Gorpuzti Jaiak: herria biltzen duen ohitura, "berrikuntzaren bategaz"
Bihar [ekainak 4] hasita eta ekainaren 13ra arte ospatuko dituzte ibarrangelutarrek Gorpuzti Jaiak. Bazkari herrikoiaren ostean, txapel jaurtiketa txapelketa egingo dute lehendabiziko aldiz. Ohiturazko jarduerak herritar "guztientzako" prestatutakoekin uztartuko dituzte aurtengo gorpuztietan.
Urteko lehenengo egun beroekin batera, ate joka dago ibarrangelutarrek letra gorriz gorde ohi duten datarik esanguratsuenetako bat: Gorpuzti Jaiak hastear daude. Udalerriko ospakizun nagusiek herritar, udatiar zein bisitariak biltzen dituzte urtero-urtero, eta aurten ere ibarrangelutarren “erantzuna aparta izatea” espero dute udal ordezkariek.
Bihar [ekainak 4] hasiko da biraka gorpuztin gurpila, eta hilaren 13ra arte, hurrengo zapatura bitartean, ez da geldituko. Artean, sei eguneko egitarauaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute Ibarrangelura bertaratzen direnek. Jaien gailurra aste honetako eta hurrengo zapatuak izango dira, baina bestelako egunetan ere egongo da zertaz gozatu.
Sendo errotutako ohitura da Gorpuzti Jaiei poteo giroan eta bat eginda hasiera ematea. Horrenbestez, bihar herriko tabernak izango dira jaien epizentro, eta Fuzanken musika izango da poteoaren gidari.
Barikuan iritsiko da txupinazoaren une hunkigarria, Elixalden. Hori orduko, baina, Lagako hondartzan hitzordu berezia edukiko duten bizitza osoa itsasoagaz loturik egindakoek: marinuen eta arrantzaleen urteroko talde bazkaria egingo dute Toki Alain. Iluntzean, txupinaren ondoren, dezibelen txanda izango da, eta egiteko horren ardura edukiko dute, hurrenez hurren, Orkesta Elektrotxarangak, Radio Guerrillak eta Luhartz erromeriak.
Zapatuko egitarauak goizetik gauera arteko eskaintza izango du, eta aurreratu dute herritarren “adin, gustu eta profil” guztietara doitzeko saiakera egin dutela aurten ere. Ohiko modura, Bermeoko Erraldoiak izango dira kalejira girotuko dutenak, Gazteak txistulari taldeagaz batera. Kalejira horrek frontoia izango du helmuga, bertan herri bazkaria egingo baitute.
Herri bazkariak “170 lagun inguru” elkartuko ditu, zapatu honetan
Ibarrangelutarrek “ederto” erantzun diote antolatzaileen deialdiari, eta “170 herritar inguru” elkartuko dira bazkaritarako. Bazkalosteko musika eta dantzaldi giroari, aurten, jaietako berrikuntza nagusia bilduko zaio: txapel jaurtiketa txapelketa. Antolakuntzatik argitu dutenaren arabera, mahaigainekoari “zerbait berezia baina erroduna” gehitzeko asmoz bururatu zaie txapel jaurtiketa lehia antolatzea: “Bazkaldu ondorengo tartean guztiek egiteko zerbait eduki zezatela gura genuen; alegia, dantza egin nahi duenarentzako dantzaldia dagoen neurrian, bestelako jardueraren bat ere antolatu gura genuen, mahaigainekoari berrikuntzaren bat gehitzeko”.
Jesarrita eta geldirik geratu barik, jaia udal pilotalekutik Elixaldera lekualdatuko da iluntzean, bertan Josepa Kale Kale taldeak bere emanaldia hasiko baitu; kantuaren eta dantzaren koordenatuetan mugituko da, eta haregaz ere herritarrek edukiko dute gorputza astintzeko aukerarik.
Domekan, ohiturari eutsiz, herriko txistularien dianagaz emango diote ondoetorria egunari. Lorea dantza taldeko kideen dantza saioa, hori ere herriko jai eta ekitaldietako ezinbesteko osagaia, izango da eguerdia girotuko duena. Gaztetxoenek, gainera, jolas puzgarriak izango dituzte arratsaldez, frontoian.
Etortzeko dagoena.
Asteburu bete-betea izango da bidean dena, baina Gorpuzti Jaiek jarraipena edukiko dute hurrengoan ere. Besteak beste, jaietako paella txapelketa herrikoia eta esku pilota partidua edukiko dituzte menuan, “herritar asko eta asko haien pentsuan edukitzen dituzten hitzorduak”.
EGITARAUA
Bihar, Gorpuzti Eguna.
12:00. Meza santua, San Andres elizan.
12:30. Trikipoteoa tabernaz taberna, Fuzanken musikak girotuta.
Etzi, barikua.
15:00. Marinu eta arrantzaleen talde bazkaria, Lagako Toki Alai jatetxean.
20:00. Txupinazoa.
Ondoren. Orkesta Elektrotxarangaren emanaldia.
20:00. Radio Guerrilla taldearen kontzertua.
00:00. Luhartz erromeriaren kontzertua.
Ekainak 6, zapatua.
13:00. Kalejira, Bermeoko Erraldoiekin eta Gazteak txistulari taldeagaz.
15:00. Herri bazkaria, udal pilotalekuan.
17:00. Trikiti eta pandero saioa, bazkalostean.
17:30. Txapel jaurtiketa txapelketa.
19:00. Josepa Kale Kale musika taldea, Elixalden.
23:00. DJ Imanol Budha Bilbao-ren musika saioa.
Ekainak 7, domeka.
10:00. Diana, herriko txistulariekin.
11:00. Meza santua, San Andres elizan.
Ostean. Lorea dantza taldearen dantza saioa.
17:00. Umeentzako jolas puzgarriak, udal pilotalekuan.
Ekainak 12, barikua.
19:00. Gautegiz Arteagako Abesbatzaren emanaldia, Elixalden.
Ekainak 13, zapatua.
12:00. Jaietako paella txapelketa herrikoian parte hartzeko izen ematea.
14:00. Txapelketarako paellen aurkezpen.
17:30. Esku pilota eta pala partiduak, udal pilotalekuan, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak antolatuta: umeak binaka,
gazteak binaka eta emakumezkoak palaz.
19:00. Gizonezkoen elite mailako binakako esku pilota partidua, udal pilotalekuan: Jaka eta
Morgaetxebarria Larrazabalen eta Landaren kontra.
20:00. Beti Jai Fanfarrearen emanaldia, Elixalden.
23:00. DJ Koeten musika emanaldia.