Berritasunez jositako eskaintza, ume zein helduen gozamenerako
Bermeoko Txosna Batzordeak hiru txosna ipiniko ditu aurten, eta boluntario bila dabiltza.
Atzerako kontaketa hasita dute dagoeneko bermeotarrek, berdin heldu zein umeek. Umeak izango dira, hain zuzen ere, Bermeoko Txosna Batzordearen eskutik, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan murgiltzen lehenak. Izan ere, jaien hasiera ofiziala astelehenean izango bada ere, bihar bertan ekingo diote Bermeoko Txosna Txiki umeentzako programazioari.
2017an, udalerriko hainbat eragile eta “militante independeteek” bat egin zuten txosna batzorde berria martxan jartzeko helburuagaz eta, geroztik, urtero-urtero beraien proposamenak ekarri dituzte udalerriko jai nagusietara. Aurten ere, egitarau “aberatsa” ondu dute, hainbat berrikuntzagaz datorrena.
Lameran “betiko karpa” ipiniko dute txosna batzordekoek, baina txosnagunea “handiagoa” izango da. Aurten ere txosnagune “bateratuaren” aldeko apustua egin dute bermeotarrek; hala, “herriko hainbat txosnakide eta txandalarik bat egingo dute jaietan, Ernai, Etxalak, Aske, Bermeoko Herri Ikastetxeko Familia kide eta Bermeoko Mugimendu Feministako militanteekin elkarlanean”.
Berrikuntza gisa, aurten hiru txosna jarriko dituzte, bi edarientzako eta hirugarrena, janaria erosteko. Horregatik, txandak egiteko “boluntario gehiago” beharko dituzte aurten: “Gure sare sozialetan —@bermeokotxosnabatzordea— zabaldu dugu esteka. Animatu daitezela lagunekin izena ematera; denon artean txosnak bete eta ondo pasatuko dugu”.
Berrikuntzak bertatik bertara ezagutu nahi dituztenek bihar hasi eta hilaren 19ra bitartean edukiko dute horretarako aukera. Txosna eremua txikienek irekiko dute, Ross Dantza Taldearen tailerraren eta Motx Pailazoaren ikuskizunaren ostean, 20:00etan, Txupinazo Txikia botata. Bermeoko Herri Eskolako Familia Elkarteak izango du horren ardura.
Hirugarren urtez egingo dute aurten Txosna Txiki txosna batzordeak eta herri eskolako familiek: “Aurten udalagaz ere ibili gara ekintza batzuk antolatzen, baita herriko beste eragile batzuekin ere”. Gainera, Bermeoko umeei zuzendutako programazioa bakarrik ez, “inguruko herrietakoentzako” ere badela nabarmendu dute.
Gauez ere jai
Bestalde, txosna batzordearen txupinazoa Ernaikoek botako dute astelehenean, ETS taldearen kontzertuaren aurretik.
Bingo musikatua, eskalada txosneroa… Txosna batzordearen egitarauan errotuta dauden proposamenek jarraipena izango dute aurten. Horiez gain, “gaueko giro ona” sustatu gura dutenez, gaueko jolasak ere egingo dituzte: Arrantzale Eguna luzatzeko, adibidez, 05:30ean Argazki Gaupaserue deitu dute.
Hilaren 9ko hitzordua, jaietarako finkatu dituzten beste hamaikagaz batera, Kuadrilen Lehiaren parte izango da. Parte hartu gura duten kuadrillek bihar arte dute txosna batzordeak sare sozialen bidez zabaldu duen esteka jarraituz izena emateko aukera: “Jendea Kuadrillen Lehian eta antolatu ditugun ekintza guztietan parte hartzera animatu nahi dugu”.
Protokolo feminista.
Txosna batzordeak, Bermeoko Mugimendu Feministagaz elkarlanean, “azken urteetako saiakera eta akatsetatik ikasi eta eraso sexista eta klasisten kontrako protokolo berria” ondu du. Erasoak saihestu eta jai giro erosoa sortzea “denon ardura” dela azpimarratu dute.
Protokoloak hiru esparrutan lan egingo du: pedagogikoki, prebentzioan eta erantzunetan: “Kolektiboki prestatu denez, ezagutzera ematen da, eta horrek denongan du eragina. Prebentzioan ere laguntzen du, askotan protokolo izateak saihestu egiten dituelako erasoak. Azkenik, erasoen aurrean erantzun irmoa eman nahi dugu; elkarlana beharrezkoa da”.
Aurten ez dute telefono zerbitzurik ipiniko, baina txosnara bertaratuta edo txapa morea daraman norbaiti abisatuz gero, protokoloa aktibatu ahalko da, formakuntza jaso baitute.