"Helburua argia da: Bizkaiko Txapelketa etxera eroan gura dut"
Ugaitz Arrietak urteko helburu handietako bat ate joka du. Astelehenean [abuztuk 24], etxeko errepideetn lehiatu du, Bizkaiko Txapelketa hartuko duen 75. San Bartolome Sari Nagusian.
Argazkia: San Romango Jaiak. Ugaitz Arrieta momentu eztian dago, behetik gorakoan. 23 urteko muxikarrak gazte mailan ekin zion bi gurpilen gainean lehiatzeari, duela bost urte. Mendiko bizikletan egin zituen bere lehen urratsak, eta zelan gainera: hainbatetan izan da Bizkaiko bizkorrena, takodun gurpilen alorrean. Errepidera jauzia egitea falta zitzaion jarraian, eta salto hori dastatzen dabil aurten: Suurne Bilbao Cycling Team talde sortuberriaren koloreak defendatzen dabil, emaitza azpimarragarriekin; berriki, etxeko proban, Muxikako 49. San Roman Sari Nagusian, tarteko helmugen sailkapena irabazi du. Orain, urteko helburu nagusienetako baten atarian dago.
Mendizidorretatik asfalto gainera aldaketa egin duzu aurten, zelan doa moldatze prozesua?
Mendi txirrindularitzan hainbat talde esanguratsutatik pasatuta, errepideko ekosistema zelakoa zen ikusteko kuriositatea nuen, eta, momentuz, gustatzen ari zait: gozatzen nabil. Egia esan, dezentetxo gara mendia abiapuntu izanik errepidera aldatu garenak; San Romango lasterketaren irabazle Vicent Zaragoza ere, urrunago joan barik, bere lehen urtea egiten ari da asfalto gainean. Esango nuke errazagoa dela menditik errepiderako transformazioa egitea, alderantziz baino.
“Aurtengoa ikaspen urtea da, eta, hurrengoari begira, kalitate jauzia egiteko intentzioa dut”
Elite adinean eta afizionatu mailan zabiltza, baina egungo txirrindularitzan gazte mailako izarrak zuzenean profesionalekin lehiatzera igarotzen ari dira, tarteko afizionatu etapa bazter utzita.
Bai, baina dinamika hori beste hainbat kiroletan ere suma daiteke. Junior mailan oso ondo dabiltzanek, oro har, egundoko maila dute, baina haiengan ipintzen den presioa ere itzela da. Taldeak emaitzak ahalik eta bizkorren zukutzen saiatzen dira. Nire ustez, erabateko izarra izan ezean, komenigarria da afizionatuetan urte pare bat egitea. Neuri dagokidanez, aipatutako presio hori ez dut hainbeste igarten: txirrindularitza pasioz bizi dut, buruko min handirik gabe, eta ez dut amets handietan pentsatzen.

Arrieta, San Roman Sari Nagusian.Oscar Blanco
Menditik etorrita, tropel handiren barruan igarriko zenuen urduritasun edo tentsiorik.
Iaz egin nituen lehen lasterketak errepidean, eta orduan bai sentitu nuen tentsio hori: postu onak lortzeko zailtasunak nituen, eta tropelaren sabelean joate hutsak bihotz taupadak pila bat hauspotzen zizkidan. Aurten, baina, Suurne Bilbao taldeak asko lagundu dit: bai taldekideek eurek, bai lantalde osoak. Beldurra atzean uzten nabil, eta orain gai naiz tropelaren barruan disfrutatzeko ere.
“Gogoa nuen mendiko probetan neukan maila errepidean islatzeko gai izango ote nintzen ikusteko”
Zein helburugaz zabiltza lehian egun?
Funtsean, ikastea. Gogoa nuen mendiko probetan neukan maila errepidean islatzeko gai izango ote nintzen ikusteko, eta horrexetan nabil. Aurtengoa ikaspen urtea da, eta, hurrengoari begira, kalitate jauzia egiteko intentzioa dut.
Zelako taldea da Suurne Bilbao?
Lehen urteko taldea izanik, oraindik behar handia dago egiteko. Hori bai, lantalde polita eta egundoko prestutasuna duena topatu dut. Alde teknikotik asko laguntzen digute, eta txirrindularioi familia handi baten pare sentiaraztera eroaten gaituzte. Ziklista gazteak eta eskarmentu handikoak uztartuta daude, eta horrek solidotasuna ematen dio multzo osoari. Oro har, oso eroso eta gustura nabil.
Zein egutegi egin duzu aurten?
Sasoiaren lehen hilabeteetan Espainiako Kopan oinarritu nituen indarrak; taldeak bederatzi probako egutegitik zazpi lehiatu ditu, baita Espainia mailako lasterketa nazional garrantzitsuak ere. Ondoren, bai Euskaldun, bai Lehendakari txapelketetan buru-belarri gabiltza. Ez hori bakarrik: etapakako itzulietan presentzia izaten ahalegindu gara; Nafarroakoa, Bidasoa, Madrilgoa, Zamorakoa edota Gaztela-Mantxakoa lehiatu ditugu. Itzuli horietan aritzea oso garrantzitsuak izan direlakoan nago.
Zer dela eta?
Alde fisikotik, egun batetik bestera lehiatzeak maila nahiz errekuperazioa hobetzen laguntzen duelako. Horrez gain, talde modura kohesioa jorratzeko balio duelako. Taldekideekin hurbil-hurbil hainbat egunez egoteak talde sentimena sendotzen da; elkar hobeto ezagutzeko lagungarria da.
“Asteleheneko ibilbideko bazter bakoitza inork baino hobeto ezagutzen dut, eta hori neure alde baliatzen saiatuko naiz”
Eta denboraldi amaiera honi begira, zein asmo duzu?
Azken lasterketak falta zaizkigu, iraila bitarte; baina oraindik ere helburuak ditugu aurrez aurre. Horietatik esanguratsuena hurrengo asteleheneko lasterketa izango da: Errenteriakoa. Bikain ezagutzen dudan proba da eta, gainera, aurten Bizkaiko Txapelketa hartuko du. Beraz, helburua argia da: Bizkaiko Txapelketa etxera eroan gura dut. Etxean lehiatzeak egundoko motibazioa ematen dit, eta uste dut neure maila ere hazi egiten dela.

