Argiteria seguruago eta jasangarriagoa, Madalenen eta Metxikan
Errigoitiko Udalak Madalen eta Metxika auzoetako argiteria publikoa berritu du, sistema jasangarriagoa jarrita. Udal taldea energia plan berriaren lanketan ari da.
Errigoitiko Udalak “aurrera egin du” jasangarritasunarekiko eta trantsizio energetikoarekiko daukan “konpromisoagaz”: udal gobernu taldeak argiteria publikoan hobekuntzak egin ditu, eta udal plan energetiko berri bat ontzeko lanean ari da. Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera, energia trantsizioaren alorrean lan egitea “lehentasunetako bat” da eta azken hilabeteotan egin duten beharra konpromiso horren “ondorio” da.
Hain zuzen ere, Errigoitiko hainbat puntutan argiteria publikoa hobetu dute, hala nola, Madalen nahiz Metxika auzuneetan. Toki horietan bietan, eguzki farola berri eta hibridoak instalatu dituzte; hamar dira ipini dituzte kaleargiak, baina iragarri dute auzo horietakoa “proba pilotua” dela, instalazioak “beste eremu batzuetara” zabaltzeko bidean. Kale argiztapena eta segurtasuna hobetzeagaz batera, energiaren kontsumoa murriztea eta eredu “eraginkorrago zein iraunkorrago” baten alde egitea bilatu dute, ingurumenaren zaintzaren alderditik “konponbide arduratsua” izango dena. “Zerbitzu publikoak udalerriaren benetako beharrizanetara doitzea da jomuga nagusia”, argitu dute.
Udal energia plan berriaren lanketa prozedurari dagokionez, “autokontsumoa sustatzea” eta herriko eraikin publikoetan “energia berriztagarriak aprobetxatzea” izango ditu helmuga. Egun, azterketa lanetan ari dira: udal ekipamenduetan sistema fotovoltaikoak instalatzeko aukerak ikertzen dabiltza, besteren artean, udal pilotalekuan edota kultur etxean. Udalaren aurreikuspena urteko “10.000 euro inguru” aurreztea da, eta diru hori udalerriarentzako “inbertsio eta hobekuntza berriak” egiteko erabili ahalko dela iragarri dute.
Energia plan horregaz, udal energia kontsumoaren “zati bat” eguzki energiaren bitartez asebetez gero, kanpoko energia menpekotasuna “pixkanaka-pixkanaka murriztu” egingo litzatekeela adierazi dute, eta udal instalazioek “autokontsumorako formula partekatuak” baliatzeko aukerako lituzketeela ere bai. Udal ordezkaritzak “oso garrantzitsutzat” du apurka-apurka “urrats errealistak eta Errigoiti moduko udalerri baten errealitatera egokituak” egiten jarraitzea. “Trantsizio energetikoa ez da goizetik gauera egiten, baina ezinbestekoa da udalerria hobetuko duten eta etorkizun iraunkorragoa eraikitzen lagunduko duten jarduera zehatzekin aurrera egitea”, nabarmendu dute.