"Gaztetxe honetan hasi den guztiak gaztetxe honetan jarraituko du"
Egurre Gazte Asanbladak deituta, Gernikako Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsua egin dute, jaien testuinguruan. Hilaren 24an, gaztetxearen aldeko "defentsara" deitu dituzte herritarrak, udalaren "xantaietan" jauziko ez direla nabarmenduta.
Argazkia: Egurre Gazte Asanblada. Egurre Gazte Asanbladak deituta eta Andra Mari eta San Roke jaien jendetzapean, Gernikako Gaztetxearen aldeko eta haren aurkako kanporatze aginduaren aurkako manifestazioa egin zuten iragan zapatuan [abuztuak 15], Andra Mari egunez. Asko eta asko izan ziren herriko kaleak aldarriz bete zituzten gernika-lumotarrak, baina beste hainbeste Euskal Herriaren lau ertzetatik beren elkartasuna erakustera bertaratu zirenak.
Foru Plazan hasi zuten mobilizazio herritarra, eta, kalerik kale zein bazterrik bazter, Seber Altube Auditoriorainoko bidea egin zuten, bertan elkarretaratzean biltzeko. Egurreko kideek azaldu zuten egun gaztetxea dagoen eraikinean, Pasealekuko eskola zaharren orubean, “2007tik” egon izan dela udal liburutegia eraikitzeko aukera, alegia, “urte luzez hauteskunde promesa hutslean gelditu izan den proiektua”. Gaineratu zutenez, iaz, politikariak “urduritu” egin ziren, eta beren “makineria guztia martxan” ipini zuten, gazte asanbladak “lau horma zahar horiei bizia eman zienean”, hau da, arestian gaztetxe izandakoa biziberritu zutenean: “Urtarrilean, EH Bilduk alkatearen udal aurrekontuak onartu zituen, eta udal liburutegiaren proiektua abian jarri zen; ekainean, udalak sarraila aldatu, eta legez kanpoko kaleratze saiakera egin zuen”.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada.
Hileon, gaur zortzi [abuztuak 24], obrak egingo dituen enpresa bertaratuko dela “jakinarazi die” alkateak, urtebetetik gorako jardunaren ostean gazteak “kalean uzteko” asmoz: “Beraz, zerk azaltzen du hogei urtez geldirik egon den egitasmoa bat-batean azkartzea? Zerk azaltzen du instituzioek beren lege propioak saltatzea? Zerk azaltzen du gainontzeko alderdi politikoen isiltasun zein konplizitatea”. Galdera horien erantzuna “argi” dute: “Erakunde kapitalisten kontrolpetik kanpo antolaturiko espazio baten existentziak; gaztetxearen izateak kolokan jartzen ditu instituzioen logika eta boterea”.
Alkatearen “alternatibaz”.
Egurretik argitu zuten azken egunotan alkateak, gaztetxearen auziak hartutako “oihartzuna” dela eta, “alternatiba posible bat” eskaini diela, baina “inongo bermerik” gabekoa: “Ez gara xantaietan jauziko; ez dugu ate bat zarratuko, beste bat zabaldu barik. Guk geure espazioa defendatuko dugu, Gernika-Lumok gaztetxe bat behar duelako. Beraz, hilaren 24an gaztetxearen defentsara biltzeko deialdia luzatzen dugu. Gaztetxe honetan hasi den guztiak gaztetxe honetan jarraituko du!”.

Argazkia: Egurre Gazte Asanblada.
Era berean, Gernikako Gaztetxearen ordezkaritzak ez zituen ahaztu egin kanporatze arriskuan dauden gainontzeko gune autogestionatuak: “Geure elkartasun osoa Zornotzako Matrailu Gaztetxeari, Galdakaoko gazteei, Igorreko Kiñu Gaztetxeari edota Mungiako Errota Gaztetxeari. Espazio propiorik gabe, ez dugu sistema honen kontra borrokatzeko bitartekorik; horrexegatik da hain beharrezkoa antolakuntza independenterako guneak defendatzea”.