Arrieta, San Roman Sari Nagusian.Oscar Blanco
Helburua zorrotz trazatu duzu, baina zeure burua aukera errealekin ikusten al duzu?
Bai. Behintzat, neure esku dagoen guztia egingo dut. Ibilbideko bazter bakoitza inork baino hobeto ezagutzen dut, eta hori neure alde baliatzen saiatuko naiz. Garaipena, oso gaitza izan arren, ez da ezinezkoa. Aurtengo ibilbidea gogorragoa eta selektiboagoa izango da; hori probesteko asmoa dut.
Zelako lasterketa aurreikusten duzu?
Oso gogorra. Bizkaiko Begiratokira egin beharreko bi igoeretako lehenengoa gako izango da, tropelean lehen galbahea pasatzeko; azken selekzioa bigarren pasaeran helduko da. Azken kilometroetan, horrelako ibilbidea edukita, edozer gerta liteke: lagun bakarra ihes eginda iristea edota txapelketa taldetxo bateko esprintean erabakitzea. Aukeran, nik neuk gurago nuke bakarrik helmugaratu.
San Romango etxeko helmugan ez zinen lehena izan, baina bai tarteko helmugen lehian.
Orain dudana baino sasoi apur bat txarragoan nengoen orduan. Tarteko lehen helmugak tropelean postu txukunean harrapatu ninduen, eta azken orduan erabaki nuen bertan esprintatzea. Hura irabazi ondoren erabaki nuen sailkapena bete-betean lehiatzea; hurrengo tarteko helmugak ere irabazi nituen gero.
“Muxikako lasterketan oso maitatua sentitu nintzen; egun hori ez dut bat-batean ahaztuko”
Podiumera igotzea ederra da edonon lehiatuta ere, baina are ederragoa etxekoen aurrean izanez gero.
Hori da. Gainera, azken kilometroetan taldelanean ibili nintzen eta, beraz, San Romaneko azken koskako helmugaratzea lasaitasun osoz egin ahal izan nuen, momentua dastatuz. Mendata edota Ariatza inguruetan ere etengabe entzun nuen neure izena, zaleen ahotan. Oso maitatua sentitu nintzen; egun hori ez dut bat-batean ahaztuko.

Arrieta, San Roman Sari Nagusian.Oscar Blanco
Hurrengo urtera begira, non dago hobekuntzarako arrakala?
Bada, lan kontuak direla eta, bi aste etxean eta beste bi Portugalen egin behar izaten ditut; horrek entrenatzeko denbora pila bat kentzen dit, eta, horrenbestez, planteatzen ari naiz txirrindularitzan eta neure buruan zentratzeko urtebete hartzea. Bizikletari sekula ez diot eskaini urte oso bat esklusibitatez, eta erabaki hori, gaur-gaurkoz, mahai gainean dago.
“Profesional mailara saltoa ez da ezer. Momentuz, ez dut urrats hori irudikatzen”
Profesional mailara saltoa ametsa da, ala buruhaustea?
Profesional mailara saltoa ez da ezer. Momentuz, ez dut urrats hori irudikatzen. Egun, jauzia gazteagotan egin ohi da, eta, alde horretatik, ez dakit berandutxo ez ote den. Txirrindularitzaz harago, ikasketei eta lanari esangura handia eman izan diet beti, eta horiekin ere asko gozatu dut. Hortaz, kirol jauzi hori, momentuz, ez dut planteatu ere egiten.