Sukalki Eguneko lehiaketa berreskuratu dute
Eleizalde Ikastolak, Bermeoko Udalagaz batera, 2021az geroztik egin ez den lehiaketa antolatu du irailaren 12an [zapatua]. Arratsaldeko Talatik Goiko Plazarainoko jaitsiera ere berreskuratu dute.
Astebete falta da txupina bota eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei ongi etorria emateko. Hilaren 7tik [astelehena] 16ra [eguaztena] bitartean denetariko eskaintza izango dute bermeotarrek herriko jai nagusietan. Izan ere, egitaraua betikoari eutsita badator ere, berrikuntzek eta udalerrian esangura handia duten ekintzen berreskurapenak ere bere lekua dute aurten; Eleizalde Ikastolak, adibidez, “ilusio handiz” Sukalki Eguneko —irailak 12— lehiaketa berreskuratu du.
Eleizalde Ikastolak lehiaketaren sorreratik beregain hartuta zuen antolakuntzaren ardura, eta hala mantendu zen pandemia iritsi arte. 2021ean, “egutegi arazoak” tarteko, ezin izan zuten antolatu eta Bermeoko Udalak hartu zien lekukoa. 2022az geroztik baina, jaietako Sukalki Eguna mantendu bada ere, ez da lehiaketarik egin. Aurten, ordea, Eleizalde Ikastolaren eta udalaren eskutik egingo dute: “Ikastolako komunitatea zein herria entzun dugu eta hemen gatoz. Gainera, aurreko ikasturtean zein hastear dagoen honetan ikastolaren 60. urteurrena ospatzen gaudenez, polita dela uste dugu. Herriak sortu gaitu, eta orain herriari emandakoa itzuli nahi diogu”, nabarmendu dute Eleizalde Ikastolatik.
Herriarentzat ekitaldi “esanguratsua” da Sukalki Eguna, kuadrilak elkartu eta elkarrekin kozinatuz Talan “egun polita” igarotzeko aitzakia baita. Hala, mimoz prestatu du hitzordua ikastolak, herriko eragileen laguntzaz: “Guretzat garrantzitsua da elkarlana. Talan egiten denez, Talako auzo elkarteagaz eta Talako kantinagaz harremanetan jarri ginen; auzo elkarteagaz beraiek San Roke jaiak eta guk Sukalki Eguna antolatzea ebatzi genuen. Kantinako arduradunekin ostera bilerak egin ditugu eta horietatik jaio da Tartera lager garagardoa, kantina kudeatzeaz gain garagardoa ere egiten baitute”.
Talako kantinagaz adostu dute, bestalde, jasangarritasuna lehiaketaren ardatz nagusietako bat izan behar dela. Horregatik, sukaldatze eremua “ahalik eta gehien zaintzeko” helburuari tiraka, olioa bota eta berrerabili ahal izateko ontziak ipiniko dituzte estreinakoz. Gainera, ingurunearen zaintza bermatzeko garbiketa brigadak egingo dituzte: “Ordu jakin batzuetan, brigadaka banatuta, ingurua atontzen eta jendea kontzientziatzen arituko gara”. Horrez gain, lehiaketan izena emateko unean zabor-poltsak banatuko ditugu”.
Bermeoko ostalari, merkatari eta enpresak ere lehiaketa egin ahal izateko “ezinbestekoak” izan direla aitortu dute ikastolatik, horien konpromisoa eskertzearekin batera: “Beraiengatik ez balitz ezingo genuke lehiaketa egin, ez zelako saririk egongo. Lehen kopak egiten genituen, baina aurten ez da koparik egongo: sari guztiak herriko komertzioen ekarpenak izango dira. 37 komertzio inguruk bat egin dute, bakoitzak ahal izan duen ekarpena eginez; harrera oso ona izan da eta oso eskertuta gaude”. Era berean, ikastolako gurasoei ere eskerrak eman nahi izan dizkiote, lehen unetik boluntario gisa laguntzeko prest agertu baitira.
Umeentzako eskaintza.
Hezkuntza zentro izanik, umeentzat pentsatutako ekintzak antolatu behar zituztela iritzita, tailerrak eta jolas eskaintza ondu dute; Sukalki Egunez Talara bertaratzen direnek gildak prestatzen ikasteko aukera edukiko dute, besteak beste. Horrez gain, jai eremua girotzeko musika ere egongo da egun guztian zehar.
Beraientzako ekintzak antolatzea bakarrik ez baina, Eleizalde Ikastolako ikasleek antolakuntzan lagundu dute, beraien esku geratu baita Sukalki Eguneko kartelaren eta edalontzi berrerabilgarrien diseinua: “Eskulanen eskolaz kanpoko tailerra dugu, eta irakasle batekin bozeto ezberdinak egiten aritu dira, bana aukeratu arte”.
Lehiaketaz harago, arratsaldean Talatik Goiko Plazarainoko jaitsiera ere berreskuratu dute. 19:30ean ipini dute hitzordua, ibilbide berria izango duen jaitsiera denek batera egiteko: “Lehen Talan hasi eta herri guztian zeharreko ibilbidea egiten zen, baina luzeegia zen eta udalak esan digu kudeatzeko zaila izan daitekeela. Hala, jaitsiera zuzena egingo dugu, Talatik hasi, Alde Zaharrari bizi apur bat eman eta Goiko Plazan amaitu”. Gainera, jaitsieran lagun berezi bat izango dute bidelagun: Xixili.
EGITARAUA
- 11:00: Lehiaketarako izen ematea.
- 11:00 eta 11:30. Umeentzako gilda tailerra.
- 12:00/14:00. Umeentzako jolasak.
- 13:00. Kazolen aurkezpena.
- 17:00. Sari banaketa.
- 19:30. Talatik Goiko Plazara jaitsiera.