Albisteak

Zabalik da jada Madariaga Dorretxeko eskola programa didaktikoetan izena emoteko epea

Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak urtero martxan ipintzen duen Ingurumen Hezkuntzarako eta Sentsibilizaziorako Eskola Programa Didaktikoak urriaren 8an hasiko dira. Halanda be, horietan parte hartzeko interesa duten ikastetxe...

Busturiako Hitza

Kontxako banderak ihes egin dio Urdaibairi

Urdaibaiko arraunlariek ezin izan dute Kontxako bandera Bermeora eroan, hirugarren urtez jarraian. Lehenengo jardunaldian bakarrik lau segundu galdu ostean, bermeotarrak moralez eta ilusioz gainezka ekin zioten bigarren jardunaldiari, baina Kaikuko arraunlariak gehiago izan ziren Donostiako Badian (Gipuzkoa). Estropada ikusgarria egin ostean, Sestaoko taldeak merezita irabazi zuen denboraldiko garaikurrik preziatuena, Urdaibairen kaltetan. Kaikuk hasieratik apurtu zuen estropada, eta ziabogara heldutakoan sei segunduko aldea zuen dagoeneko. Atzetik Urdaibai denboraldiko trainerurik indartsuenari eusten ahalegindu zen, baina ezin izan zuen. Juan Mari Etxabe taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, “Kaiku traineru indartsuena izan da denboraldi guztian zehar, eta horiei irabazteko ezinbestekoa da arraunean ezinhobeto egitea”. Entrenatzailearen ustez, zenbait hutsegite txiki egin zituzten Kontxaren bigarren jardunaldian, eta hutsegite horiek garesti ordaindu zituzten. Urdaibaikoek “pena apur bat” dute Kontxako bandera Bermeora eroan ez dutelako, baina arraunlariek egindako lanagaz pozik azaldu da entrenatzaile gipuzkoarra, bigarren postuari eustea lortu baitzuten. “Kaiku horren hurbil izan ostean pena emoten du bandera etxera ez eroatea, baina ezin dezakegu gehiago eskatu” dio entrenatzaileak. Hala, Kaikuko taldekiak zoriondu gura izan ditu, bandera merezita irabazi dutela iritzita. “Datorren urtean indartsuago bueltatuko gara” esan du Etxabek.  

Busturialdeko Hitza

Bermeok bana bardindu du Portugaleteren kontra

Bermeo Futbol Taldeak partidarik galdu barik jarraitzen du 2012-2013 denboraldiaren hasieran. Bermeotarrak mailaz igoberriak dira, baina momentuz, Hirugarren mailako hiru partidak bardindu dituzte, eta eroso daude sailkapenaren erdialdean. Hain zuzen, sailkapeneko hamahirugarren postuan daude hiru puntugaz. Ligako hirugarren jardunaldian, Bermeok bana bardindu zuen Portugalete boteretsuaren kontra. Portugalete mailaz igotzeko hautagaietako bat da urtero bezala, eta horrenbestez, bardinketa garrantzitsua lortu zuten bermeotarrek joan den zapatuan. Etxeko zaleen babesean Portugaleteri aurre egitea lortu zuten bertokoek.  

Busturialdeko Hitza

Bihar jokatuko du Bizkaia Gernika Rugbyk Ligako lehenengo partida

Eskualdeko errugbi zaleek itxaroten zuten eguna heldu da: Bizkaia Gernika Rugby taldeak ligako lehenengo partida jokatuko du etzi, 17:00etatik aurrera. Ligari hasiera edarra emoteko, gainera, basurdeek derbi bati egin beharko diote aurre, Hernaniren kontra jokatuko baitute. Gernikarrek abenduaren 9an jokatu beharko lukete Hernaniren (Gipuzkoa) kontra, baina data horietan Amlin Cup Europa mailako txapelketa jokatu behar dutenez, gainontzeko taldeek baino astebete lehenago hasiko dute Liga. Jorge Gimenez taldeko entrenatzaileak azaldu duenez, partida gogorra izango da zapatukoa, Hernanik talde sendoa baitu. Azaldu duenez, liga hasieran ezustekoak egoten dira beti, eta, horrenbestez, «errespetu handiagaz» egingo diote aurre lehenengo partidari. Hernani igo berria izan arren, entrenatzailea ez da fidatzen, eta «partida ona» jokatu beharko dutela deritzo. Ligako lehenengo partida irabazteko basurdeek etxeko zaleen babesa izango dute, Urbietako zelaian jokatuko baitute. Gimenezen berbetan, liga etxean hastea «abantaila» bat da, baina ez da erabakiorra. Izan be, Ohorezko Mailan edozein taldek emon dezake ezustekoa etxetik kanpo. Entrenatzaile argentinarraren ustez, Hernaniko taldea zelaia estutzen ahaleginduko da, eta basurdeek kontrakoa egin beharko dute norgehiagoka irabazteko. «Zabal-zabalik jokatu behar dugu, baloia azkar mugituz», nabarmendu du. Hala eginez gero, irabazteko aukera asko izango dituztela deritzo. Jokalariak: Iñigo Urrutia (1. lerroa) Unai Lasa (1. lerroa) Fernando Iraizoz (1. lerroa) Svein Atxikallende (1. [...]

