Sari bikoitza Errenteriako helmugan: 75. San Bartolome Sari Nagusia eta Bizkaiko Txapelketa
Errenteriak San Bartolome Sari Nagusiaren 75. ekitaldia hartuko du, datorren astelehenean [abuztuak 24]. Afizionatu mailako goi mailako tropela aurreikusten dute, aurtengo aldiak Bizkaiko Txapelketa ere erabakiko baitu.
Afizionatu mailako tropela denboraldiko azken-aurreko hilabetean sartua da, baina badira oraindik helburu eta jomuga handiak. Horietako bat hurrengo astelehenekoa [abuztuak 24] izango da, Errenteriak, bertako San Bartolome jaietako ospakizun giroan bete-betean sartuta, urteroko 23 urtez azpikoen lasterketa hartuko baitu: San Bartolome Sari Nagusia. Gernikesa Txirrindulari Elkarteak antolatutako probak 75 urteko ibilbide biribila beteko du aurten, eta goi mailako partaidetzagaz omenduko dute hori.
Hain zuzen, Lehendakari Torneorako proba puntuagarria izateaz gain, afizionatu milako Bizkaiko Txapelketa ere erabakiko da eskualdeko errepideetan. Parte hartzea lasterketaren esanguraren isla argi eta garbia da. Izan ere, gaur-gaurkoz, 150 lagun inguru aurretiaz izena emanda daude, eta tropela 200 lagun ingurukoa izango da.
Errenterian egongo direla aurreratu dutenen artean, besteak beste, Benjamin Noval asturiarra dago; MMR Academy etxeko asturiarra etorkizuneko izar handienetako izateko merituak egiten ari da. Berez, gazte mailako adinean dago, baina dagoeneko World Tour mailara, alegia, profesional mailako kategoria gorenera jauzia egiteko hitzarmena sinatua du NetCompany-Ineos etxeagaz. Errenterian, tarteko kategorian, hau da, afizionatu mailan, neurtuko ditu indarrak.
Lehendakari Txapelketako behin-behineko sailkapenari begira ere egongo da zeresanik. Torneoa bilribiltzeko hitzordu gutxiren faltan, BBK-Euskadi taldeko Aimar Galdos da egungo liderra, 62 puntu patrikan dituela; atzetik ditu, hurrenez hurren, Eiser-Hirumet etxeko Aimar Quintana, 51 puntugaz, eta Finisher-Kern Pharmako Markel Gonzalez, 34gaz.
Ibilbide berritua.
Zerbait izatekotan, lasterketa irekia izan da Errenteriakoa: talde txiki zein ertainetako esprintetan erabaki izan da, baina ihes eginda ere helmugaratu izan dira garaileak. Izan ere, orain arte ez du eduki lasterketa txikitzeko bezainbesteko mendate azpimarragarririk; ibilbidea, hori bai, gorabeheraz josia eta zinez teknikoa izan da. Aurten, baina, txirrindulariek ibilbide gogorragoa eta selektiboagoa topatuko dute.
Bizkaiko Begiratokiko azken pasaeratik helmugara 22 kilometro baino ez zaizkie geratuko, gehienak beheranzkoak
Lehenik eta behin, hiru itzuli egin beharko dituzte Ajangiz, Marmiz, Zarrabenta eta Arratzun barrena, 16:00retan irteera hartuta; barruti horrek 125 kilometroko probaren lehen 46ak beteko ditu. Helmugako hirugarren pasaeran, gainera, eguneko estreinako tarteko helmuga topatuko dute. Probaren bigarren zatian iritsiko zaie ziklistei benetako azterketa: birritan bira egin beharko diote Astorkigana eta Bizkaiko Begiratokia mendateak barnebiltzen dituen barrutiari; lehen eta bigarren biren tartean topatuko dute, helmugatik pasatzerakoan, bigarren tarteko helmuga.
Mendiko sailkapenari dagokionez, Bizkaiko Begiratokitik egingo dituzten pasaera bietan erabakiko da, bai Errenteriatik Marmizerako igoera, bai Ibertxutik Astorkiganarakoa ez baitira puntuagarriak izango. Bizkaiko Begiratokiko azken pasaeratik helmugara 22 kilometro baino ez zaizkie geratuko parte hartzaileei, gehientsuenak beherazkoan. Irabazlea 18:30ak eta 19:00rak bitartean jakitea aurreikusten dute antolatzaileek.