Eako moilako saneamendu eta berritze lanak amaitu dituzte
Hilabeteetako lanen ostean, amaitu dituzte Eako moilako saneamendu integralerako lanak. Horri esker, herriko itsasadarra babestuta geratu da uda-sasoia hasi aurretik: “Azpiegitura berriek Eako itsasadarreko eta hondartzako uraren kalitate ona bermatzea dute helburu. Moila inguruko eta Beletxeko hondakin-uren isurketak behin betiko ezabatuta, ingurumena zaindu eta bainu segurua ziurtatuko dira”.
Herritarren eta bisitarien “segurtasuna zein ingurumena jagoteko” lanok hainbat erakunderen elkarlanari esker gauzatu dituzte, finantzaketan zein exekuzioan parte hartu baitute, Eako Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak.

Ur partzuergoak idatzi du proiektua, eta proiektuaren helburu nagusia izan da Eako errekaren itsasadarrean, portuan eta hondartzan gertatzen ziren hondakin-uren isurketak “behin betiko etetea”. Arazo horri aurre egiteko, obrak bi fase nagusitan gauzatu dituzte, aldi berean egin badituzte ere. Lehenengo esku-hartzea moilako ponpaketa-estazioari dagokiona izan da, eta bigarrena, Beletxe eremuko instalazioak jasotzen dituena. Sistema berri horrekin, sortutako ur gris eta beltz guztiak sare orokorrera bideratu dituzte, “itsasoratu aurretik behar bezala tratatu daitezen”. Lanen amaierari esker, kaiko zerbitzu guztiak (tartean, dutxak eta komunak) prest eta erabilgarri daude maiatzaren amaieratik. “Isurketa arazoak izaten dira, batez ere euria egiten duenean, eta ur isurketa ez kontrolatuak kentzen ari gara. Isurketarik ez egotea bermatu da, eta horrek lasaitasun oso handia ematen digu”, azaldu du Francis Ziloniz Eako alkateak.
Portu eta Itsas Gaie eta Itsasertzeko Zuzendaritza arduratu da proiektuaren kudeaketagaz, jarraipenagaz eta ikuskapenagaz. Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 46.000 euroko diru laguntza eman dio Eako Udalari, bertako itsasertzeko lerroaren saneamendu integrala bultzatzeko, eta proiektuan, denetara, 173.287,19 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin dute, “aurreikusitakoa baino %9,71 gehiago”.
Izan ere, alkateak azaldu bezala, aurreikusi gabeko faktoreek eragina eduki dute; besteak beste, ur zikinen ponpaketarako hodi handiagoak behar izan dituzte, baita zanga handiagoak egin eta erregistro tapa isolatuak erabili ere: “Adibidez, ondo zeudela uste genuen hodi batzuk aldatu beharra egon da, eta saneamenduko zanga ere handiagoa egin da, aurreikusten ez genuen arren, elektrizitateko hodiak sartzeko”. Hala ere, hondartza denboraldia hasi aurretik lanak amaitzeko helburua bete dute, eta “denak gustura” geratu direla adierazi du Zilonizek.