Lantegi Batuak-ek zentro berritua du Txaportan
2,2 milioi euroko inbertsioagaz, "integralki berritu" dute Lantegi Batuak-ek Txaporta auzunean duen zentroa. Muntaia elektromekanikoetan espezializatuta, 147 lagun daude bertan beharrean, horietako 36 Zerbitzu Okupazionalean.
Giza kohesioa, integrazio soziala, laneratzea eta ongizatea uztartzen dituen Lantegi Batuak-ek zentro berritua du Gernika-Lumoko Txaporta auzoan. 2,2 milioi euroko diru inbertsioa eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Garapen, Jasangrritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza tarteko, goitik beherako “berritze lan integrala” egin diote eraikinari, bertan diharduten behargin eta erabiltzaileen beharrizanetara doituta eta egunean-egunean daukazten dinamiketara egokituta.
Egun, zentroan 147 lagun ari dira lanean, horietako 36 Zerbitzu Okupazionalean. Muntaia elektromekanikoa du ardatz beraien lanak; langile gehienak “eskualdekoak edo ingurukoak” dituzte. Zerbitzua ematen dieten berezo zerrendan, berriz, Plastibor (Gorlan Taldea), Arruti Group, Ormazabal (Velatia Taldea), MESA (Schneider Electric Taldea), Ibership, Gobesa, Arca edota Ulma Taldea moduko sektore elektrikoko etxe multinazionalak daude.

Berritze beharrekin, espazioak berregituratzea eta “oinarrizko” irizpideak ahalik eta egokien betetzen direla bermatzea bilatu dute, gaur [ekainak 26] egin duten bisitalde irekian Lantegi Batuak-en ordezkariek azaldu dutenez: “Irisgarritasunean, segurtasunean eta eremuen funtzionaltasunean txertatu dira hobekuntza nagusiak”. Beheko solairua, ekoizpen kateen espazioa hartzen duena, “berritu” egin dute; lehen solairua eta bertako jarduera gelak, aldagelak eta janlekua, ostera, “birmoldatu”.
Obren noranzkoari dagokionez, argitu dute lan arloak “optimizatzea” eta bai ekoizpen eskakizunetarantz, bai energia eraginkortasuneratz “aurrera egitea” izan direla berritzeko funtsezko zergatiak. Azken alde horretatik jaso dute, hain zuzen ere, Jaurlaritzaren aipatutako laguntza: instalazio termikoaren berrikuntzekin lagundu die.
Txaportako zentroan beharrean diharduten langileez harago, Lantegi Batuak-etik azpimarratu dute Busturialde osoan “beste 51 pertsona” laneratzen dituztela: “Horiek hala lorezaintza, nola garbiketa lanak egiten dituzte eskualdeko hainbat ekipamendutan, tartean, Busturiko Udalean, Madariaga Dorretxeko Ekoetxea Urdaibain, Mundakako IFAS egoitzan, Olabe zein Kaltzada egoitzetan, Centro Urdaibai udalekuetan, Bermeoko Ospitale Psikiatrikoan eta Gorabideren nahiz APNABIren eguneko zentroetan”. Jardun horren adierazleetako bat da, horrenbestez, Lantegi Batuak-ek Gernika-Lumo mailan egun sortzen duen Gizarte Balio Integratua: 3,48 milioi eurokoa izan zen iaz.
Lana eta elkarbizitza.
Erakundeak, bere interes talde esanguratsuenen artean, honakook ditu: “Desgaintasuna duten herritarrak, beraien familiak, administrazio publikoak, berezeroak eta hornitzaileak”. Hala, guztien arteko katea “ahalik eta eraginkorren” lotzen saiatzen dira, egunerokotasunetik abiatuz. Lan katea ez ezik, zentroan daudenen arteko “elkarbizitzarako” katea da Lantegi Batuak. Hori dela eta, hainbat dira autonomia lantzeko egiten dituzten jarduerak: “Musikoterapia, arte terapia, irakurketa erraza eta, barikuetan, sukaldaritza“.

Azken hori da izaera autonomoaren erakusle argienetako bat. Talde bi daude, egun, ostiraletako sukaldaritza tailerretan. Kozinatzearen atzean dauden “alderdi guztiak beraien kabuz” ontzen dituzte: “Errezetak pentsatu, erosketak egin, osagaitarako alderdi ekonomikoa kudeatu, kozinatu eta, azkenik, jakiak guztien artean partekatu”. Parte hartzaileek “begi oso onez” hartzen dute proposamena; aisiak, taldelanak eta autonomiak “eragin erabat positiboa” dute beraien ogibideetan.
Erreferentzialtasunaz.
Lantegi Batuak Bizkai mailan “erreferentziazko” gizarte ekonomia erakunde da egun, 3.300 lagun baino gehiagok osatzen dute, eta horien %80k desgaitasunen bat du. Egokortasuna eta hazkundea iparrorratz, lurraldeko eskualde guztietan presentzia edukitzera iritsi dira: 21 zentro dauzkate eta “bestelako arlo ugaritan” zerbitzua ematen dute. Udalerrira etorrita, ibilbide luzea besteko oparoa egin dute, eta hazkundea guztiz agerikoa izan da.

Hain zuzen, 1977. urtekoa da Gernika-Lumon eratu zuten estreinako zentroa: Pedro Elejalde kalean kokaturik zegoen, eta Aixerrota izena zuen. Hango 21 erabiltzaileetatik Txaportan dabiltzan ia 150etara, hazkundea erabatekoa izan da. 1995ean egin zuten zentroaren lekualdatzera, egun dagoen tokira. Hala, berritze lanak, 30 urteren ondoren, “beharrezkoak” ziren. 2025ean, Lantegi Batuak-ek 60 lan aukera berri sortu zituen, desgaitasuna duten herritarrei zuzenduta; zentro eta zerbitzuen sarean 40 eta enpresa arruntetan 20. Negozio zifra 112 milioi eurokoa izan zen iazko ikasturtean; %14ko hazkundea eduki zuten, eta 3,2 milioi euroko inbertsoa egin.