"Elai Alai pregoilari izatea ezustean iritsi da, baina errekonozimendu modura ulertzen dugu"
Elai Alai Dantzari Taldeak irakurriko du aurtengo Andra Mari eta San Roke jaietako pregoia, barikuan [abuztuak 14]. Pregoia hiru belaunalditako kideren artean irakurtzea aurreikusten dute; horietako bi Egoitz Atxikallende eta Maite Izagirre gernika-lumotarrak dira.
Elai Alai Dantzari Taldeari uste baino urtebete lehenago iritsi zaio Andra Mari eta San Roke jaietan, Gernika-Lumoko ospakizun plazarik azpimarragarrienean, pregoia irakurtzea. Hurrengo urtean, mende bateko bidea beteko du eskualdeko herri, auzo, kale eta bazter oro dantzan ipini ohi duen dantza taldeak. Beraz, taldekideek “apur bat ezustean” hartu dute pregoia irakurtzeko ardura. Edozelan ere, “ohore handia” izango da, Egoitz Atxikallende eta Maite Izagirre dantzari gernika-lumotarrek diotenez. Belaunaldi biren isla argi dira biak ala biak, eta, hain zuzen, belaunaldi arteko zubitik irakurriko dute pregoia, taldearen lehen hamarkadak bizi zituen beste kide bategaz batera.
Zelan hartu duzue pregoilari izateko aukera?
Egoitz Atxikallende: Taldearen mendeurrena 2027an izanik, hurrengo urtean suertatzea espero genuen. Ezustean, lehenago iritsi da, baina taldearekiko errekonozimendu modura ulertzen dugu.
Maite Izagirre: Ehungarren urtemuga dela eta, saretze lanei helduta gaude, hurrengo urtea oso berezia izango baita; alde horretatik, pregoilari izatea lan edo prozesu horren gailur polita litzateke. Edozelan ere, urteurrenaren ospatze urtearen abiapuntu modura ulertuko dugu. Pregoia botatzeak badu taldea sortu zutenekiko eta hamarkadaz hamarkada beharrean ibilitakoekiko eskertzatik ere, alegia, ez gara egun gabiltzanoz bakarrik ari.
Maite Izagirre: “Pasealekuaren egoeraz mintzoko gara: herriaren bihotza eta taldearentzako ezinbesteko espazioa da”
Pregoia mezuak aireratzeko mihisea izan ohi da sarri. Zuonaren zertzeladarik aurreratzerik bai?
E.A.: Aldarri nagusienetako bat hizkuntzaren aldekoa izango da: euskaraz bizi gara, euskaraz dantzatzen dugu, eta euskara da Elai Alairen oinarri funtsezkoenetako bat, are gehiago, harekiko bizi dugun oldarraldi egoeraren aurrean. Edozein kausa dela eta jaietan egon ezingo diren herritarrei buruzko aipamena ere egingo dugu. Jakina, ez dugu alferrik galduko gernika-lumotarrak prestatzen ari garen ekimenetara gonbidatzeko aukera, asko eta ederrak izango baitira.
M.I.: Pasealekuaren egoeraz ere mintzoko gara: herriaren bihotza eta taldearentzako ezinbesteko espazioa da. Pasealekua bizirik, euskaraz, inongo bereizketarik gabe, modu seguruan eta guztientzako zabalik ikusi gura dugula aldarri egingo dugu. Horrez gain, dantzari berari keinu egin nahi diogu: jaiak eta dantza eskutik doan binomioa da. Hortaz, herriari dantzatzeko deia luzatuko diogu: bakarka zein taldean, trebeago edo baldarrago, oratuta edo solte, baina dantzatzeko.
Egoitz Atxikallende: “Aldarri nagusienetako bat hizkuntzaren aldekoa izango da: euskaraz bizi gara, euskaraz dantzatzen dugu, euskara da Elai Alairen oinarri funtsezkoenetakoa”
Zein da Elai Alai Dantza Taldearen egungo erradiografia?
E.A.: Taldea osasuntsu dago, parte hartze aldetik. Beti dago hobekuntzarako tarterik, baina hamaikatxo motibo daude pozarren egoteko. Batetik, talde nagusia daukagu; bestetik, asteroko dantza ikastaroak, hiru mailatakoak. Umeen taldeak ere ez ditugu ahaztu behar: zortzi dauzkagu, bakoitza hamabost lagun inguruz osatuta. Guztira, asterokotasunean 150 lagun inguru pasatzen dira lokaletik. Alde horretatik, faltan botatzen dugu udalak edo pareko instituzioek guri dantza egiteko gehixeago deitzea, gu haien atzetik ibili beharrean.
M.I.: Deitu zein ez, argi dagoena da urte osoan presentzia agerikoa daukagula han-hemen. Udalerriko eremu denetako jaietan dugu tokia: Agarren, Lurgorrin, Lorategietan, San Joan Ibarran, Gernikan zein Errenterian. Ez hori bakarrik: aratusteetan, Busturialdeko haurren nahiz nagusien Dantzari Egunetan Euskal Jaian edota San Joan suetan ere ibiltzen gara, inguruko udalerrietako plazetan ere. Urte osoan zehar, 35 dantzalditik gora egin ohi ditugu.

