
Eatarrak San Joan jaien unerik berezienetakora, berezienera ez bada, iritsi dira gaur [ekainak 26]: Erreka Egunera. Ohiturazko ategainekoa herriko txoko guztietara eroanez abiatu dute eguna, arratsaldean errekara salto egin orduko.

2,2 milioi euroko inbertsioagaz, "integralki berritu" dute Lantegi Batuak-ek Txaporta auzunean duen zentroa. Muntaia elektromekanikoetan espezializatuta, 147 lagun daude bertan beharrean, horietako 36 Zerbitzu Okupazionalean.

Bihartik uztailaren 4ra bitartean ospatuko dituzte San Pedro jaiak. ETE ligako Elantxobeko Andran Ikurriña lehiatuko dute bihar, estreinako.

Sanjoanak atzean uzteagaz, sanpedroen dinamiketan bete-betean sartuko da eskualdea. Jaia izango da nagusi egunotan Bermeon, Lumon, Mendatako Marmiz zein Zarrabenta auzuneetan eta Ibarrurin. Herritarren arteko gordeleku dira jaiok, besteak beste, han-hemen atondu dituzten herri bazkariak tarteko. Hori bai, denetariko txapelketa, kirol jarduera, mokadu zein dantza saioak aurreikusita daude.

Uztailaren 5era arte, San Pedro jaietako jarduerez gozatuko dute mundakarrek. Udalak eta herriko kultur taldeek auzolanean ondu dute jaietako egitaraua. Adin denetako herritarrak aintzatetsiko dituzte: haur, gazte, nagusi eta helduei bereziki zuzendutako jardueraz osatuta egongo dira jaiak.