Gernikako Gazte Egun "erreibindikatzaileena" deitu du Egurre Gazte Asanbladak
Egungo gaztetxearen "azken gazte eguna" izan daitekeela-eta, horren defentsaren aldeko "borrokara bideratuagoa" egongo den Gernikako Gazte Egunean batuko dira gazteak zapatuan [irailak 10].
Azken urteetan egin bezala, Egurre Gazte Asanbladakoek iraileko hitzorduari eutsi diote, eta Gernikako Gazte Eguna antolatu dute zapaturako [irailak 19], “herriko gazteek elkarrekin sozializatu eta batzeko” helburuagaz. Festarako eta ondo pasatzeko aukera egongo bada ere, beti bezala egunari “zentsu politikoa” eman nahi izan diote deitzaileek, are gehiago aurten, “gaztetxearen azken gazte eguna” izan daitekeen honetan: “Ziur asko ezingo dugu beste gazte egun bat gaztetxe honetan egin, eta horregatik, aurtengoa erreibindikatzaileena eta borrokara bideratuagoa izango da nolabait”.
Eguerdian poteoagaz hasi eta ordu txikitara arte luzatuko den egitaraua prestatu dute gaztetxean bertan. 14:30ean gazte bazkarian batuko dira; “100-150 pertsona inguru” elkartzea aurreikusten dute: “Bazkarien ohitura galduz doala uste dugu, lan asko egin behar da jendea bazkaltzera animatu dadin. Gau aldera bertaratzen da jende gehien”.
Arratsaldean hasita, musikak beteko ditu bai kaleak, bai Pasealekuko Gaztetxea: 19:30ean Txaranga a la mutrikuarra txarangaren txanda izango da eta 21:00etatik aurrera, Fronte Berriak, RTZ Kolektiboak, Altxa Porruk eta MJ DoneRokek hartuko diote lekukoa.
Bazkari edota kontzertuetara joateko asmoa dutenek oraindik tiketak erosteko aukera dute Katu tabernan: bonoa 10 euroren truke eskuratu daiteke eta kontzertuetarako sarrera, 3 eurotan.
Gaztetxearen aldeko kalejira.
Jardunaldiaren momenturik aldarrikatzaileena 18:00etan izango da, Egurre Gazte Asanbladakoek gaztetxearen aldeko kalejira deitu baitute Batu gaztetxien aldeko borrokara! lelopean: “Kaleetan gaztetxea presente egotea bilatu dugu, baina ez genuen nahi beste manifestazio bat izatea; horregatik, horren formala izango ez den kalejira deitu dugu, kaleak hartzeko beste modu bat baita”.
Gernikako gaztetxea “huste arriskuan” dago ekainaz geroztik. Lehenengo saiakerak bertan behera gelditu ostean, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak iragarri zuen gazteak “kaleratzeko prozesura administratiboa” martxan jarri zuela udalak, bigarren gutun bat helaraziko zietela jakinaraziz. Egurrekoek dagoeneko jaso dute jakinarazpena: “Alegazioak aurkeztu ditugu gaztetxearen hustea ahalik eta gehien atzeratzeko, baina badakigu arrazoia nori emango dioten. Guk oraindik ez dugu huste-agindua jaso, eta ez dakigu noiz helduko den baina irailaren amaieratik edo urriaren hasieratik izatea aurreikusten dugu”.
Gorroñok “negoziaziatzeko prest” dagoela esan bazien ere, gaur gaurkoz komunikazio bide guztiak “itxita” daude: “Udaletxera joan gara, telefonoz deitu diegu udaleko hainbat ordezkariri… Ez dute hitzik egin nahi. Gu entzuteko prest dagoela esan zuen, istorio honetako txarrak bagina bezala aurkeztu gintuen, baina bera da negoziazio honetan ezer egiten ez duena”.
Udalak gaztetxearen hustea “bide legalatik” eramatetik zerbait ona ateratzearren, gazte eguna gaztetxean egiteko “lasaitasuna” eman diela nabarmendu dute. Izan ere, kartela “nahikoa berandu” atera dute eta antolakuntza lanak isilean egiten aritu dira, ez zutelako gaztetxean egin ahalko zuten bermerik.
Gaztetxea “arriskuan” ikusteak “asanblada indarberritzea” eragin du: “Bultzada eman digu; pertsona gehiago hurbiltzen dira eta jendea motibatuta ikusten da. Asanblada indartu du eta egoera nahikoa ona da orain”.
EGITARAUA:
– 13:00. Poteoa.
– 14:30. Bazkaria eta kafea.
– 18:00. Batu gaztetxien aldeko borrokara! kalejira.
– 19:30. Txaranga a la mutrikuarra txaranga.
– 21:00. Kontzertuak: Fronte Berria, RTZ Kolektiboa, Altxa Porru erromeria eta MJ DoneRoke.