Udalari "tarte edo geldiune bat" exijitu diote herriko eragileek, liburutegi berriari buruz hausnartzeko
Udal liburutegi berriaren proiektua dela eta, Elai Alai Dantzari Taldeko, Gernikako Egurre Gazte Asanbladako eta Gernikako Txosna Batzordeko kideek Gernika-Lumoko Udalari "tarte edo geldiune bat" exijitu diote, "herritar eta eragiliek ganoraz informatu eta batera hausnartzeko aukera izan dezaten". Gainera, bizia daukan Pasealekua nahi dutenez, ekainaren 12rako Pasileku Egune antolatu dute.
Pasealekuko eskola publiko zaharraren eraikinean udal liburutegia egin gura du Gernika-Lumoko Udalak. Dagoeneko, jakinarazi dutenez, eraikina eraberritzeko eta birgaitzeko exekuzio proiektua idazteko eta obra zuzentzeko kontratuaren esleipena argitaratu du Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kontratazio publikoko plataforman. Baina hori “herritarren lepora” egin izana salatu dute udalerriko hainbat eragilek, eta udalari “tarte edo geldiune bat” exijitu diote, herritar eta eragileak ganoraz informatu eta elkarregaz hausnartzeko aukera eduki dezaten.
“Pasealekuan liburutegi berri baten proiektua martxan jarri du udalak. Liburutegi berria herrian dagoen aspaldiko eskakizuna da, eta Gernikak behar duen proiektua da”, esan dute. Halandabe, proiektu berri horrek “egungo erabilera askotan eragina” izango duela salatu dute: txosnetan, Gaztetxean, Elai Alai Dantzari Taldearen lokalean, arkupean, Pasealekuan antolatzen diren ekimenetan… Hori dela eta, atzo (ekainak 2), Pasealekuan bildu ziren Elai Alai Dantzari Taldeko, Gernikako Egurre Gazte Asanbladako eta Gernikako Txosna Batzordeko zenbait kide, ekainaren 12rako prestatu duten Pasileku Egune aurkezteko: “Ze Pasealeku eredu bultzatu nahi du udalak proiektu honekin? Guk bizia daukan Pasealeku bat aldarrikatzen dugu”. Asmo horrekin, ekainaren 12rako (barikua) egitarau zabala antolatu dute Pasealekuan bertan, “proiektu honek kolokan jarriko dituen eragile eta sektoreei ahotsa eman eta Pasealekuari bizia ematen diotenen lana ikusarazteko”.
Izan ere, udal liburutegiaren proiektua herritarren lepora atera duela udalak salatu dute: “Herritarren lepora atera du proiektua aurrera udalak, herriko sektoreak kontuan hartu barik”. Eta martxan jarri zuten parte hartzeko modua ez dela nahikoa izan azpimarratu dute. Hala, Pasealekua ez dela “edozein leku” oinarri hartuta, horrelako eragina edukiko duen proiektu bat beste era batera bideratu beharko litzatekela uste dute: herritar eta eragileekin batera. “Herritar gehienek ez dute proiektuaren ez eta parte hartzeko aukeraren berri izan”, gehitu dute.
EGITARAUA
18:00tik aurrera:
– Euskal dantza entsaio irekixe eta ikastaroa Elai Alai dantza taldien eskutik.
– “Gazteok ez daukagu ezer” Lokatz Loreak taldien bertso-ikuskizuna, Gaztetxean.
– Umeen txokoa Gernikeko Egurre Gazte Asanbladien eskutik.
– Txosna zabalik Txosna Batzordien eskutik.
19:00tik aurrera: Kirol ikuskizunek.
– Eskupilota partidak: Arkupe taldien eskutik: Laiene Sandia-Maule Gortazar vs Izaro Arrizabalaga-Elene Goikoetxea; Azkarai-Bidaburu vs Mujika-Azurmendi.
– Futbol partidak: Urdaibai F.T 1 vs Urdaibai F.T 2; Gernika Futbol Salako jokalariak vs Gernika Sportingeko jokalariak.
– Saskibaloi partidak: Kobra Kai vs Gaseosa; Gernikeko saskibaloi taldeko jokalariak.
Ostean. Ekitaldia eta musika jartzaileak: DJ TOLOGO, DJ I AM GIZ eta DJ BEREBIZIKO ESPIOIAK.