
‘Biziraun’ diskoa esku artean, kontzertu biran murgilduta daude Ziraun taldeko kideak. Besteak beste, barikuan Errigoitin eta zapatuan Busturian egongo dira, tabuak aireratzen eta bizirautea aldarrikatzen.

Udal liburutegi berriaren proiektua dela eta, Elai Alai Dantzari Taldeko, Gernikako Egurre Gazte Asanbladako eta Gernikako Txosna Batzordeko kideek Gernika-Lumoko Udalari "tarte edo geldiune bat" exijitu diote, "herritar eta eragiliek ganoraz informatu eta batera hausnartzeko aukera izan dezaten". Gainera, bizia daukan Pasealekua nahi dutenez, ekainaren 12rako Pasileku Egune antolatu dute.

Bihar [ekainak 4] hasita eta ekainaren 13ra arte ospatuko dituzte ibarrangelutarrek Gorpuzti Jaiak. Bazkari herrikoiaren ostean, txapel jaurtiketa txapelketa egingo dute lehendabiziko aldiz. Ohiturazko jarduerak herritar "guztientzako" prestatutakoekin uztartuko dituzte aurtengo gorpuztietan.

Red de Vigilantes Marinos ekimenarekin bat eginda, garbiketa kolektiboa deitu dute zapatuan [ekainak 6], Bermeon.

Errigoitiko Udalak Madalen eta Metxika auzoetako argiteria publikoa berritu du, sistema jasangarriagoa jarrita. Udal taldea energia plan berriaren lanketan ari da.