Jose Mari Gorroño: "Eraikina hilabete honetan hutsik egongo den esperantza dut"
Gernika-Lumoko udal gobernu taldeak egun Gernikako Gaztetxea dagoen eta udal liburutegirako obrak hartu behar dituen eraikina "hilabete honetan hustuta" egongo dela aditzera eman du. Konfrontazioa "saihestuz", obrak gelditzearen galera ekonomikoa, hala badagokio, okupazioaren buru den "herritar edo taldearen gain" geratuko dela adierazi du Jose Mari Gorroñok, EH Bildu eta EAJren oportunismoa azpimarratuta.
Gernika-Lumoko udal liburutegi berria hartuko duen eskola publiko zaharren hegoaldeko eraikina eraberritzeko lanak “irailean hasiko” zirela iragarri zuen udalak uztailean, eta gaur [irailak 1] bere esanak berretsi ditu Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea: “Eraikina hilabete honetan hutsik egongo den esperantza dut; datorren urtean liburutegia martxan egongo da”. Espazio horrek, baina, gaur-gaurkoz, Egurre Gazte Asanbladak “okupatutako” gaztetxe gisa funtzionatzen jarraitzen du, eta udalak horiek “kaleratzeko prozedura administratiboa martxan” jarri behar izan du: abuztuaren 24koa bertan behera gelditu ostean, gaur bertan bigarren dokumentu bat helaraziko diete, “beharrezkotzat dituzten alegazioei entzunaldia eman” diezaioten.
Udalak udalerriak zerbitzu publikoak hobetzeko duen eskubidea “legezkotasunaren barruan” defendatuko duela nabarmendu du alkateak: “Udal honek beti jardun du legezkotasunaren barruan eta auziari irtenbidea emateko elkarrizketaren aldeko apustua egin du”. Gorroño “zazpi aldiz” bildu da gazte asanbladakoekin “alternatibak eskaini asmoz”, baina ez dute onarpenik izan: “Okupen eskaerak exijentzia bihurtuz joan dira”.
Jose Mari Gorroño: “Onartezina da talde jakin baten interes partikularrak gainontzeko bizilagunen interesen gainetik ipintzea”
Gaztetxea kokatzeko alternatiben artean Astra kultur faktoria erabiltzeko proposamena egin zien Gorroñok asanbladakideei, “mota guztitako pentsamendu eta kultur aniztasunari lekua egiteko” helburuagaz ireki zuten eraikina “azpierabilita” baitago: “Hirugarren solairua biltoki gisa erabiltzen da egun; bertako eragileek pankartak egiteko ere erabiltzen dute, baina kultur faktoria ez zen horretarako zabaldu”.
Era berean, alkateak zehaztu du elkarrizketarako borondatea izateak ez duela izan nahi ardurei uko egitea: “Udalbatzaren eginbeharra komunitate osoaren interesak defendatzea da, espazio publikoak babestu eta interes orokorreko egitasmoak aurrera eraman ahal izatea bermatuz”. Hala, “onartezintzat” jo du okupazioak, proiektua aurrera eramatea galaraziz, “talde jakin baten interes partikularrak gainontzeko bizilagunen interesen gainetik” ipintzea.
“Obrak gelditzearen edo hasiera atzeratzearen ondorioz sor daitezkeen galera ekonomikoak indarreko legediaren arabera baloratuko dira eta, hala badagokio, okupazio horren ardura duten pertsona edo taldeen gain geratuko dira”
Egurrekoek zabaldutako “errealitateagaz bat ez datozen informazioen” aurrean, udalak “konfrontazioan ez sartzea” erabaki du, baina “seriotasunez, transparentziaz eta erantzukizunez” erantzungo du: “Obrak gelditzearen edo hasiera atzeratzearen ondorioz sor daitezkeen galera ekonomikoak indarreko legediaren arabera baloratuko dira eta, hala badagokio, okupazio horren ardura duten pertsona edo taldeen gain geratuko dira. Proiektu publikoek garatzeko aukera izan behar dute eta inork ezin du legezkotasunaren eta interes politikoaren gainetik egon”.
“Iskanbilarik gabeko” hustea.
2025eko apirilaren 12an sartu ziren gazte asanbladakoak eraikinean, eta lau egun beranduago batzartu ziren alkateagaz lehen aldiz. Gorroñoren esanetan, ikasketa gelak nahi zituztela helarazi zioten gazteek bilera horretan, eta, beharrizan horrekin bat zetorrenez, liburutegi berria egiteko prozesua berriro ere martxan jarriko zela azaldu zien berak: “Esan nien prozesua amaituta eta proiektua esleituta zegoenean eraikina hustu beharko zutela, iskanbilarik gabe”.
Orain arte gazte asanbladakoekin izan duen “gertuko harremana” ikusita, gazteek beraien borondatez eraikina hustea eta “indarra erabili behar ez izatea” espero du alkateak: “Esan nien ez dugula zertan arazorik izan. Nik beraien pentsamendu politikoa errespetatzen dut, baina gauza bat errespetatzea da; beste bat, beraiek nahi dutena egin ahal izatea”.
Era berean, Gorroñok udalean ordezkaritza daukaten gainerako talde politikoek udal gobernuaren elkarrizketarako borondatea zalantzan jarriz egoerari “etekina” ateratzea deitoratu du: “Udalak bizikidetza defendatzen jarraituko du, eta legea betez eta herritar guztien interesak defendatuz”.
“Guztiontzako Herria herriko taldea da; EH Bildu eta EAJ, berriz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa mailako multinazionalak”
EH Bilduk eta EAJk kaleratutako adierazpenei erantzunez, argitu du abuztuaren 12an proiektuaren planteamendua aurkeztu ziela koalizio subiranistako ordezkariei: “Esan ziguten beraiek ez zutela ez baiezkorik, ez ezezkorik emango, baina gero idatzi bat argitaratu zuten, elkarrizketarekin jarraitu beharra dagoela esanez”. EAJk, bestalde, adierazi zuen udal gobernu taldeak beraien ideiekin bat ez datozen ahotsak entzuteari uko egiten diola. Gorroñok Guztiontzako Herria “herriko taldea” dela gogoratu du; EH Bildu eta EAJ, berriz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa “mailako multinazionalak“: “Ez naiz liskarretan sartzen. Nik nahi dudan gauza bakarra gauzak ondo egitea da, eta liburutegi proiektua hilabete honetan bertan hasi ahal izatea”.