"Bermeoko kirol klubak jaietako protagonista bihurtu nahi ditut"
Mediterraneoko Jokoak lehiatu ostean, Bermeora itzuli berri da halterofiliaria. Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasierako protagonista izango da, herritarren bozkei esker: bozken %46a eskuratu zuen (464 boto).
Herriak aukeratu zintuen aurtengo jaietako pregoilari izateko. Zer sentitu zenuen esan zizutenean?
Lotsa. Esangura handia du niretzat Bermeoko jaietako pregoilariaren lanak, eta beldur puntu bat sentitu nuen herriak nire alde bozkatu zuela esan zidatenean. Ez nuen espero, gainera. Egia da normalean lehiaketa kontuak direla medio, data hauetan kanpoan egoten naizela, eta beraz, jai eremutik apur bat kanpo sentitzen naiz. Ez nekien herriak pregoilaria aukeratzeko bozka egiten zuenik ere, kar, kar, kar. Hala eta guztiz ere, oso pozik nago, ze, herriak nire kirol ibilbidea balioan jartzen eta aitortzen duela erakusten dit aukeraketa honek.
Jaiak ate joka daude. Hasi zara pregoia prestatzen?
Bai, bai. Zabalduko dudan mezua prest daukat dagoeneko. Egitura eta denbora aldetik laguntza eskatu behar izan dut, baina bizitzan behin egingo dudan guza izanik, mimoz prestatu nahi izan dut testua. Esan dudan bezala, uste dut erantzukizun handia dudala, pregoilari gisa.
Zabaldu nahi duzun mezuaren zertzeladarik aurreratuko zeniguke?
Ezin zen beste modu batera izan: nire mezuak kirola izango du abiapuntu. Alde batetik, kirolariei egingo diet keinu; bestetik, ordea, kirolariok lehiatzeko eta gure formazioan aurrera jarraitzeko lan egiten duten guztiei. Bermeoko kirol klub desberdinak bihurtuko ditut jaietako protagonista, nolabait.
Jai zalea ez zarela aipatu duzun arren, herriko jaiek aurrera egin dezaten belaunaldi aldaketak nolako garrantzia duela esango zenuke?
Belaunaldi aldaketa baino, esango nuke orokorrean jendearen inplikazioa dela gako Bermeoko (eta gainontzeko herrietako) jaiak aurrera egin dezaten. Gazteak badira, ederto, baina nagusiagoak badira ere ondo. Gakoa jendeak herrigintzan sartzeko gogoa izaten jarraitzea da; jaiak antolatzekoa, handik eta hemendik mugitzekoa, herriak eta herriko giroak urtez urte aurrera egin dezan.
Italiatik itzuli berri zara, Mediterraneoko Jokoetatik.
Hori da. Gaur itzuli naiz Tarantotik (Italia). Mediterraneoko Halterofiliako Jokoak Mediterraneoko herrialdeetako halterofiliako kirolari onenak elkartzen dituen nazioarteko txapelketa dira, eta ni Espainiarekin lehiatu naiz. Izan ere, Espainiako kategoria guztietako hiru atleta hoberenak izan dugu jokoetan lehiatzeko aukera, ta ni lehenengo postuko errepresentazio gisa joan naiz. Laugarren postua lortu dut, eta egia esan ez nago batere pozik emaitz horregaz. Gehiago espero nuen, baina tira, jokoetan parte hartzea soilik erronka bat izan da niretzat.
Munduko Txapelketa ere begi-bistan duzu.
Bai. Bi hilabete barru Chinan izango naiz Munduko Txapelketan lehiatzen. Denboraldiko azken lehiaketa izango da, eta pertsonalki ez dut emaitz aldetik askorik espero. Nire kategorian nibel oso altua dago, eta beraz, ez diot neure buruari inongo presiorik jarriko: nire markak hobetzen saiatuko naiz. Batez ere Mediterraneoko Jokoetan izan ez ditudan sentsazio onekin bukatu nahi dut denboraldia, munduko atleta trebeenekin lehiatu bitartean.