Herri bihotzaren nahiz auzo taupadaren jaiak
Bihartik hilaren 19ra bitartean ospatuko dituzte bermeotarrek Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Udalak, txosna batzordeak eta herriko eragileek ohitura eta berrikuntza uztartzen dituzten jarduerez osatutako egitaraua ehundu dute.
Bermeotarren agendetako hamarraldirik bereziena, irailaren 7tik 16ra bitartekoa, hastear da: Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, Bermeoko ospakizun nagusiak, ate joka daude. Udal ordezkaritzak eta udalerriko talde zein eragileek elkarlanean prestatu dituzte jaiok, eta aurten, herriaren “tradizioari eusteaz” gain, inklusibotasunari eta kalitatearen “bermeari begirako hainbat berritasun” edukiko dituzte.
Asko eta asko izango dira jaiek irauten duten artean protagonismoa izango duten elkarte nahiz norbanakoak, baina aurten bi bermeotar gailenduko dira: Garoa Martinez eta Iñigo Garro. Lehenak txupinazoaren unean Nadia Nemeh alkateari lagun egingo dio udaletxeko balkoian, hura baita jaietako pregoilaria.
Bermeotarrek bozketa bidez erabaki ohi dute, hiru aukeraren artean, jaiei hasiera nork emango dien, eta azkenean herriko halterofilia txapelduna izan da boto gehien jaso dituena. 1.007 boza jaso dituzte guztira, horietako 464 (%46) kirolariaren aldekoak. Gainontzeko bi aukerak 300 boto jaso dituen Bermeoko Erraldoien Konpartsa (%30) eta 243 eskuratu dituen Alkartasuna Dantza Taldea (%24) izan dira. Udaletik “eskerrik beroenak” eman dizkiete hirurei, “Bermeoren izena zabaltzeko eginiko beharrarengatik”.
Garrok, bestalde, Arrantzale Egunean, lore eskaintza eta omenaldia jasoko ditu. Hain zuzen ere, Garrok 19 urtez jarraian antolatu du Arrantzale Eguneko omenaldi ekitaldia, eta aurten egitasmoaren beste aldea ezagutzea suertatuko zaio. “Itsasoaren eta tokiko arrantzaren munduari egin dizkion ekarpenak” eskertuko eta omenduko dizkiote.
Inklusibotasuna, zutabe.
Aurtengo egitarauri dagokionez, Endika Etxebarria Kultura zinegotzia hala Bermeoko Jai Batzordeak, nola Bermeoko Txosna Batzordeak “urte osoan zehar” egindako lanaz mintzo da: “Bermeokoak herritarrek herritarrentzat prestaturiko jaiak dira, eta horrek egiten ditu herrikoi eta parte hartzaile”.
Endika Etxebarria: “Bermeokoak herritarrek herritarrentzat prestaturiko jaiak dira, eta horrek egiten ditu herrikoi eta parte hartzaile”
Hain zuzen, herritar guztien inklusibitatea izango da aurtengo bandera nagusia. Joandako urteetan abiatutako neurriei eusteaz gain, urrats berria egingo dute: Lamerako kontzertugunean mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma ipiniko dute. Gurpildun aulkian dabiltzan eta gutxienez %33ko desgaitasuna duten herritarrei zuzenduta egongo da. Inklusibitatearen aldeko apustua ez da hor amaituko: aurten ere zeinu hizkuntza txertatuko dute txupinazoko pregoiaren irakurketan.
Oraingoan ere, txupinazoa 20:00etan egingo dute, herritarrik gaztetxoenek ere “jaien hasieraz goza dezaten”. Bai su artifizialak, bai Xixiliren doluzko ibilbidea, aldiz, 21:30ean egingo dira. Barraka isilak ere mantenduko dituzte, eta gaur zein hilaren 14an “prezio herrikoiak eta ordutegi isilak” edukiko dituzte; 21:00rak arte musika barik ariko dira barrakak.
Egitarauaren aldetik ere egitasmo berririk egongo da. Batetik, bihar Salome Campos itsas igeriketa zeharkaldia berreskuratuko dute; bihar zortzi, ostera, Sukalki Eguneko lehiaketa ospatuko dute, Talan, Eleizalde Ikastolak antolatuta.
Herriko taldeen urtemugak.
Bermeoko hainbat talderentzat, jaiek eta urteurrenek bidegurutzean tupust egingo dute. Benito Barrueta Arte Elkartearen 75. urtemuga probestuz, urtero Arrantzaleen Kofradia Zaharrean antolatzen duten erakusketaz gain, beste erakusketa “berezi bat” prestatuko dute, Nestor Basterretxea aretoan: “Udalaren bilduma piktorikoko obrarik adierazgarrienetako batzuk bilduko dituzte”. Bihar egingo dute inaugurazioa; irailaren 9an izan ezik, 16ra arte bisitatzeko aukera egongo.
Bermeoko Erraldoien Konpartsak ere hogei urteko bidea beteko du, eta udalak erraldoien panpinak kaleratuko ditu. Lehen aleak irailaren 16an jarriko dituzte salgai, Santa Eufemia egunez. Alkartasuna Dantza Taldea da urtemuga ospatzen duen hirugarren eragilea, zehazki, 50 urteen muga.
Musikaz betetako jaiak dira aurtengoak. ETSk trazatuko du hasiera, txupinazo ostean. “Hainbat estilo eta proposamen” dituen programazioa prestatu dute, hamar egunez jaiari “soinu banda” jarriko diona. Cherry & The Ladies, Oxabi, Txapela Brava, Niña Dioz, Merina Gris, Akerbeltz eta Mariachi Imperial oholtzaratuko dira, “kalejira, elektrotxaranga edota trikitilari saioez gain”.
Jai egutegia Almikan hasiko da, hango Jai Batzordeak antolatutako jaiekin. “Gustu guztietarako hainbat proposamen” bilduko dituzte, etziko Untxi Sukalki Egunetik hasita. Astelehenean, Almikako jaitsiera izango da gailurra. Udalak herritarrei taldeka parte hartzeko gonbita luzatu die, multzo bakoitzak bere izena zein mozorroa aukeratuta eta izena emanda. Jaitsiera orduko, berritasunak txertatuko dituzte: musika jartzailea, mozorro lehiaketa eta turuta tailerra egongo dira. 18:00retan hasiko dute beheranzkoa.
Maite Caruezo: “Bizi ditzagun jaiak errespetuz eta askatasunez, inongo eraso barik”
Maite Caruezo Gazteria saileko zinegotziak jaiak “errespetuz eta askatasunez” gozatzeko deia egin du: “Bizi ditzagun jaiak askatasunez, inongo eraso barik”. Aurreratu du irailaren 7, 9, 11 eta 12an Bermibus Gautxoria martxan egongo dela, ordu erdiro, 00:00etatik 05:00etara. Gautxoria dagoen egunetan, Puntu Morea ere ipiniko dute, liburutegi alboan. Leku berean, irailaren 11n, alkohola kontsumitzeagaz lotutako arriskuak prebenitzeko zerbitzua egongo da, 21:30etik 00:30era.