32. Arrain Azoka abian da
Gaur [maiatzak 23] ekin diote 32. Arrain Azokari, 'Itsasoa zaindu, bizia dastatu' lelopean. Bermeoko Nautika Eskolak 29. Hegaluze Sari jaso du, eta azokagunea herritarren bilgune bihurtu da.
Bermeotarren agendako datarik esanguratsuenetakoa, 32. Arrain Azoka, martxan da. Gaur [maiatzak 22], Lamera parkea udalerriko epizentro bihurtu da, azokagunearen irekiera eta Hegaluze Sariaren banatze ekitaldia tarteko. Bero sapari beren berotasunagaz erantzun diote bertaratu diren herritarrek, 12:00etatik aurrera. Arrain Azokaren hasiera ofiziala Hegaluze Sariaren banaketak trazatu du. Bermeoko Nautika Eskola izan da autengo omendua, eta bertako zuzendaritza eta irakaslego taldeak jaso du saria, ikasleek lagunduta.
Ekitaldian egon dira Nadia Nemeh alkatea, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobez eta eskualdeko gainontzeko gobernu taldeetako kideez gain, baita Eusko Jaurlaritzako nahiz Bizkaiko Foru Aldundiko bestelako karguak ere. Itsasoa zaindu, bizia dastatu lelopean, hasiera aparta eman diote Bermeoko herria eta itsas mundua ezkontzen dituen asteburuari. Nemehk, topagune kulturala zein gastronomikoa izateaz harago, azokak herritarren iruditeria kolektiboa eraikitzerakoan duen esangurari keinu egin dio, azoka “Bermeoren isla” dela nabarmenduta: “Arrain Azoka ez da azoka hutsa; Arrain Azoka Bermeo da”. Alde horretatik, efemeride berezi hori euskararen gordeleku ere badela argitu du: “Arrantzaleen hizkerek eta itsas arloagaz erlazionatutako berbek herriaren ondare kulturala eta jakintza kolektiboa osatzen dituzte”.

Belaunaldiz belaunaldi herriaren “sustrai, ogibide eta izaeraren parte” diren itsas beharginei erreparatu die alkateak, besteren artean, arrantzaleei. Ez hori bakarrik: itsasoaren inguruko balio sinbolikoari buruz ere mintzatu da, askatasunarekin eta herrien arteko elkartasunarekin duen lotura azpimarratuz eta fokua Global Summud flotilla gogoratuz. “Duela gutxi, hain zuzen ere, Bermeoko portuan eduki genuen giza eskubideen alde egiten duen Aita Mari ontzia”.
Nadia Nemeh: “Arrain Azoka ez da azoka hutsa; Arrain Azoka Bermeo da”
Jarraian iritsi da ekitaldiaren gailurra: Hegaluze Sariari dagokiona. Bermeoko Nautika Eskolak bere mende erdiko bidea ospatzen du aurten, eta ibilbide hori guztia aintzatetsi diote gaurkoan. Arrain Azoka elkarteak aitortza publikoa egin gura izan dio arrantza munduan prestakuntzak daukan “funtsezko garrantziari”, itsasoagaz lotutako lanbideetan “prestakuntza anitza eta espezializatua” bermatzen baitu. Garai bakoitzaren eskakizunetara doituz, Nautika Eskolaren “egokitzeko eta berritzeko gaitasuna” goratu dute, etorkizunari begira “ekarpen handiak” egiteko prest dagoela adierazita.

Eskolaren izaera integratzailea ere taularatu nahi izan dute: “Baita emakumezkoen presentzia eta integrazioa modu naturalean sustatu izana ere, tradizionalki maskulinizatua izan den sektore batean aukera berdintasunaren aldeko urrats esanguratsuak eginez”. Ez dute ahaztu tokiko gainontzeko hezkuntza eragileekin “elkarlanean aritzeko eta baliabideak partekatzeko” duen prestutasuna ere: “Hartara, komunitatea indartzen lagundu du urtez urte”.
Karmele San Miguel: “Sari hau azken 50 urteetan zentrotik pasatutako eta haren alde beraien aletxoa ipinitako pertsona guztienganako omenaldi modura ulertzen dugu”
Eskolako zuzendari Karmele San Miguel “hunkituta” agertu da, saria jasotzerakoan: “Egundoko ohorea da Nautika Eskolak Hegaluze Saria Jasotzea, bere 50. urtemugaren bueltan, gainera; ni neu oso harro nago gaur hemen egon ahal izateaz, egun hain esanguratsuan. Sari hau azken 50 urteetan zentrotik pasatutako eta haren alde beraien aletxoa ipinitako pertsona guztienganako omenaldi modura ulertzen dugu; izan ikasle, irakasle nahiz behargin, sari hau den-denena da. Bere bidea abiatu zuenetik, eskolaren helburu nagusia itsas sektorearen etorkizuneko langileei ahalik eta formakuntzarik onena ematea izan da, hala, itsas zein arrantza munduari emandako guztiaren truke zerbait bueltatu ahal izateko. Horrenbestez, aintzatespen hau lan horren saria da”.

Azokagunea, gaurkoan, aldarrigune ere izan da. Hain zuzen, Bizkaiko kontserba eta arrain gazituen sektoreko beharginek elkarretaratzea egin dute Lameran, arlo horretako langileentzako hitzarmen “duina” eskatu asmoz. Apirilaren amaieraz geroztik, mobilizazio egutegian bete-betean murgilduta daude, CEBEKi beren lan baldintzak hobetzeko eskatzeko. Iragan astean [maiatzak 16] Ondarroako Antxoa Egunean ere aireratu zituzten beren eskakizunak, eta eguenean [maiatzak 21] greba eguna eduki zuten. Bihar [maiatzak 23] ere, aldarriagaz aurrera egingo dute, Bermeon bertan: 13:00etan mobilizazioa egingo dute, Lamerako Harrizko Bankuan.
Denetarikoak denentzat.
Domekara [maiatzak 24] bitartean, 32. Arrain Azokak han-hemengo hainbat eta hainbat herritar hartzea aurreikusten du. Izan ere, urtero harrera ederra izan ohi duten ekimenei eutsiko diote aurten, baina berritasunak ere txertatuta. Horietako azpimarragarrienetakoa estreinakoz egingo duten tokiko artisauen gunea da, Pop-Up Kresaltsua izeneko espazio berrian egingo dutena.

Herriko kultur, aisi zein kirol taldeak ere ospakizun asteburuaren partaide izango dira: txistulariak, trikitilariak, dantza taldeak erraldoiak, gaiteroak eta danborrada kalerik kale ariko dira. Etxalak gazte talde euskaltzaleak ere, lehendabiziko aldiz Gazte Egitaraua atondu du biharko, eguerditik iluntzera artean.
Azokaguneko eskaintza zabalari, halaber, Bermeo Tuna World Capitalek eta Urdaibaiko Esentziek antolatutako astun zein txakolin dastaketak batuko zaizkio. Solidaritza Gunean, aldiz, marmitakoa eta hegaluze errea dastartu ahalko dira, eta bertan bildutako dirua gaixotasun arraroak dituzten Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko da. Itsasoak gordetako sekretu oro ahora eroateko aukera egongo da, baina baita sekretu horiez begien bidez gozatzeko ere: Nestor Basterretxea aretoak Itsasoaren sekretuak erusketa ikusgai du.