Inoiz baino tortilla eta gilda gehiago
San Lorentzotxu egunez, Lurgorriko kale eta bazterrak sukalde ibiltari bihurtu dira gaur [abuztuak 11]: tortilla eta gilda txapelketa herrikoia egin dute, orain arteko parte hartzerik handienagaz.
Lurgorriko auzotarrek gorputza eta ahots kordak mugituz abiatu zituzten atzo [abuztuak 10] San Lorentzo jaiak, izan mendi martxagaz zein Elai Alai Dantza Taldearen saioagaz eta mendi martxagaz, izan Urdaibai Kantagunearen emanaldi, irrintzi lehiaketa zein bertso saioagaz. Beraz, gaurkoan [abuztuak 11], San Lorentzotxu egunez, tripazorriak asetzea eta indarberritzea egokitu zaie herritarrei. Goiz-goizetik, asko eta asko izan dira auzunearen luze-zabaleko kale, bazter eta izkinetan beren tokitxoa hartu dutenak, eguerditik aurrera lehiatu duten tortilla eta gilda txapelketarako prestatu asmoz.
Gogoangarria izan da aurtengo aldia, ze, antolatzaileen arabera, orain arteko parte hartze langa oro gainditu dute. 151 kuadrilla animatu dira aurten beren tortillak zein gildak kozinatu eta aurkeztera. Antolakuntzak urtez urte parte hartzaile kopurua “hazten” doala adierazi du; osasuntsu dago, horrenbestez, sanlorentzoetako sukaldaririk trebeena zein den erabakitzen duen lehia herrikoia. Bestalde, azpimarratu dute parte hartzaileen arteko belaunaldi aniztasuna “esanguratsua” izan dela: “Nagusi zein gazte animatu dira; hori polita eta garrantzitsua da”.
Egun handia da gaurkoa, goizetik goizaldera bitartean egongo baita zer egin eta zertaz gozatu. Arratsaldeon, besteak beste, ume “eta ez hain umeek” jolasteko “beste modu bat” izango dute: Zurezku egurrezko jolasekin. Ondoren, Kittu musika taldeak edukiko du auzoa girotzeko eta gaualdirako beroketa lanak egiteko ardura. Gauean, izan ere, Sueder, Skabidean eta Altxaporru erromeria taularatuko dira Lurgorrin, DJ Elepuntoren saioak jaiak biribildu orduko.
Garaileak.
Lehia txapelketaren erdigunea ez izanagatik ere, epaimahaiak lanai izan ditu lehen hiru tortillarik onenak zeintzuk izango erabakitzerakoan. Hain zuzen, azaldu dute aurkeztutako proposamenen alde bisuala, testura eta zaporea eduki dituztela kontuan, epaia egiterakoan. Azkenean, Gaseosa taldea suertatu da garaile tortilla txapelketan, hurrenez hurren, Al Aire eta Kemian taldeen aurretik. Gildarik onenaren saria Izarrak Bat taldeak jaso du.
Garbitasuna lehiaketaren ardatz handietako bat izanik, lagunarterik garbiena Kaparrak izan da kozinatzerko orduan; originaltasunaren sariak, azkenik, Kukuieku taldearen aldera jo du. Lehen hirurek ez ezik, ondorengo hamabi kuadrillek ere saritxoa jaso dute antolatzaileen aldetik.