Mediterraneoko harresiak hausten
Itsas Salbamendu Humanitarioaren ‘Aita Mari’ itsasontziak geldialdia egin du Bermeon. Herritar askok bertako kideen lana eta ontzia bera bertatik bertara ezagutzeko aukera aprobetxatu dute egunotan, Jon Garcia Andonegi boluntario bermeotarraren eskutik.
Mundu berri bat. Bizitza berri bat. Zerotik hastea. Ametsez betetako bidaian abiatu, eta noraezean egon ondoren, nahi ez den errealitatearekin topo egitea. Pateran sartu, eta Mediterraneoan noraezean dauden pertsonak erreskatatzen dituen Aita Mari itsasontzia hamaika bizipen gordinen lekuko izan da. Egunotan, Itsas Salbamendu Humanitarioak egiten duen lan ordainezina bertatik bertara ezagutu dute bermeotarrek.
Jon Garcia Andonegi Aita Mariko boluntario bermeotarra ibili da bisita gidatuak zuzentzen. Bermeon ondo hartu dituzte; herritarrentzako bisitak eskaintzeaz gain, udalerriko ikastetxeetako ikasleak hurreratu zaizkie ontzira, baita udalbatza ere. Bermeon harrera «oso ona» izan dutela azpimarratu du Garciak: «12 urteko umeek erakutsi duten interesak atentzioa eman dit. Galdera asko egin dizkidate. Pasaia Itsas Festibaletik gonbidatuta etorri gara. Ate irekiak Bizkaian eta Gipuzkoan egin ditugu; Bilbotik etorri ginen Bermeora, eta hurrengo asteburuan Pasaiara goaz, eta handik, Portugaletera. Gero, Xixon, Coruña eta Saguntora joango dira, ekainean hasiko duten hurrengo misioa prestatzera».

Garcia 2016an Zaporeak proiektuarekin egon zen Grezian, Quiosen. Bertako kanpamenduetan sukaldean aritu zen beharrean, eta gero, Kataluniako Open Arms gobernuz kanpoko erakundearekin ere egon zen: «Sukaldaria nintzela jakin zuten, eta eurak deitu zidaten. Misio bat egin genuen; Golfo Azzurro ontzian, bi egunetan, 500 pertsona inguru erreskatatu genituen. Aita Marirekin ez dut misiorik egin, baina boluntarioa naiz, beti nago edozertan laguntzeko prest». Izan ere, berak esan modura, euren lana ere «beharrezkoa da», lehorreko lana ere garrantzitsua da: «Atzean ere jendea behar da; nire lanpostua profesionalizatu egin da, tripulazioan sartuta dago, eta ni boluntarioa naiz».
Aita Mari ontziaren transformazio prozesu osoan egon zen, Pasaian, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu ontziaren zirrikitu denak, ikusten direnak zein ikusten ez direnak. Arrantzontzia egokitu behar izan zuten, funtzio berrirako prestatu. Gaur egun, behean bi kamarote dauzka, komuna, dutxa, biltegi txiki bat eta fotokazetariarentzako mahaia eta ordenagailua. Goian dauzka, besteren artean, bina komun eta dutxa, garbitegia eta erizaindegia: «Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz, itsasontzia erostea lortu genuen, Jaurlaritza inplikatu egin zen, baina, gogoratzen dut Espainiako Gobernuaren baimenak jasotzeko, lauzpabost hilabetez itxaroten egon ginela». Hasieratik, beraz, hainbat trabari eta oztopori aurre egin behar izan diete: «Erreskate ontziek erreskate-guneetatik urrun mantendu nahi gaituztenek inposatutako milaka trabari aurre egin behar diegu».
Azaldu dutenez, gaur egun, Italiak portu segurua eskaintzen du erreskatea egin bezain laster, baina bertan geratzea galarazten die, arriskuan dauden beste ontzi batzuk hartzea galaraziz. Gainera, erreskatetik hurbilen dagoen portua esleitzeko agintzen duen nazioarteko zuzenbidea urratuz, Italiako Gobernuak urrutiko portuak eskaintzen dizkiete. Adibidez, Aita Mariren hamahirugarren misioan, bost egunez bidaiatu behar izan zuen Ravennara, Italiako mendate urrunera, 1.700 kilometrotara: «Estrategia bat da erreskate ontziak urrun mantentzeko eta gure baliabide ekonomiko urriak kaltetzeko. Misio horretan, bi erregai-tanga bete ziren, 40.000 euroko gastua suposatuz».

