Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, berritasunez beteta
Irailaren 7tik 16ra artean egingo dituzten Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak aurkeztu dituzte gaur [abuztuak 12]. Ohiturari eutsiz eta berritasunak txertatuz prestatu dituzte Bermeoko jai nagusiak. Garoa Martinez halterofiliako txapelduna izango da aurtengo jaietako pregoilaria.
Bermeotarren agendetako hamarraldirik bereziena, irailaren 7tik 16ra bitarteko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, ate joka daude dagoeneko. Gaur [abuztuak 12] aurkeztu dituzte Bermeoko jai nagusiak udal ordezkaritzak nahiz eragile antolatzaileen ordezkariek, eta aurreratu dute aurtengo jaiek, herriaren “tradizioari eusteaz” gain, inklusibotasunari begirako “hainbat berritasun” izango dituztela.
Nadia Nemeh alkateari irailaren 7an udaletxeko balkoian lagun egingo dion aurtengo pregoilaria zein izango den ere iragarri dute. Bermeotarrek bozka bidez erabaki dute, hiru aukeraren artean, jaiei hasiera ofiziala nork emango dien, eta azkenean Garoa Martinez halterofilia txapelduna izan da boto gehien jaso dituena. Aurten, 1.007 boza jaso dira guztira, horietako 464 (%46) kirolariaren aldekoak. Gainontzeko bi aukerak 300 boto jaso dituen Bermeoko Erraldoien Konpartsa (%30) eta 243 eskuratu dituen Alkartasuna Dantza Taldea (%24) izan dira. Udaletik “eskerrik beroenak” eman dizkiete hirurei, “Bermeoren izena zabaltzeko eginiko beharrarengatik”, eta Martinez pregoilaria zoriondu dute.
Jasotako 1.007 botoen %46 izan dira Garoa Martinez kirolariaren aldekoak, alegia, 464 boza
Aurtengo egitarauri dagokionez, Endika Etxebarria Kultura zinegotziak hala Jai Batzordeak, nola Txosna Batzordeak “urte osoan zehar” egindako lana azpimarratu du: “Bermeokoak herritarrek herritarrentzat prestaturiko jaiak dira, eta horrek egiten ditu herrikoi eta parte hartzaile”. Hain zuzen, herritar guztien inklusibitatea izango da aurtengo bandera nagusia. Joandako urteetan abiatutako neurriei eusteaz gain, urrats berri bat egingo dute aurten: Lamerako kontzertugunean mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma ipiniko dute. Udalak hilaren akabua orduko emango ditu horren gaineko zehaztapenak. Ez hori bakarrik: azken urteetan modura, aurten ere zeinu hizkuntza txertatuko dute txupinazoan.
Jaien ordutegiari eutsiko diote aurtengoan, alegia, txupinazoa 20:00retan egingo dute, herritarrik gaztetxoenek ere “jaien hasieraz gozatzeko aukera” eduki dezaten. Bai su artifizialak, bai Xixiliren doluzko ibilbidea, aldiz, 21:30ean egingo direla aurreratu dute. Barraka isilak ere mantenduko dituzte, eta irailaren 4an zein 14an “prezio herrikoiak eta ordutegi isilak” edukiko dituzte; 21:00rak arte musika barik ariko dira barrakak.
Bueltan direnak.
Kontzertuguneko plataforma ez da berritasun bakarra izango, egitarauko ekimenetan ere egitasmo berririk egongo baita. Alde batetik, irailaren 5ean Salome Campos itsas igeriketa zeharkaldia egingo dute berriro; 12an, ostera, Sukalki Eguna ospatuko dute, Talan, eta Eleizalde Ikastolak edukiko du hura atontzeko ardura.

Benito Barrueta Arte Elkartearen 75. urtemuga probestuz, urtero-urtero Arrantzaleen Kofradia Zaharrean antolatzen duten erakusketaz gain, beste erakusketa “berezi bat” prestatuko dute aurten, Nestor Basterretxea aretoan: “Bermeoko Udalaren bilduma piktorikoko obrarik adierazgarrienetako batzuk bilduko dituzte bertan. Bermeoko ondare artistikoa ezagutzeko eta balioan jartzeko aukera emango du erakusketak”. Irailaren 5ean egingo dute haren inaugurazioa, 19.00retan; irailaren 9an izan ezik, irailaren 16ra arte bisitatzeko aukera edukiko dute herritarrek, 19:00retatik 21:30era arteko ordutegian.
