"Bertoko kirolari" lekua eginda datoz aurten sanpedroak Elantxobera
Bihartik uztailaren 4ra bitartean ospatuko dituzte San Pedro jaiak. ETE ligako Elantxobeko Andran Ikurriña lehiatuko dute bihar, estreinako.
Herri arrantzalea da Elantxobe eta, nola ez, itsas zaindarien omenezko jaiak gorriz margotuta dituzte egutegian. San Nikolas jaiak neguagaz ailegatuko badira ere, udako lehen hitzorduetako bat izanik, elantxobetarrek ez diete hutsik egingo San Pedro jaiei. Bihar [ekainak 27] hasi eta uztailaren 4ra [zapatua] bitartean murgilduko dira herriko jai nagusietan, “denentzako” prestatutako egitarau batez gozatzeko gogoz.
Kirola eta batez ere, “bertako kirola” izango dira aurten San Pedro jaietako protagonista; izan ere, horiek bultzatzea “garrantzitsua” dela nabarmendu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak. Hala, KAE2 eta ETE ligetako traineru estropadagaz hasiko dituzte jaiok bihar: gizonezkoek 38. Elantxobeko Traineru Estropada lehiatuko dute, eta emakumeek, ostera, Elantxobeko I. Andran Ikurriña. “Emakumeen ikurrina izango dugun lehen aldia izango da. Atzetik datozen neska arraunlari asko daudela ikusita, arraun taldeak ahalegin berezia egin du aurten. Herriko neskak ditugu Lekeition eta Ondarroan, eta beraientzat ere polita izango da etxean aritzea. Ia datorren urtean guk trainerua uretan daukagun”.
Mikel Retolaza, Enare Muniategi eta Koldo Muñiz bertsolariek hartuko dute estropaden lekukoa eguerdian, portuko tabernetan zehar bertso poteoan ibiliko baitira. Gauez, ostera, Gora Herria erromeriaren erritmora biribilduko dute eguna.
Astelehenean, San Pedro Egunez jarraituko du festak. Meza eta osteko hamaiketakoaren ondoren, Arkupe Sustabiz Kirol Elkartekoek esku pilota partiduak ikusteko batuko dira. Aurrebenjamin, benjamin, haur misto eta nagusi mailetako lau partidu ikusi ahal izango dituzte. Atsedenaldietan, gainera, Leire Astoreka gernika-lumotarrak eta Patxi Bilbao amorotarrak herri kirol erakustaldia eskainiko dute.
Elantxobeko XIII. Pala Txapelketa ere lehiatuko dute astelehenean; Iñaki eta Mikel Ruiz anaiak mendean hartuta, Koldo Berasaluze eta Julen Andikoetxea finalean daude dagoeneko, eta domekan ezagutuko dituzte aurkariak: Iñaki Amias Mautze eta Xabier Laka Ruso edo Jon Telletxea eta Manex Solozabal. Lehen finalaurrekoa Kanalako bizilagunen arteko “partidu oso polita” izan zela nabarmendu du Jon Zameza lehiaketaren antolatzaileak, eta finala edozein izanda ere, halakoa izatea espero du.
Martitzena ere “egun handia” izango da, San Pedro Txiki ospatuko baitute. 13:30ean ekingo diote egunari, portuko tabernetan triki poteoan elkartuta. Arratsaldean, berriz, umeek puzgarriak izango dituzte aukeran. Ontzirik ez dagoela baliatuta, puzgarriak “uretan” jarriko dituzte.
Uztailaren 4an agurtuko dituzte jaiak, Elantxobeko XII. Mendi Martxagaz. 22 eta 11 kilometroko ibilbideak prestatu dituzte eta, beste behin, arrakastatsua izan da izen ematea: leku guztiak bete dira eta, ondorioz, egunean bertan ezingo da izena eman.
Garraio publikoa.
Jai “herrikoiak” direla eta, helburu nagusia jendeak “errespetuz” ondo pasatzea dela dio alkateak. Elantxobe hango eta hemengo herritarrak hartzeko prest dago, baina aparkatzeko egoten diren zailtasunen jakitun, bertaratuko direnei garraio publikoa erabitzeko deia egin diete.
EGITARAUA:
Bihar.
11:00. Traineruen estropada: KAE2 eta ETE ligak.
13:30. Bertso poteoa, portuko tabernatan zehar. Bertsolariak: Enare Muniategi, Mikel Retolaza eta Koldo Muñiz.
22:30. Gora Herria erromeria.
Etzi
19:30. Elantxobeko XIII. Pala Txapelketako bigarren finalaurrekoa.
Ekainak 29,
San Pedro Eguna.
12:00. Meza eta hamaiketakoa.
18:00. Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko esku pilota partiduak: aurrebenjaminak. benjaminak, txiki mistoa eta nagusiak.
Atsedenaldietan. Herri kirol erakustaldia, Sustabiz Fundazioaren eskutik: Leire Astoreka eta Patxi Bilbao.
20:30. Elantxobeko XIII. Pala Txapelketako finala.
Ekainak 30, San Pedro Txiki.
13:30. Triki poteoa, portuan.
17:00. Umeentzako Euskal parkea puzgarriekin, portuan. Uretako puzgarriak jarriko dituzte.
20:00 Musika: Rock Traktor eta The Smoke Dealers, portuko hiru tabernen aurrean.
Uztailak 4, zapatua.
08:30. Elantxobeko XII. Mendi Martxa: ibilbide luzekoen irteera, portutik.
10:00. Elantxobeko XII. Mendi Martxa: ibilbide laburrekoen irteera, portutik.