Mustafic eta De La Hera, arrainen bizkortasunez
Adnan Mustafic eta Andrea De La Hera nagusitu dira parte hartzailerik gehien hartu dituen Salome Campos igeriketa zeharkaldiaren proba nagusian. Itsas zeharkaldiak orain arteko parte hartzerik handiena eduki du: ia 800 lagun.
Andrea De La Herak eta Adnan Mustaficek Salome Campos itsas zeharkaldiagaz daukaten amodio istorioa zehar ezaguna da. Biek ala biek garaipena eskuratu izan dute Bermeoko portua eta Izaro uhartea lotzen dituen igeriketa lasterketan. Biek ala biek probaren garapena eta hazkundea bertatik bertara ikusi izan dute. Biak ala biak protagonista nagusi izan dira Busturialdeko uretan. Aurten, ez da gutxiagorako izan: X. aldian nagusi agertu ziren iragan zapatuan [irailak 7]. Hamargarren urteurrenak asko eduki zuen berezitasunetik eta intentsotik; izan ere, orain arteko parte hartze kota guztiak gainditu zituen eta, guztira, ia 800 igerilari uretaratu ziren portuan.
Urtero legez, 5.000, 1.500 eta 500 metroko zeharkaldiak lehiatu zituzten. Uretaratzen lehendabizikoak, 11:00etan, azken distantzia horretakoak izan ziren, alegia, gaztetxoenak. Kaiaren eremu barruan aritu ziren lehian 500 metrokoak, eta Celia Saenz de Cabezon (06.37) izan zen guztietan bizkorrena. Hori bai, gogotik sufritu behar izan zuen, segundo bakarra atera baitzion bigarren sailkatuari, Udane Aiestarani (06.38). Podiuma Leo Martinek osatu zuen (06.41).
11:25ean, 5.000 metroko zeharkaldiko igerilarien txanda iritsi zen. Egitasmoaren proba nagusia da bost kilometrokoa, triangelu itxuradun ibilbideagaz egiten dena eta Izaro irlaraino iristen dena. Lasterketa horretan gailendu ziren Mustafic (01.01.37) eta De La Hera (01.07.31). Gizonezkoen podiuma Guillermo Verdejok (01.02.46) eta Lucas Costak (01.04.46) osatu zuten, hurrenez hurren. Emakumezkoen artean, berriz, Alba Ortiz de Guinea (01.10.13) eta Lidia Saenz (01.11.15) egon ziren De La Heraren albo banatara. Azken horrek, gainera, gizonezkoak eta emakumezkoak barnebiltzen dituen sailkapenean bosgarren postua poltsikoratu zuen.
1.500 metroko zeharkaldiko parte hartzaileak uretararu ziren azkenik, 11:45ean. Distantzia horretan azkarrenak Enaitz Goñi (16 minutu), Jon Bacigalupe (16.27) eta Sergio Nieto (16.29) izan ziren. Lehen emakumezkoa seigarren postuan helmugaratu zen: Ariadna Malo (16.57). Bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren, Gregoria Martinez (17.23) eta Ona de Miguel (18.07) izan ziren.
Lehiaketa, finkatuta.
Antolakuntza lantaldeak hamargarren aldia “arrakastatsua eta bikaina” izan dela adierazi du, eta ez bakarrik igerilarien parte hartze langa gainditu izanagatik: “Hainbat tokitik hurreratu dira parte hartzaileak, eta oro har esker oneko berbak entzun ditugu; ikusi dugu igerilariak oso gustura aritu direla, eta horixe jakinarazi digute. Bermeora itsas zeharkaldi entzutetsuetan lehiatutako jendea etorri ohi da eta, beraz, polita da tankerako iritziak jasotzea”.
“Kalitate mailari eustea da hurrengo urterako helburu nagusia”
Hurrengo urteari begira, lehiaketak eskuratutako “egonkortasuna bermatzea” bilatuko dute. Ez hori bakarrik: buruan dute zer moldatu ere. “1.500 eta 5.000 metroko zeharkaldien artean hausnarketa egin behar dugu. Batetik, 5.000 metroko distantzia bete ahalko lukeen sektore batek 1.500ekoaren alde egiten duela ikusi dugu, bien arteko sarien alde bakarra txapelak baitira. Hain zuzen, hiru distatzietako igerilari irabazleek euren pisua kontserbatan jaso ohi dute, eta proba nagusikoek, gainera, irabazlearen txapela. Bestetik, ikusi dugu egon badagoela 1.500etik 5.000rako jauzia egin gura lukeen jendea, baina alde hori handiegia iruditzen zaiola ere bai. Horrenbestez, metro arrakala horren inguruko hausnarketak egin beharko ditugu”. Edozelan ere, helburu nagusia “kalitate mailari eustea” izango dela aurreratu dute.