Itsas Salbamendu Humanitarioko partaideek zehaztu bezala, erreskatatutako pertsonak eurentzat ez dira migratzaileak ezta errefuxiatuak ere, eskubide osoko pertsonak dira: «Guretzat gure gonbidatuak dira». Itsasontzian sartzen direnean, uretan erreskatatzen dituzten momentuan ematen dizkieten txalekoak kentzen dituzte, eta lesio edo gaixotasunen bat baldin badaukate, medikuarengana bideratzen dituzte. «Batzuk hiruzpalau egun igarotzen dituzte barkuetan, ontzien arabera, eta batzuk erredura larriekin etortzen dira, lehenengo graduko erredurekin. Garrantzitsua izaten da medikua edota erizaina emakumezkoa izatea, eta gehienetan horrela izan da hemen; izan ere, erreskatatu ditugun emakume asko bortxatuak izan dira».
Zapore gazi-gozoko momentuak izaten dira. Izan ere, hainbat emoziok bat egiten dute; batetik «poza» sentitzen dute, erreskatatzen, laguntzen ari direlako, eta bestetik, egin nahiko ez luketen misioan ari dira, ez dutelako nahi inork horrelako egoerak bizitzerik: «Jendeak migratzeko horrelako oztoporik ez litzateke egon beharko, bizi hobe baten bila dabiltzalako. Denok emigratu dugu, orain eta iraganean. Normalean, Europara heltzen denarentzat ez da saiakera egin duen lehenengo aldia. Jende asko hiltzen da bidean. Mediterraneoa bada hilobia, baina basamortuan ere jende asko hiltzen da. Esaterako, Libiako herritarrek kontatzen dituzten istorioak beldurgarriak dira; tratu txarrak, bortxaketak, estortsioak… ». 70-80 pertsonarentzako lekua daukate: «Aita Mariren azkenengo misioan, 35 pertsona erreskatatu zituzten».

Aita Marikoek noraezean dagoen ontziren bat ikusten dutenean, Erromako kontrol-gunera deitzen dute, bertatik portu bat esleitzeko: «Eurek ematen digute baimena. Gure erreskate eremua Maltarena da, baina Maltak ez du ezer jakin nahi; gu ere ez gaituzte bertan nahi, sartzen ere ez digute uzten. Ni egon nintzenean, Maltan eduki genuen basea. Italiak baimena ematen digu, baina bertako itsas salbamenduko ontziak ez dira erreskateetara ateratzen. Uste dut italiar bakarra dagoela; gehienak Alemaniako gobernuz kanpoko erakundeak dira, eta Frantziakoak ere badaude».
Denak ontzi barruan daudenean, kit-ak banatzen dizkiete: mantak, arropak, janariak, mahai-tresnak… Eta dutxatu egiten dira. Jakiak eta gainontzekoak dohaintzetatik eskuratzen dituzte: «Jatekoa sobera edukitzen dugu. Esate baterako, Hotz Zarautz pertsona errefuxiatuen eta beraien eskubideen alde lanean diharduen gobernuz kanpoko erakundeak laguntzen digu». Hamalau pertsonak osatzen dute tripulazioa: «Legeak zortzi kide finkoak izatera behartzen gaitu: kapitaina, bi ofizial, makineriako burua, sukaldaria eta hiru marinel, eta sei boluntarioak dira hiru erreskatatzaile, erizaina, medikua eta fotokazetaria.
Portura iristen direnean, nahiko ez luketen errealitatearekin topo egiten dute: «Portura iristen garenean, ematen du presoak daramatzagula, dena poliziaz beteta egoten da. Eurek ez dakit zer datorkien, eta guk ere ez diegu esaten. Paperak lortzeko, asko borrokatu behar dute. Asilo eskaera gezur edota asmakeria galanta da. Gehienei ukatu egiten diete; gai konplexua da». Bermeotarraren hitzetan, Europako herrialdeak «gero eta lege zurrunagoak eta murriztaileak» egiten ari dira, eta ondorioz, erreskatatzen dituzten pertsonei «gero eta etorkizun ilunagoa» geratzen zaie.
