Udal liburutegi berria "datorren udarako prest" egongo da
Irailean hasiko dituzte Pasealekuko eskola zaharraren hegoaldeko eraikina udal liburutegi berri bihurtzeko lanak eta Gernika-Lumoko Udalak hamar hilabeteko epean amaituta egotea aurreikusten du.
Lehen aurreikuspenak Pasealekuko eskola publiko zaharren hegoaldeko eraikina eraberritu eta bertan udal liburtegi berria egiteko lanak uztailean hastea bazen ere, Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazi dute lanak azkenean irailean hasiko dituztela. Hala, aurreikuspenak betez gero, “datorren udan prest” egongo da.
Udalak lanak esleitzeko prozesuan “erabakigarria” izan den faktorea ere azaldu du: “Ondarea babestetik eratorritako eskakizun teknikoak betetzeaz gain, enpresak obrak egiteko aurreikusitako lanen iraupena bi hilabete murrizteko konpromisoa hartu du”. Eraberritzeak 1,5 milioi euroko inbertsioa suposatuko du, eta lanek hamar hilabete irautea aurreikusten dute.
Proiektua garatuko duen Construcciones Castellano SA enpresa “eraikin historikoak eta ondare eraikinak birgaitzeko lanetan espezializatuta” dagoela azpimarratu dute; izan ere, eskola zaharraren eraberritzeagaz “esku-hartze bereziki delikatua” hartuko du beregain, eskola publikoa Monumentu Multzoa kategoriako ondasun-kultural izendatu baitzuen Eusko Jaurlaritzak 2012an.
Jose Antonio Arana Martija euskaltzain emerituaren izena hartuko duen liburutegiak eraikin zaharraren “hegoaldeko blokearen inguratzailea oso-osorik errespetatuko” duela ziurtatu dute, esku-hartzearen helburua horren “balio historikoa mantentzea eta, bitartean, barrualdeko ekipamendu kultura garaikide baten beharretara egokitzea” baita.
Liburutegi berriak egungo liburutegiaren azalera erabilgarria hirukoiztuko du, 715 metro karratu erabilgarrigaz. Argi naturala eta “Pasealekuarekiko harreman bisuala” izango dira protagonista bertan eta, azpimarratu dutenez, “komunikazio-gune berria izango da elementu garrantzitsuenetako bat”. Era berean, proiektuak fatxadaren jatorrizko baoak berreskuratzea eta frontoia birkokatzea ere barne hartzen ditu, ” plazaren identitateari estuki lotutako elementua baita”.
“Irisgarritasun unibertsala” ere bermatuta egongo da, eta liburutegia Seber Altube Auditorioagaz lotzeko igogailua ere ipiniko dute: “Hiri igogailu gisa ere funtzionatuko du eta Juan Kaltzada eta Allende Salazar kaleen arteko oinezkoen mugikortasuna erraztuko du”.