Itsas hondoen garbiketa handia deitu du IzaroSubek
Red de Vigilantes Marinos ekimenarekin bat eginda, garbiketa kolektiboa deitu dute zapatuan [ekainak 6], Bermeon.
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna eskuladeko itsas hondo eta hondartzak garbitzeko baliatuko dute askok. Bermeoko Izaro Sub kirol-elkarteak, adibidez, garbiketa handia deitu du zapatuan [ekainak 6], Oceánidas gobernuz kanpoko erakundeak bultzatutako Red de Vigilantes Marinos ekimenagaz bat eginez.
Bermeoko kirol taldekoek herritarrei zabaldu diete garbiketan parte hartzeko deialdia, eta Bermeoko Portuzaharrean, Olatua eskulturaren ondoan, ipini dute hitzordua, 09:00etan. Euskal Herrian Bermeon eta Zierbenan egingo dira garbiketa asteburuan, baina Espainian zehar ere hitzorduak zehaztu dituzte deitzaileek: guztira “40 klube eta zentrotik gora” daude izena emanda, tartean, IzaroSub. Bermeoko garbiketaren xehetasun gehiago jakiteko 609 12 29 19 telefono zenbakira deitu edota izarosub@izarosub.eus helbide elektronikora idatzi daitekeela argitu dute.
2.000 urpekari.
Red de Vigilantes Marinos proiektuak aisialdiko urpekaritza gustuko duten eta beraien kirol-jarduera itsas ingurunearen kontserbazioagaz, babesagaz, dibulgazioagaz eta ikerketagaz bateratzea erabaki duten pertsonak biltzea bilatzen du, “itsasoaren ahotsa entzun dadin”. 2013an sortu zenetik arrakasta handia izan duen ekimena da, “2.000 urpekari baino gehiago eta beste hainbeste boluntariok” egin baitute bat sareagaz, tartean, IzaroSubekoek.
Garbiketa udaren atarian egitea “ez dela kasualitatea” nabarmendu dute Red de Vigilantes Marinosetik: “Hondartzak bisitariz betetzen hasten diren honetan, hondartzen garbiketa ez dela harean bukatzen gogoratu nahi dugu. Hondakin askok hilabeteak edota urteak eman ditzakete ur azpian, eta batzuk zatitu egiten dira mikroplastiko bihurtu arte; beste batzuk, berriz, itsas fauna harrapa dezakete, habitat sentikorrak estali edota pixkanaka elikadura-katean sartu”.
Informazio erabilgarria. Antolatzaileek zehaztu dutenez, garbiketa amaitzean itsas hondo eta hondartzetatik ateratako hondakinak pisatu, sailkatu eta erregistratu egingo dituzte, “itsasoko zaborra hondakinen sorrera arintzean laguntzeko informazio erabilgarri” bihurtu ahal izateko. Horrez gain, beste urte batez jasotako kilo bakoitza kilo bat jaki bihurtuko da, zaurgarritasun egoeran dauden familiei laguntza eskaini asmoz.