Jaien egutegi udatiarraren hurrengo geltokia: sanbartolomeak, heltzear
San Bartolome jaien usaina hartzen hasiak dira Errenterian, Busturian eta Bedaronan.
Udak bere bidea aurrera darrai, eta urtearen sasoi honetan zerbait partikularra baldin bada, han-hemen ospatzen dituzten jaien puritasuna da. Ospakizun egutegi udatiarraren hurrengo txandaren lekukoa San Bartolome jaiek hartuko dute. Eskualdeko hainbat txokotan ospatuko dituzte ospakizunok eta, esate baterako, jai nagusiak izango dira Errenteriako auzotarrentzat.
Gernika-Lumon, Lurgorrin hasi zuten ospakizun uriola, San Lorentzo jaiekin; ostean etorri ziren Gernikako Andra Mari eta San Roke jaiak; orain, errenteriarrei egokitzen zaie auzoko egun berezienak bizitzea, San Bartolome jaiekin. Domekatik [abuztuak 23] zapatura [abuztuak 29] bitarteko lau eguneko jai egitaraua prestatu du udalak. Domekan, jai hasierari dagokion txupinazoa 20:00retan izango baldin bada ere, lehenago ere egongo da zer egin; mus txapelketa herrikoiak zabalduko du egitaraua, eta osteko txistorra janak.
Lehiarako izen ematea 16:30ean egin beharko da, eta bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Sariei dagokienez, garaileek txapela eta izen ematetik jasotako diruaren %40 jasoko dute; bigarren sailkatuek, diruaren %30; hirugarren eta laugarrenek, hurrenen hurren, %20 eta %10. Lehen jai jardunaldia Rainman DJren musikak biribilduko du, txupinazoaren ostean.
Astelehena [abuztuak 24] izango da jaietako gailurretako bat: San Bartolome Eguna. Goizetik gauera, jardueraz betetako eguna izango da auzo osoarentzat. Gazteak txistulari taldearen dianak emango dio ondoetorria egunari, eta txistu hotsak, dantzaz lagunduta, jarraipena edukiko du mezaostean: Elai Alai Dantzari Taldeak Uriko Aurreskua dantzatuko du, erraldoi eta gargantuadun kalejira orduko. Arratsaldean, afizionatu mailako txirrindularirik puntakoenak hurreratuko dira Errenteriara, Lehendakari Torneoko 75. San Bartolome Sari Nagusia lehiatuko baitute, 16:00retatik aurrera; Bizkaiko Txapelketa ere hartuko du proba horrek.
Gurpilen lehia ez ezik, besoena ere hartuko du arratsaldeak. 18:00retan, pultsu txapelketa herrikoia egingo dute. Hiru kategoria egongo dira: gizonezko eta emakumezkoen kategoria libreak eta 85 kilotik gorako gizonezkoena. Horietako bakoitzean, garaileak txapela eta 50 euroko dirusaria jasoko du; bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 30 eta 20 euroko sari ekonomikoak. Ume zein gaztetxoak ere ez dituzte ahaztuko: Xaiborren diskofesta berriaz, Imitaezina Tour izenekoaz, gozatzeko aukera edukiko dute, gozoki banaketa eta guzti. Barikuan, Okara jauzia egin, eta estropadagaz abiatuko dute eguna, pintxopotearen eta Unholy Covers taldearen emanaldia baino lehen. Azken horie 80ko hamarkadako “hard rock eta heavy metal abestien bertsio jaia” eskainiko dutela aditzera eman dute.
Zapatuz, jaiak biribilduko dituen bigarren egun handiaren txanda izango da. Tortilla eta paellarik gozoenak zeinen eskuetatik ateratzen diren ikusteko eguna izango da. Paella txapelketarako osagaien hautaketa “librea” izango den arren, tortilla txapelketan “sei arrautza, patatak eta, gura izanez gero, kipula” baliatu beharko dira. Epaileek “zaporea eta itxura” kontuan hartuko dituzte. Halaber, aurreratu dute mahaien alokairua 50 eurokoa izango dela. Paella zein tortilla txapelketen garaileek txapela eta 50 euroko saria jasoko dituzte; bigarren sailkatuek, 30 euro; hirugarrenek, aldiz, 20 euro. Izen ematea 12:00etan egin beharko da.
Ordu horrexetan, Kalapitakako kideek kalejira emango dute. Arratsaldean, berriz, Laidatik Errenteriako piragua zeharkaldiaren txanda iritsiko da. Lagunarteko zeharkaldia izango da, “lehiaketarik gabekoa“. 15:00retan, Idigatik Laidako hondartzara autobusez joango dira, eta ordu bi ingururen ondoren amaituko dute ibilbidea, Errenterian bertan. Piraguen jabeek 15 euro ordaindu beharko dituzte; piragua alokatu behar dutenek, 25 euro. Begiraleen “laguntza eta asistentzia” edukiko dituzte parte hartzaileek. Izen ematea Twente tabernan egin behar da, eta 55 laguneko muga du.
Piraguei harrera egiteagaz batera, kukaina hasiko da, ibaiertzean. 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta 10 euroko izen emate prezioa edukiko du. Hiru ikurrina egongo dira: azpikoa (100 euroko saria), ezkerrekoa (80 euro) eta eskumakoa (50 euro). 17:00etan hasiko da lehia, eta izen ematea “10 minutu lehenago” egin beharko da; behin proba hasita, “ez dute” izen emate berririk onartuko. Era berean, partaide bakoitzak ikurrin eta sari bakarra jaso ahalko du.
Baita Bedaronan eta Busturian ere.
Bedaronarrek, beste urte batez, auzolanean, herritik eta herrirako prestatu dituzte San Bartolome jaiak. Astelehenean, mezaostean, zanpatzarren jaitsierak eta Latxiñe ardi txirristaren irekierak abiatuko ditu jaiak. Eingo taldea arduratuko da eguerdi aldean herritarrak dantza eta kantu betean jartzeaz. Jai batzordeak, gainera, Bedarolekaren eta Kanala Beach-en laguntza edukiko du, txinga eroate txapelketa antolatzerakoan.
Arratsaldean, gaztetxoeneko Ibibiren poniekin dibertitzeko aukera edukiko dute, bolatokia jaien epizentro bihurtu orduko: bolo jokalari trebeena zein den ikusi ahalko da, 19:30ean. Kantu poteorako deia edukiko dute jarraian bedaronarrek, eta gaualdia Grafiti taldek argituko du. Hori bai, gauerdira arte ez da etxera joaterik egongo: txirrindu bat zozkatuko dute orduan.
Busturiko San Bartolome auzoan, domekan egingo dute astelehenerako beroketa saioa: Joxe Mendizabalen erromeriak girotutako sardina janean bilduko dira, iluntzez. Herritarrek, euro bakarragatik, bost sardina dastatzeko aukera paregabea izango dute. San Bartolome Egunez, herriko txistularien hotsak inauguratuko du egitaraua. Eguerdian, paella txapelketa egingo dute; 12:30ean ipini dute izena emateko zita. Batzuek kozinatu artean, besteek dantzez gozatuko dute, hain zuzen, Irrintzi Alai Dantza Taldearen eskutik. 14:30ean jakin ahalko da paellarik onena norena den, bazkari herrikoia orduko. Arratsaldez apar jaia edukiko dute umeek, gazteluagaz batera.