"Nork bere lekutik eta elkarrekin", faxismoari feminismoz erantzungo diote
‘Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa’ lelopean kaleak hartzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Busturialdeko txoko guztietan ere aldarriz beteko dituzte kaleak.
Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurka, feminismoa lelopean beteko ditu kaleak Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna aldarriz betezeko helburuagaz, hiriburu eta herrietako kaleak beteko dituzte eguaztenean.
Martitzenean egin zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazioen eta aurtengo irakurketaren berri emateko prentsaurreko nazionala. Iruñeko Gaztelu plazako agerraldi horretan, Elene Lopetegi eta Amaia Zubieta mugimendu feministako kideek Azaroaren 25ean Euskal Herri osoko herri eta hiriburuetan “kaleak aldarriz, haserrez, amorruz eta garrasi ozenez betetzeko” deia egin zuten.
Zehaztu zutenez, 19:00etan hasiko dira mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Bilbon Kale Nagusiko 85. zenbakitik abiatuko dira; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, San Anton plazatik; eta Iruñean, Antoniutti plazatik. Baionan, aldiz, 18:30ean abiatuko dute martxa feminista.
Mezu erreakzionarioak lau haizetara zabaltzen ari diren garai honetan, argi ikusten ditu mugimendu feministak pertsona zaurgarrienek jasaten dituzten indarkeria egoerak: “Ez dira garai errezak”. Indarkeria eta zapalkuntzak betikotzen dituen “sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista” gaitzetsi dute, izan ere, sistema horren baitan “emakumeak, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak” zapalduenak direla uste dute. Baieztapen hori gero eta modu ageriagoan materializatzen ari dela ohartarazi dute feministek: “Faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez”.
Antiarrazismotik borrokan. Feministek azaldu dutenez, ez dute feminismoaren “instrumentalizazioa” onartuko “gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko”: “Ez ditugu diskurtso arrazistak onartuko feminismoaren izenean eta ez dugu gure segurtasunaren izenean polizia gehiago behar denaren ideia defendatuko”. Horren kontrako jarrera erakutsi eta “justizia feminista eraikitzen” jarraituko dutela argitu dute.
Azken urtean Euskal Herrian erail dituzten bost emakumeak gogora ekarri zitzuten berbaldian. “Indarrez eta goxotasunez betetako besarkada bana” bidali diete euretako bakoitzaren senide eta lagunei: “Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu”. Memoria kolektiboaren garrantzia azpimarratu zuten, “oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako tresna” baita. Euregaz batera, “munduko hamaika txokotan borrokan eta erresistentzian dabiltzan emakume eta sexu-genero disidente” guztiak gogoratu dituzte. Palestinan eta bertan borrokan dirautenengan jarri dute begirada: “Genozidioarekin amaitu!”.
Horregatik, Azaroaren 25ean etxean ez geratzeko eta antolatzeko deia zabaldu dute: “Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukapenaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, eta gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean”.
Orain arte egin bezala, instituzioei ere dagozkien ardurak hartzeko eskatu diete. “Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka” antolatuko direla azpimarratu dute. “Anaidia sostengatzen ari diren gizonen eta antifeminismoa antolatzen ari direnen aurka” lanean jarraituko dute helburu garbi bategaz: “Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez diren bizitzen alde”.
Jardun sozialista. Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak “gero eta bortitzagoa” den indarkeria matxistaz ohartarazi du. Egoera horren aurrean, eskuina eta ultraeskuinaren erantzukizuna seinalatzeko beharra ikusi du antolakundeak, “emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak” normalizatzen eta “erasotzaileen inpunitatea” indartzen dutelako. Emakumeak “lehen lerroan” jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, euren jarduna beharrezkoa baita “matxismoaren eta faxismoaren aurka” borrokatzeko.
Bide berean, Itaiak agintean dauden “ezkerreko alderdien jarduna” izan du hizpide: “Indarkeria matxista ez dute lehentasunezko auzitzat hartu, eta instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu dute erantzuna, gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe”. Hala, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatuko da antolakundea.
Beste urrats bat. Emakundek, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek indarkeria matxistaren aurrean “indarkeria matxistaren aurrean pertsona bakoitzak hartzen duen tokiari buruz hausnartzeko” deia egin dute. Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du lelopean abiatu dute aurtengo kanpaina, eta herritarrak animatu nahi dituzte “edozein indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean jarrera proaktibo bat izatera”.
Aurten, “beste urrats bat” eman nahi dute indarkeria matxista jasaten duten emakumeek komunitate bat eratu ahal dezaten. Egoeraren larritasunaz ohartarazi dute, izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako “ia 5.000 emakumek” salatu dute aurten indarkeria matxistaren kasuren bat. Horren aurrean, “jarrera aktiboa” sustatzen jarraitu nahi dute indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko: “Pentsa dezakegu, indarkeria matxista bezalako egiturazko arazo baten aurrean, gure jarrerak ez duela eraginik. Baina, egia esan, indarkeria matxistaren aurrean ez dago leku neutralik, eta pertsona bakoitzak aukeratzen duen lekuak dena alda dezakeela” azpimarratu zuen Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak kanpainaren aurkezpenean.
