Gaztetxea "lege prozedura barik" hustekotan daude
Egurre Gazte Asanbladak salatu du udalak Gernikako Gaztetxea inongo "lege prozedurarik gabe" husteko asmoa duela, eta orube horretan egin gura duten obrak "irregulartasunak" dauzkala. Andra Mari egunerako [abuztuak 15] manifestaziora deitu dituzte herritarrak.
Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladatik aditzera eman dutenez, Gernika-Lumoko Udalak Gernikako Gaztetxea inongo “prozedura legalik gabe” husteko agindua eman du, eta adierazi hilaren 23rako hutsik egon beharko dela, bertan udal liburutegi berria kokatu gura baitute; hain zuzen, proiektu horretarako lanak abuztuaren 24an abian ipintzeko asmoa dute.
Gazte asanbladako kideek azaldu dutenaren arabera, udal ordezkaritzagaz hartu-emanean egon ziren iragan astean, eta orduantxe eman zieten huste aginduaren berri. Edozelan ere, nabarmendu dute udalak ez duela bide legalik abiatu gaztetxeko partaideak espazio horretatik kanporatzeko. Bada “legeari izkin egiten” dion beste alderdi bat ere: gaztetxea kokaturik dagoen eraikinean egin asmo dituzten lanen “irregulartasunak”.
Hain zuzen, udalak argitara eman du abuztuaren akabuan obrak hasteko asmoa duela, baina, era berean, gazte asanbladatik azpimarratu dute lan horiek egingo dituen enpresaren hala adjudikazioa, nola kontratua “ez dituztela publiko egin”: “Era berean, ez du espazioaren erabilgarritasuna bermatu, tankerako obra bat egiteko, hutsik dagoela bermatu behar baita”. Izapidetze eta kudeaketa urrats horiek guztiak “ez betetzeak” agerian uzten du udal taldearen “gardentasun falta“, kideek diotenez. Ez hori bakarrik: “Instituzioek beren lege nahiz prozeduak zelan bazter ditzaketen bistaratzen du, beraien kontroletik kanpo dauden espazioen aurka egiteko”.
Gogoratu dute azken kaleratze agindua ez dela lehendabizikoa, izan ere, iragan ekainean udaltzainek “legez kanpoko kanporatze saiakera” egin zuten, “sarraila aldatu eta eraikina husten saiatuta”. Orduko hartan, gazteen “erantzun antolatuak” ahalbidetu zuen saiakera errepresibo hura atzera botatzea. Udalean ordezkaritza politikoa duten beste alderdien jarrera ere kritikatu du Egurrek, beraien isiltasunak udalaren jarrerari aurrera egitea ahalbidetzen diolakoan.
Mobilizaziorako deia.
Horrenbestez, eusten segitzeko prest dago gazte asanblada, eta, hori horrela, Andra Mari egunerako [abuztuak 15] gaztetxearen aldeko manifestaziora deitu dituzte herritarrak, hau da, kanporatzea baino astebete lehenago; 21:00retan hasiko dute mobilizazioa, udaletxearen aurrealdetik. Halaber, egoerak bere horretan jarraituko balu, “deialdi gehiago” egongo liratekeela aurreratu dute. Bien bitartean, asko eta asko dira Gernikako Gaztetxearen aldeko elkartasun mezuak sare sozialetan zabaltzen ari diren Euskal Herriaren luze-zabaleko gaztetxe, gune autogestionatu eta gazte asanbladak.