Beroari ura, jaiari erreka
Eatarrak San Joan jaien unerik berezienetakora, berezienera ez bada, iritsi dira gaur [ekainak 26]: Erreka Egunera. Ohiturazko ategainekoa herriko txoko guztietara eroanez abiatu dute eguna, arratsaldean errekara salto egin orduko.
Egunotako bero itogarriari aterabiderik onena eman diote gaur [ekainak 26] eatarrek: urez erantzutea. San Joan jaietako ospakizunetan bete-betean sartuta daude herritarrak, hilaren 19az geroztik, eta jaiak ez du etenik edukiko bihar [ekainak 27] arte. Gaur, egun osoko jai giroa eduki dute herritarrek, eguerditik hasi eta gaualdia bitarte.
Usadioari jarraiki abiatu dute ospakizuna, ohiturazko ategainekoa dantzatuz. Tokiko dantza herrikoi horren xehetasuna da dantzariak ate baten gainean dantza egin behar duela, eta ate hori, hain zuzen, lepotan hartzen dute, protagonista gainean dela; udalerriaren bazter batetik bestera eroaten dute ategainekoa, Donibane plazan hasi eta amaituta, bertan direnak nahiz leiho zein balkoietan itxaroten dietenak alaitu asmoz. Ohiko modura, jarraipen polita eta jendetsua eduki du dantza emanaldi ibiltariak, eta herritarrak herrigunean han-hemen ibili dira, eguerdian.

Ondoren, atsedenarako paradarik gabe, herriko jaien egitarauan erabat errotuta dagoen Ardoa Barrura fanfarrea arduratu da ospakizunari dagokion jarraipena emateaz. 13:00etan ekin diote musikaz girotutako kalejirari, bazkalordua bertaratu arte. Arratsaldean, 18:00rak inguruan, iritsi da egunaren gailurra. Jaietako azkenaurreko jardunaldi honi, hain zuzen, Erreka Eguna deitzen diote askok, arrazoi argi eta garbia tarteko: herritarrek errekara salto egiten dute, hondartzarainoko bidea ibaiaren ibilguan barrena egiteko.

Eako herrigunea goitik behera, hegotik iparrera, zeharkatzen du errekak, eta halaxe zeharkatu dute gaurkoan eatarrek. Batak bestea blaituz eta kantu bete-betean, itsasertza eta hareatza izan dira ur kalejira partikular horren helmugak, baina inolaz ere ez jaiarenak eta sanjoanetako parranda aldartearenak. 21:00retan, Patxangoi elektrotxaranga kaleratuko da, eztarrian oraindik indar apurren bat dutenak kantu bizian ipini asmoz. Gauerdian, berriz, Hmndik etxera! DJ sesioak biribilduko du jaia. Bihar [ekainak 27], biharamunari auzonalez aurre egiteko deialdia dute herritarrek, jai batzordeak txosnagunea elkarlanean desmuntzatzeko deialdia luzatu baitu, 17:00etan.