Esther Apraiz EUDELeko presidenteak herritarren inplikazioa eskatzeko hartu zuen hitza: “Udalerri eta komunitate osoak mobilizatzea, laguntzea eta indarkeria matxistari aurre egiten behar diogu. Emakumeen aurkako indarkeria gaitzestea garrantzitsua da, baina ez normalizatzea eta isilik ez egotea ezinbestekoa da. Inplikazioak irtenbidearen parte egiten gaitu”.
Aldarriak geurean zabalduz. Hiriburuetan egingo duten bezala, “faxismoari feminismoz erantzungo” diote Busturialdeko herritarrek. Herriz herri, hainbat mobilizazio deitu dituzte eskualdeotako herri eragile feministek.
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak ikus-entzunezkoak eta gazteentzako tailerrak antolatu ditu. Gainera, ikastetxeekin Beldur Barik ekimena jarri dute martxan. Azaroaren 25erako Gernika-Lumoko Sare Feministak Merkuriotik hasiko du mobilizazioa 18:30ean; Itaiak, aldiz, 19:00etan. Egurre Gazte Asanbladak Itaiaren deialdiagaz bat egingo du.
Bermeoko Mugimendu Feministak 19:00etan Taraskan batzeko deia egin du Azaroaren 25erako. Udalak ekitaldi instituzionala egingo du goizean, eta azaroaren 26rako Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua oinarri duen irakurle txoko feminista antolatu du.
Ibarrangelun Nagore Laffage gogoratuko dute Azaroaren 25ean. Elkarretaratzearen ostean, Asun Casasola Laffageren amaren berbak entzuteko aukera edukiko dute ekitaldi bereziki hunkigarri baten.
ARRATZU
Azaroak 27, barikua.
19:30. Ze esatona? bakarrizketa Arratzuko aretoan, Janire Atxurraren eskutik.
BERMEO
Azaroak 25, eguaztena. 12:00. Ekimen instituzionala, Goiko Plazan.
19:00. Elkarretaratzea, Bermeoko Mugimendu Feministak deituta.
Azaroak 26, eguena.
18:30. Irakurle txoko feminista liburutegian, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuagaz, Bermeoko Udalak antolatuta.
BUSTURIA
Azaroak 23, astelehena.
18:00. Volar dokumentalaren proiekzioa.
Ostean, Hausnarketa solasaldia, Altamirako plazan.
Azaroak 25, eguaztena.
18:00. Adierazpen Instituzionalaren irakurketa, Altamira plazan.
EA
Azaroak 25, eguaztena.
18:30. Mobilizazioa, Eako plazan.
Azaroak 28, zapatua.
19:00. Maitasuna ez da nahikoa ikuskizun poetiko musikala, Amorante, Mariluz Esteban eta Itziar Garaluzegaz, Eskolondon.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Azaroak 25, eguaztena.
19:00. Elkarretaratzea, plazan.
GERNIKA-LUMO
Gaur, barikua. 20:00. No estas loca, Maria Bestarren dokumentalaren proiekzioa, Lizeo antzokian. Gernika-Lumoko Udalak antolatuta.
Azaroak 23, astelehena.
18:30. Laneguna eta propaganda jartzea, Egurre gazte asanbladaren eskutik.
Azaroak 25, eguaztena. 17:30. Jolas tailerra Zibu Zaburen eskutik, Udal Liburutegian Gernika-Lumoko Udalak antolatuta.
18:30. Mobilizazioa, Merkuriotik, Gernikako Sare Feministak deituta.
19:00. Manifestazioa, Merkuriotik, Busturialdeko Itaiak antolatuta.
Azaroak 27, barikua. 17:00. Proiekzioa eta txurroak gaztetxean, Egurre gazte asanbladaren eskutik.
17:30. Kamaleoiaren azala Odei Arregi ipuin kontalariagaz, Udal Liburutegian.
IBARRANGELU
Gaur, barikua.
18:00. Nagore Laffage dokumentalaren proiekzioa, Kultur etxean.
19:15. Solasaldia Asun Casasolagaz, Kultur etxean.
Azaroak 25, eguaztena.
19:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.
MUNDAKA
Azaroak 25, eguaztena.
18:00. Mobilizazioa.
Ostean. Lapse kolektiboaren ekitaldia.
MUXIKA
Azaroak 25, eguaztena.
Goizean. Urretxindorra eskolako LH5 eta LH6ko ikasleek Maripiren desagerpena tailerra egingo dute, Scape room formatuan, Zubieta-Errota liburutegian.
NABARNIZ
Azaroak 28, zapatua.
18:45. Una joven prometedora filmaren proiekzioa, Gizarte lokalean. 16 urtetik gorakoentzat.
Azaroak 29, domeka.
13:30. Elkarretaratzea, plazan.
SUKARRIETA
Azaroak 25, eguaztena.
12:00. Elkarretaratzea, udaletxe aurrean.