-eroate… Hainbat modalitate probatu zituzten, eta adi-adi entzun zituzten herri kirolarien azalpenak.
Gaztemunduri Ateak Ireki programaren partaideak uztailaren 19ra bitartean egongo dira eskualdean, eta bezperan, agur-jaian elkartuko dira Mendatan.