"Alkatearen hitza ez da nahikoa gaztetxeak bizirik jarraituko duela bermatzeko"
Gernika-Lumoko udal gobernuak gaztetxea "hilabete honetan hustuta" egongo dela adierazi badu ere, Egurre Gazte Asanbladakoak eraikina uztean nora joan izango dutenaren bermea izan arte "gaztetxea defendatzen" jarraitzeko hautuan berretsi dira.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gaztetxearen egoera azaltzeko agerraldia egin du gaur [irailak 1] eta zuzen-zunenean eragiten dien auzia izanik, Egurre Gazte Asanbladako ordezkaritza ere Gernika-Lumoko Kultur Etxera bertaratu da. Adierazpenak entzunda, alkateak esandakoak errealitatea “desitxuratu” duela salatu dute, “gauza asko ez direlako horrela izan eta beste asko falta izan direlako”. Era berean, beraien nahi bakarra “gaztetxearen proiektua bizirik mantentzea” dela aldarrikatu dute, eta hori “bermatuta” egon arte ez direla udal liburutegi berria hartuko duen eraikinetik aterako.
Gazte asanbladakoak bat datoz udal gobernuagaz udal liburutegi berria “beharrezkoa” dela esatean, egungoak ez baititu herriaren beharrak asetzen. Horregatik, “alternatiba erreala” aurkezten zaienean eraikina uzteko “borondate ona” dute: “Irtetean nora joan izango dugunaren bermea izatean aterako gara gaztetxetik; bitartean gaztetxea defendatzen jarraituko dugu”.
Alkateagaz hainbat bilera izan dituzte gazteek, eta udalaren aldetik proposamen ezberdinak jaso dituzte, tartean, Gorroñok gaur goizean gogoratu bezala, Astra kultur gunera lekualdatzea. Gazteek bestalde, jasotako azken proposamena azpimarratu dute, gaztetxea Bekoibarrara mugitzea eskaini baitzien: “Proposamenarekin ados gaude, baina espazio hori oraindik ez da udalaren jabetzakoa eta aldagai asko daude proiektu hori atzera bota edo luzatu dezaketenak. Espazio berriaren ateak zabalik daudenean itxiko ditugu guk gaztetxekoak”.
Erantzun horren aurrean “konfiantza faltaz kexatu” zitzaien alkatea, baina gazteek zalantzaz bizi dute urte luzez “kasu handirik egin ez zaion” proiektua beraiek eraikinari “bizia” eman diotenenean berriz ere martxan jartzea: “Bizia ematen hasi garenean, EH Bilduk aurrekontuak onartu eta orduan hasi dira proiektuagaz. Gainera, azken udal hauteskundeen ostean alkateak EAJko ordezkariekin adostu zuen hilabete gutxira kargua utziko zuela eta azkenean gezurra izan da. Horiek ikusita, alkatearen hitza ez da nahikoa gaztetxeak bizirik jarraituko duela bermatzeko”.
Udal gobernuak liburutegiko lanak gelditu edo atzeratzearen ondorioz sor daitezkeen galera ekonomikoak indarreko indarreko legediaren arabera baloratuko direla iragarri du eta, hala badagokio, okupazio horren ardura duten pertsona edo taldeen gain geratuko dira. Gazte asanbladakoek erabakitzeke dute neurri horren inguruan egingo dutena, eta “egoerak aurrera egin ahala” asanbladetan eman beharreko pausoak aztertzen joango dira.