Dantzarik gabeko jairik ez baitago
Hasi da musika eta, haregaz batera, baita dantza ere. Dantzarik gabeko jaia urik gabeko iturriaren pare da. Horren jakitun, herria dantza betean ipintzeko asmo argiz, abian dira Andra Mari eta San Roke jaiak. Aurten, ia mende bateko bidea bete duen Elai Alai Dantzari Taldeari egokitu zaio jaiei hasiera ematen dien txupinazo ekitaldiko pregoia irakurtzeko ardura. Atzo [abuztuak 14] egin zuten taldearen hiru belaunaldi gorpuzten dituzten Maite Izagirrek, Egoitz Atxikallendek eta Rosa Elena Bilbaok.
Beste urte batez, eguerditik ordu txikitara, gogoangarria izan zen atzoko Bezperada Eguna gernika-lumotar guztientzat. Poteo giroan eman zioten hasiera egunari; 13:00etan, bestalde, euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko elkartasun argazkia egin zuten, Seber Altube Auditorioko eskaileretan, Eguerditik arratsaldera bitartean, ohiko modura, lagunarte zein kuadrillak bazkaritarako elkartu ziren. Bezperada, hain zuzen, urte osoan bidelagun direnak eta jaietarako espreski herriratzen direnak aglutinatzen dituen egun seinalatua da; hala, udalerriaren luze-zabaleko taberna, txoko zein jatetxeak kuadrillaz lepo ageri ohi dira.
20:45ean heldu zen egunaren gailurra. Andra Mari elizako Salvearen ondoren, jaiei hasiera ofiziala ematen dien txupinazoaren eta osteko jaitsieraren unea iritsi zen. Herriko dantza talde zaharrenaren kideek, pregoiaren irakurketan, 1927az geroztik “ohiturak, herria eta hizkuntza” gordetzeko eginiko ahalegina plazaratu zuten; ez bakarrik egun dantzari dabiltzan belaunaldiena, “baita bidea hasi zuten haiena” ere. Egun zeresan handiena hauspotzen ari den herriko gunea ere ez zuten ahaztu: Pasealekua. “Herriaren eta dantza taldearen bihotza” da eremu hori; Pasealeku inklusiboa, euskalduna, bereizketarik gabekoa eta dantzazalea aldarrikatu zuten. Ildo horretatik, Gernikako Gaztetxearen aldeko pankarta eta mezuak ere ez ziren falta izan.
Oldarraldi soziala jasaten ari den euskararentzako berbak ere eduki zituzten dantzari eta pregoilariek: “Dantza egin euskaraz; horixe da dantzatzeko erarik eder eta originalena. Oldarraldi guztien gainetik, gu geurera!”. Herriko jaietan egon ezin direnen pentsuan eta jaietan “inongo erasorik” onartuko ez dutela argituta, herriari dantzarako erritmoa erakutsi zioten, eta, erritmoa ez ezik, dantzarako deia ere luzatu zuten: “Egun hauetan, gozatu eta dantza egin: binaka edo taldean, oratuta edo soltean, baina beti ere libre eta beldurrik gabe!”.
Txupinak zerura jo eta jarraian egin zuen herriak Merkurioranzko aldapan behera, Makazaga eta Adiskideak txarangen doinuak girotuta. Ohiturari jarraiki buruhandiak eta erraldoiak ere ez ziren falta izan, Gernika Rugby Taldearen eskutik. Kalerik kale dantza betean ibilita, Foru plazan biribildu zituzten kalejira eta dantzaldia. Gauez, zuzeneko musika gehiagoz gozatzeko aukerarik egon zen, baina: San Joan Ibarran zein Pasealekuan.