Egurreko kideek "behin-behineko bilera" lortu dute udalagaz, baina ez dute "alternatibarik" jaso
Egurretik adierazi dutenez, gaur goizean [abuztuak 24] udaletxean egindako eserialdiari esker udalagaz "behin-behineko bilera" lortu dute. Bilkura horrek, baina, ez du aurrera egin, udalak "ez baitu alternatibarik eskaini". Hala, asanbladatik argitu dute gaztetxeak "kanporatze arriskuan" segitzen duela.
Egurre Gazte Asanbladatik aditzera eman dutenaren arabera, egungo Gernikako Gaztetxea kokaturik dagoen eremuan gaur bertan hasi behar ziren Gernika-Lumoko Udal Liburutegi berria eraikitzeko obrak. Hain zuzen ere, obra horiek egiteko enpresa arduraduna lanen orubera goizeon sartzekoa zen, baina azkenean ez da hala izan, asanbladakideen eta haiei elkartasuna adieraztera bertaraturiko hainbat gazteren “presioak” obren hasiera “galarazi baitu”.
08:00retan zuten jarria hitzordua Egurreko kideek, gaztetxean bertan. Beren asmoa argi askoa zen: gaztetxe proiektuari eustea, obrak ekiditea eta, azkenik, udalagaz “benetako” negoziazio mahaia lortzea. Enpresa ez da gaztetxeko eraikinera sartu, baina gazteek udaletxerainoko bidea egin dute, aipatu mahaia exijitze aldera: “Udalak ez digu ofizialki jakinarazi enpresa hori gaurkoan azkenean ez zela bertaratuko, ezta eraikinarekiko zein asmo duen ere; arrisku egoeran segitzen dugu, eta horrexegatik jo dugu udaletxera, udalagaz bilera bat eskatzera”.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada.
Exijitu duten bilera hori, hasiera batean, “ukatu” egin dietela adierazi dute Egurretik. Horrenbestez, udaletxearen barrualdean eserialdia egitea erabaki dute; orduan lortu dute udal ordezkaritzagaz “behin-behineko bilera“. Edozelan ere, gaur-gaurkoz, udalgaz goizeon egindako bilera horrek ez du fruiturik eman, azaldu dutenaren arabera: “Udala ez dago prest kanporatzea atzeratzeko, ez du alternatibarik mahaigaineratu gura, eta, beraz, kaleratze arriskuan jarraitzen dugu”.
EH Bilduk “elkarrizketaren eta negoziazioaren bidea” babestearen aldeko hautua egin du. Udalaren eta “Pasealekuko eskoletan biltzen diren gazteen arteko elkarrizketaren” urratsa babestu du koalizio abertzaleak: “Edozein herritarrek izan beharko luke udaletxeko atea zabalik, eta alkatearen bulegoa irekita”. Bortxazko edozein kanporatzeren “aurka” azalduta, bi aldeak “negoziatzen eta irtenbide adostuaren norabidean lanesn jarraitzera” gonbidatu ditu.
Jeltzaleen adierazpena.
Gernika-Lumoko EAJk, bere aldetik, “salatu” egin du Egurrek iragan zapatuan [abuztuak 22] anbulategi aurreko Picassoren Guernica-ren erreplikan egindako salaketa jarduera. Izan ere, gaztetxeko kide bat koadroaren aurrealdean zabu batetik zintzilikatu zen, herriko eremu autogestionatuaren aldeko aldarri legez. Udaltzaingoa ere hara bertaratu zen, eta kide hura identifikatu zuen.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada.
Ekimen horren aurrean, talde jeltzaleak nabarmendu du ez dela “onargarria” herriaren “sinbolo” den horretan tankera horretako “erasorik” egiterik: “Gernik-lumotarron memoriaren aurkakoak dira”. Ez hori bakarrik: EAJko kideek azpimarratu gura izan dute udalerriko eraikin publikoak “guztionak” direla, eta, hala, “guztien mesederako” erabili behar direla, gaztetxea kokatuta dagoen eta udal liburutegia kokatu gura den eraikinari keinu eginez.