En Tol Sarmiento taldearen kontzertuak trazatuko du jaien hasiera musikala, irailaren 7an
Herriko arte elkartea ez da urtemuga berezia biziko duen bakarra izango: Bermeoko Erraldoien Konpartsak hogei urteko bidea beteko du aurten, eta, herritarrek “urteetan egindako eskakizunari” erantzunez, udalak erraldoien panpinak kaleratuko ditu. Lehendabiziko aleak irailaren 16an jarriko dituzte salgai, Santa Eufemia egunez.
Ohiko legez, musikaz betetako jaiak izango dira aurtengoak. En Tol Sarmiento taldeak trazatuko du jaien hasiera, irailaren 7an, txupinazoaren ostean, Lameran emango duten kontzertuagaz. Edozelan ere, “hainbat estilo nahiz proposamen” barnebiltzen dituen programazio musikala prestatu dute antolatzaileek, hamar egunez jaiari soinu banda jarriko diona. Besteren artean, Cherry and The Ladies, Oxabi, Txapela Brava, Niña Dioz, Merina Gris, Akerbeltz edota Mariachi Imperial oholtzaratuko dira. Dena dela, nabarmendu dute “kalejirak, fanfarreak, elektrotxarangak edota trikitilariak” ere egongo dira han-hemen.
Almikan, lehen urratsa.
Bermeotarren jai egutegia Almikan hasiko da, Almikako Jai Batzordeak antolatutako jaiekin. “Adin eta gustu guztietarako hainbat proposamen” bildu dituztela adierazi dute, irailaren 6ko Untxi Sukalki Egunetik hasita: “Egunean zehar irrintzi lehiaketa, nesken giza probak, umeentzako puzgarriak edota musika jartzailea egongo dira”.
Almikako jaitsiera taldeka egiteko deia egin dute; izena eman behar da, eta jaitsiera orduko berritasunak egongo dira
Hurrengo egunean, Almikako jaitsiera izango da gailurra. Iaz bezala, udalak herritarrei taldeka parte hartzeko gonbita luzatu die, multzo bakoitzak bere izena zein mozorroa aukeratuta. Aurreratu dute izena ematea ezinbestekoa izango dela, eta motordun ibilgailuak debekatuta egongo direla. Gainera, jaitsiera orduko, berritasunak txertatuko dituzte aurten: musika jartzailea, mozorro lehiaketa eta turuta tailerra egongo dira Almikan bertan. 18:00retan helduko diote beheranzkoari, Taraskaraino.
Irailaren 7, 9, 11, eta 12an Bermibus Gautxoria martxan egongo da, ordu erdiro, 00:00etatik 05:00etara
Maite Caruezo Gazteria saileko zinegotziak jaiak “errespetuz eta askatasunez” disfrutatzeko deia luzatu die herritarrei: “Bizi ditzagun jaiak askatasunez, inongo eraso barik”. Era berean, aurreratu du irailaren 7, 9, 11 eta 12an Bermibus Gautxoria martxan egongo dela, ordu erdiro, 00:00etatik 05:00etara artean. Gautxoria dagoen egun berberetan, Puntu Morea ere ipiniko dute liburutegiaren aldamenean, “zalantzak argitzeko, informazioa emateko eta behar duenari laguntza eskaintzeko”. Leku berean, irailaren 11n, alkohola kontsumitzeagaz lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua egongo da, 21:30etik 00:30era. Jaietako egitaraua biltzen duen liburuxka irailaren 1etik aurrera egongo da salgai, euro baten truke, Gizarte eta Kultura Etxean zein Turismo Bulegoan.
Txosna Batzordearen egitarauaz.
Udal ordezkaritzak, bestalde, azaldu du Txosna Batzordeak ere “egitarau zabala” antolatu duela, eta “musika, jolasak, tailerrak, lehiaketak, kale ekintzak zein kontzertuak” uztartuko dituztela. Irailaren 5etik 19ra artean egongo da zabalik txosnagunea, eta lehen egunean bertan hasiko dute Txosna Txikiren programazioa; 7an, berriz, Txosneroen Txupinazoa egingo dute. Osteko egunetarako, “denetariko ekintzak” dituzte aurreikusita.