"Gernikako Gaztetxea huste arriskuan dago"
Atzo (ekainak 15) Gernika-Lumoko Udalak Gernikako Gaztetxea erasotu zuela salatu zuten Egurre Gazte Asanbladako kideek: "Sarraila aldatu du, modu ilegal batean". Ondorioz, gertakizunek agerian uzten dutela udalak Gaztetxea hustu nahi duela adierazi zuten agerraldian: "Ez dugu baimenduko modu horretan espazio horretatik kanporatzea".
Egurre Gazte Asanbladako kideek salatu dute Gernika-Lumoko Udalak Gaztetxea erasotu zuela atzo (ekainak 15): “Inongo abisurik barik eta prozedura judizialik barik etorri da eta sarraila aldatu du, modu ilegal batean”. Hala ere, bertaratu den jende guztiari esker, udaltzaingoak gaztetxetik kanporatu eta hori “berreskuratzea” lortu dutela adierazi zuten atzo iluntzean egindako agerraldian. Halandaze, gazte asanbladakoen iritziz atzoko gertakizunek agerian uzten dute “Gernikako Gaztetxea huste arrisku batean” dagoela: “Gainera, gertakizunek agerian uzten dute udalaren aldetik hori aurrera ateratzeko asmoa duela, modu ilegalean bada ere. Instituzio kapitalistek euren lege propioak ere ez dituzte errespetatzen beraien kontrolpetik kanpoko espazioak erasotzeko, beti ere indar polizialen laguntzagaz”.
Udal liburutegi berriaren proiektua aurrerapausoak ematen ari da, eta horrek kezkatzen ditu gaztetxeko kideak, izan ere, udalak dagoeneko iragarri du obrak uztailean hasiko direla. Hori dela eta, gazte asanbladakoek jakinarazi dute Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateagaz bildu zirela, eta “ez ziela inongo argibiderik eman” horri buruz: “Gaia desbideratzen ibili zen. Beraz, zertara datoz praktika hauek?”.
Egoera honen aurrean, gazte asanbladakoek “argi” adierazi zuten ez dutela baimenduko “modu horretan espazio horretatik kanporatzea”. Eta hala erakutsi zuten atzo hamarnaka gaztek.
Gehitu zuten joan den barikuan antolatutako Pasileku Egunegaz ere agerian utzi gura izan zutela —udal liburutegiaren proiektuak eragingo dien beste herriko eragile batzuekin batera— “bizirik dagoen Pasealeku baten alde” egiten dutela. “Guk hasieratik erakutsi dugu negoziatzeko eta elkarrizketarako borondatea. Egoerarekiko konponbideak ere aurkeztu ditugu: Bekoibarrako eraikinak liburutegi bihurtzea edo Pasealekuaren etorkizunari buruzko hausnarketa abiatzea, esaterako”. Horren aurrean, salatu dute udalak horretarako “aukerak zapuztu” nahi dituela: “Gu indarrez kanporatzea da momentuz erakusten dabilen asmo bakarra”.
Gazte asanbladakoek nabarmendu zuten egungo testuinguruan “beharrezko espazioak” direla gaztetxeak: “Ideia erreakzionario eta faxisten gorakadaren testuinguruan, gazte belaunaldiaren antolakuntza politikoa sustatzeko eta beste kultur eta aisialdi ere bat bultzatzeko beharrezkoak dira gaztetxeak”. Asmo horregaz hartu zuten gaztetxea duela urtebete, eta uste dute ez dela kasualitatea alderdi politiko instituzionalen eskutik liburutegiaren proiektua orain “arindu” izana, urte luzez geldi egon denean: “Oztopoak oztopo, inoiz baino indartsuago gaude, eta Gernikako gaztetxien defentsan borrokan jarraituko dugu”.