San Pedro jaiak, tradizioaren eta herritarren arteko lokarrien gordailu
Sanjoanak atzean uzteagaz, sanpedroen dinamiketan bete-betean sartuko da eskualdea. Jaia izango da nagusi egunotan Bermeon, Lumon, Mendatako Marmiz zein Zarrabenta auzuneetan eta Ibarrurin. Herritarren arteko gordeleku dira jaiok, besteak beste, han-hemen atondu dituzten herri bazkariak tarteko. Hori bai, denetariko txapelketa, kirol jarduera, mokadu zein dantza saioak aurreikusita daude.
Zenbait udalerritan jai nagusiak dira sanpedroak, baina askok uste baino leku gehiagotan tokia gordetzen diete herritarrek ospakizun horiei. San Pedro jaiak tradizioaren eta herritarren arteko lokarrien gordailu dira inguruko herri zein auzune ugaritan; hala, usadioa eta herritarrek bat egin dezaten prestaturiko jarduerak izango dira nagusi egunotan Bermeon, Lumon, Mendatako Marmiz nahiz Zarrabenta auzoetan eta Muxikako Ibarrurin.
Lumon, Aixerrota Azpi Txokoko lantaldea osatzen duten gazte zein nagusien eskutik, kalitate eta kantitate jauzia egingo dute San Pedro jaietan: egun biko ospakizun egitarauari hirugarrena erantsiko diote aurten. Odol berriz sendotuta eta osasuntsu daude, horrenbestez, lumotarren jairik azpimarragarrienak.
Jaietako jan-edana abian ipini orduko, txupinazoak leher egin bezain pronto, lumotarrek, gernikarren edota bertaratzen diren inguruko herritarrek izerdi patsetan ekingo diote jaiei. Izan ere, sanpedroetako lehen egunez lehiatuko dute IV. Igoera Herrikoien Ligaren estreinako igoera bertikala: Aixerrotara Igoera.
Korrikalariek Gernikako Pasealekua eta Aixerrota edo Kosnoaga muinoaren tontorra lotuko dituen ibilbideari aurre egin beharko diote. Sari banaketa ekitaldia Lumoko plazak hartuko du. Paellagaz indarberrituko dituzte gorputz nekatuak; eguerdian txokoaren aurrealdean aurkeztu beharko dituzte txapelketa herrikoirako proposamen gastronomikoak.
Egitaraua ontzerako orduan, joandako aldietan ederto funtzionatutako zenbait formula errepikatzea erabaki du aurtengoan antolakuntza taldeak. Esate baterako, Xaiborrek saio bikoitza edukiko du jaietan: alde batetik, gaur bertan zuzeneko emanaldia edukiko du, 20:00retan hasita, Imitaezina Tour 2026 biraren barruan; bestetik, domekako herri bazkaria girotuko du, Lilibertsoko kide Asier Galarza muxikarragaz eta Ibai Amillategi zein Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarrekin batera. Ez da oholtza gainean errepikatuko duen musikari bakarra izango: Apokhalipsis taldeak, iazko modura, errepikatu egingo du gaur, play-back lehiaketaren sari banaketa ekitaldiaren hondarrean.
Bermeotarrei dagokienez, San Pedroren prozesioa izango da jaietako ardatzik esanguratsuena, udalbatzaren parte hartzea edukiko duena. Mendatan, toki batean barik, bitan elkartuko dira herritarrak. Marmizen zein Zarrabentan, herritarrek elkartuko dituzten talde bazkariak izango dira protagonista nagusiak, baina ez bakarra. Izan ere, bihar musean zein briskan onenak nortzuk diren ikusteko aukera egongo da Marmizen. Zarrabentan, ohiturari jarraiki, herritarrentzako ardaua eta gailetak banatuko dituzte mezaostean, etzi.
Ibarrurin ere egun biko ospakizuna edukiko dute; hurrengo astea jai giroan hasiko eta biribilduko dute. Astelehenean, San Pedro egunez, pintxoak dastatuko dituzte plaza ingurura bertaratzen direnek, eta eguerdia igel jokoan trebeena nor den ikusteko baliatuko dute.
Domekan, uztailaren 5ean, Baso Txoritxu Dantza Taldea arduratuko da jaiak girotzeaz. Ondoren, asteleheneko igel jokoari lekukoa emanez, porra txapelketa herrikoia lehiatuko dute, urteroko talde bazkariagaz San Pedro jaiei merezi duten amaiera eman orduko. Porra txapelketa, hain zuzen, Marmizen ere egongo da.
EGITARAUAK
BERMEO
Ekainak 29, San Pedro Eguna.
10:15. Bermeoko Udalbatza udaletxean elkartuko da.
10:30. San Pedroren irudiagaz prozesioa, Goiko Plazatik hasita.
LUMO
Bihar.
12:00. Jaien hasierako txupinazoa.
13:00. Aixerrotara Igoera (IV. Igoera herrikoen Ligaren lehendabiziko lasterketa), Arrolape Mendi Klubak antolatuta.
14:15. Paella Txapelketa herrikoirako paellen aurkezpena, Aixerrota Azpi txokoaren aurrealdean.
16:00-16:30. Mus Txapelketarako izen ematea, plazako txosnan.
16:30. Mus Txapelketa.
18:00. Ume eta gaztetxoen txokoa: Ibairen jolasak.
19:30. Txokolate janaldia.
20:00. Xaibor Diskofesta: Imitaezina Tour 2026.21:30. Adin guztietako herritarrei zuzendutako IV. play-back lehiaketa.
Ostean. IV. play-back lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
23:00. Apokhalipsis taldearen kontzertua.
Etzi.
13:00. Meza Nagusia.
13:45. Elai Alaiko gaztetxoen taldearen euskal dantza emanaldia.
14:30. Talde bazkari herrikoia plazan, Xaiborren musikak eta Lilibertso Bertso Eskolako Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Aitor Etxebarriazarraga bertsolariek girotuta.
18:00. Zaldi proben txapelketa: Ekaitz Erezuma, Jonatan Txertudi eta Rafael Alegria.
Ekainak 29, San Pedro Eguna.
12:00. Meza nagusia.
Ostean. Herritarrentzako hamaiketakoa.
21:00. Jaiei amaiera emateko azken txupina.
MENDATA (MARMIZ)
Bihar.
11:00. Jaien hasiera.
14:00. Bazkari herrikoia.
17:00. Mus eta briska txapelketak.
MENDATA (ZARRABENTA)
Etzi.
12:30. Meza.
Ondoren. Herritarrentzako mokadua: ardaua eta gailetak.
15:00. Lagunarteko bazkari herrikoia, Zarrabentako txokoan.
MUXIKA (IBARRURI)
Ekainak 29, San Pedro Eguna.
11:30. Meza nagusia, abesbatzaren parte hartzeagaz.
Ostean. Pintxo janaldi herrikoia.
13:00. Igel joko txapelketa herrikoia.
Uztailak 5, domeka.
11:30. Meza nagusia, abesbatzaren parte hartzeagaz.
12:00. Baso Txoritxu Dantza Taldearen dantza emanaldia.
Ostean. Umeentzako jolasak.
14:00. Porra Txapelketa herrikoia.
14:30. Talde bazkari herrikoia.