Gernika-Lumoko Hitza

Oinezkoak babeste aldera, Ariatzan eta Zugastietan semaforoak jartzea eskatu du udalak

Oinezkoen segurtasuna bermatze aldera, Muxikako Udalak Ariatza eta Zugastieta auzoetan pulsagailu bidezko semaforoak jartzea  eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Aitor Goldaraz alkateak azaldu duenez, kotxeak «abiadura bizian» ibiltzen dira errepidearen bi leku horietan, eta bidea zeharkatzea “oso arriskutsua” da oinezkoentzat. Hala Ariatzan eta Zugastietan egokitzapenak egitea “ezinbestekoa” dela deritzo. Udalak herritarren eskariei jaramon egin ostean erabaki du Aldundiarengana jotzea. Goldarazen berbetan, Muxikako Udalak hainbatetan eskatu du Ariatzan eta Zugastietan neurri bereziak hartzea, baina momentuz, ez dute Foru Aldundiaren erantzunik jaso.  Hala,  erantzuna heldu arte lanean jarraituko dutela jakinarazi du.

Gernikaldeko Hitza

Ate joka datoz andramariak

Busturialdeko Hitza

Egitarau zabala izango dute aukeran udazkenean umeek

Udan ez ezik, udazkenean ez dute aspertzeko betarik izango Gernika-Lumoko txikitxoenek; izan be, herriko Euskal Herria museoak eta Bakearen museoak eurei begirako egitarau zabala antolatu dute. Hala, Euskal Herria museoan, esaterako, irailean hasi eta azarora bitartean hainbat tailer izango dituzte aukeran Gernika-Lumoko umeek. Bestalde, Bakearen museoak Kids’ Guernica proiektuari lotuta prestatutako ekintza ugaritan parte hartu ahal izango dute hil honetan. Euskal Herria Museoa Iraila. -Irailak 8: Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Irailak 15: Basoak historian. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Irailak 22: Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Irailak 29: Elkanoren abenturak. 6 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. Urria. - Urriak 6:  Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Urriak 13: Pista jokoa museoan. 6 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Urriak 20: Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Urriak 27: Feriak eta gastronomia. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. Azaroa. - Azaroak 3: Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Azaroak 10: Montefuerte jauregia. 6 eta 12 urte bitartekoentzat. 17:00etan hasita. - Azaroak 17: Euskal kartelak. 4 eta 12 urte bitartekoentzat. - Azaroak 24: [...]

Gernika-Lumoko Hitza

Biomasa zentrala eraikitzeko erabakia bertan behera utzi du Bioforest enpresak

Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kideek jakinarazi dutenez, Bioforest SL enpresak Olabarri auzoan biomasa zentrala eraikitzeko erabakia “bertan behera” utzi du. Joaquin Iragorri plataformako kideak azaldu duenez, proiektuaren enpresa sustatzaileak “birritan” emon dio erabakiaren berri udalari, baina udal arduradunek ez diote enpresari erantzun. Are gehiago, Iñaki Madariaga alkateak komunikabide bati azaldu zionez,  proiektuak aurrera jarraitzen du, udalak ezbaitu enpresaren adierazpen ofizialik jaso. Iragorriren berbetan, alkatea “gezurretan” dabil. Dioenez, udalak 1,2 milioi euro inguruko zorra dauka, eta biomasa zentrala zorra kitatzeko modurik azkarrena da. Hain zuzen, zentrala eraikiz gero, Errigoitiko Udalak 1,8 milioi euro jasoko lituzke, baina Bioforest enpresak atzera egin ostean, diru sarrera ikaragarria galdu dute udal arduradunek. “Alkatea bakarrik geratu da, eta orain ez daki zer egin” nabarmendu du Iragorrik. Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kideek zentrala eraikitzeko oinarririk ez dagoela diote, eta horrenbestez, “pozik” azaldu dira enpresa sustatzaileak hartutako erabakiagaz. Iragorriren berbetan, biomasa zentralaren proiektua bertan behera uztea “eskualdeko herritarren garaipena” da, baina badaezpada, lanean jarraituko dute epailearen behin betiko jakinarazpena eskuetan izan arte.

Busturialdeko Hitza

Salmentak «jaitsi» ditu Merke-Merke azokak

Bermeoko txiki-erdi enpresen elkarteak (Berton) antolatuta Merke-Merke azoka izan zen beste behin be asteburuan. Amaia Galvan Bertoneko teknikariak azaldutakoaren arabera, «azoka ondo joan den arren, aurten salmentak apur bat jaitsi dira». Halanda be...

Bermeoko Hitza
Gehiago