Genero arteko banaketa zelakoa da talde barruan?
M.I.: Arlo horretan dago egiteko lanik handiena: emakumezkoak oraindik gizonezkoak baino aldea gehiago dira. Inguruko beste dantza talde batzuetan ere arrakala hori dagoela dioskue, baina zer pentsatua ematen du. Horregaz batera, gaztetxoenak erakartzea da erronka esanguratsuenetako bat, aisirako aukera geroz eta gehiago baitaude.
E.A.: “40 urtez azpiko herritar asko dantzarekiko urrunduta bizi dira; gutxi izango dira beren herrian hiru dantza autoktono dituztela dakitenak”
Herritarren aldetik taldearekiko atxikidura sumatzen al duzue?
E.A.: Bai. Adinez nagusi samarrak direnek aintzatesten dute gehien, baina, oro har, taldearekiko errekonozimendua eta maitasuna egon badaudela uste dugu. Kontua da 40 urtez azpiko herritar asko eta asko dantzarekiko oso urrunduta bizi dela; adibidez, gutxi izango dira beren herrian hiru dantza autoktono dituztela dakitenak. Beste herri askotan, pentsaezina litzateke dantzaldia egin ohi den plazan erakusketa bat ipintzea, esaterako. Baina geurean ikusi eta bizi izan dugu hori. Iruñeko sanferminetan, inork ez luke onartuko Udaletxe Plazan erakusketa bat jartzerik, txupinazoaren egunean; inork ez lituzke Mundakako inauteriak Atorrak eta Laminak barik onartuko. Dantzarekiko errespetu eta eta begirune hori aldarrikatzen dugu guk. Ondare hori dena jagotea herritarron eta udalaren ardura da, eta gu ere geure aletxoa ipintzen saiatzen eta saiatuko gara.
M.I.: Aurten, inauterien bueltan, entseguak eta dantzaldiak herritarrei zabaldu genizkien, eta dezente izan ziren parte hartzera animatu zirenak. Jaietan ere, beste hainbeste: San Roke eguneko Larrain dantzak jarraipena edukitzen du. Beraz, bai, herritar askoren aldetik errekonozimendua dugula esan daiteke.
M.I.: “Udalerriko eremu denetako jaietan dugu tokia: Agarren, Lurgorrin, Lorategietan, San Joan Ibarran, Gernikan zein Errenterian”
Txupinazoaz harago, jaietako maparen luze-zabalean zuon orubetxoa izango duzue.
E.A.: Bai. Andra Mari eta San Roke egunetan, hurrenez hurren, Erregelak eta Uriko aurreskua dantzatuko ditugu, mezaostean. Hilaren 16an, gainera, Ikurrinari omenaldian parte hartuko dugu, eguerdian. Iluntzez, Larrain dantza herrikoia egingo dugu, Juan Kalzadan barrena.
M.I.: Horrez gain, aipatu beharra dago Lurgorriko jaietan dantza egin berri dugula, eta Errenteriakoetan ere izango garela. Hilaren 24an, San Bartolome egunez, dantza saioa egingo dugu, mezaostean.
Zelan bizi dituzue jaiak? Data intentsoak al dira zuontzat?
M.I.: Noski. Ilusio handiz hartzen ditudan egunak dira, denetarikoekin ospatzen ditudalako: izan lagun, izan senide, izan dantzakide. Dantza taldea txosnen parte denez, gainera, jaien hezurduran erabat integratuta nago; oso partaide sentitzen naiz.
E.A.: “San Roke eguna jai egun handien arteko zubi eguna zen duela zenbait hamarkada, baina egun pisu handia hartu du”
Zer litzateke zuontzat egitarautik galdu ezinezko ekitaldi hori?
M.I.: Dantzagaz lotutakoak albo batera, Seber Altube Auditorioko bertso saioaz gozatu ohi dut gehien: ez dut inoiz bertara hutsik egiten. Horrez gain, Pasealekuko kontzertuak eta su artifizialak gustuko ditut.
E.A.: Nik San Roke eguna azpimarratuko nuke, bere horretan. Duela zenbait hamarkada, jai egun handien arteko zubi eguna zen, baina egun pisu handia hartu du, besteak beste, sukalki txapelketagaz eta bazkari herrikoiagaz.
Jaiak, egun argiz ala mozoloen pare?
E.A.: Adinean aurrera egin ahalak, egunak tokia irabazi dio gauari; gurago dut egunez kalera jo, goizeko ordu txikiak arte luzatu baino. Gainera, Gernikako jaiei Lurgorrikoen ostean heltzen diegu, eta Errenteriakoen aurretik. Beraz, dantza taldekook irailean hartzen dugu benetako atsedenaldia.
M.I.: Ba, biak. Dantza taldeak egunez kaleratzea dakarkigu, baina gauez ibiltzea ere gustatzen zait. Batzuetan lo gutxigaz baldin bada ere, hala egunaz, nola gaualdiaz gozatzen saiatzen naiz.